Norton klub: Bartzelonan ondutako kluba

Norton klub: Bartzelonan ondutako kluba https://www.gaztezulo.eus/albisteak/norton-klub-bartzelonan-ondutako-kluba/@@download/image/64p9-1_1365625689.jpg
2006/06/02
elkarrizketa
Proiektu berezia eta berritzailea da Norton Klub. Mikel Gorosabel "Norton" EH Sukarra taldeko gitarra jotzaile eta kantari ospetsua da taldearen arima. Horrez gain, "Kale artean" —taldearen lehen diskoa— ekoitzi duen Barne Records diskoetxearen arduraduna ere bada. 

Zergatik jarri diozu "Kale artean" izenburua taldearen lehen diskoari?
Hiru urte inguru eman ditut Bartzelonan, eta oso esperientzia aberasgarria izan da. Bartzelonan ibilaldi luzeak egiten nituen, kalez kale, pentsatuz, amets eginez... atmosfera ezberdin asko ditu Bartzelonak. Hortik dator "Kalez kale" izenburua.

Hendrix, Joplin, Morrison, Bowie, Clash… Horiek denak al dabiltza Norton Klubean?

Joplin-ena izan zen nire eskuetara heldu zen lehen kasetea. Ondoren, hiru "j"-en istorio tristearen berri izan nuen: Janis Joplin, Jimmy Hendrix eta Jim Morrison. 27 urterekin zendu ziren musikariena, alegia. Gero Eric Claptonen kasetea eskuratu nuen, eta lo egiteko jartzen nuen, oso doinu polit eta lasaiak iruditzen zitzaizkidalako.

Jauzi handia dago talde horietatik ondoren erreferentzia bihurtu zitzaizkizun Sex Pistols, Clash eta abarretara.

Gaztaroko talde kutuna izan nuen Sex Pistols: punka, inkonformismoa, energia… Gurasoak lanean zeudenean, institutuan piper egiten genuen eta etxera joaten ginen. Hantxe, aitak Ipar Euskal Herritik estraperloan erositako "grundig" stereoan topera entzuten genuen Sex Pistols... Gero Bowie eta Clash heldu ziren, eta azkenik, musika elektronikoa. Horrela da, beraz: horiek denak dabiltza Norton Klub-ean.

Proiekzioak egiten dituzue kontzertuetan, zer lortu nahi duzue irudi horiekin?

Zenbait kantutan, abestietako hitzak hobe uler daitezen erabiltzen ditugu, eta beste batzutan, atze-ohial interaktiboa izango balitz bezala. Momentuan bertan proiektatzen ditugu irudiak, vj-en bitartez, Iruñeko Trifassik kolektiboaren eskutik.

Mikel eta Aintzira anaia-arrebak elkarrekin ari zarete proiektu honetan. Beste anaia, Aitor, Su ta Gar-en ari da. Familian  odolean daramazue musika…

Etxean beti izan dugu kantatzeko eta musika tresnak jotzeko ohitura: pianoa, txirula, gitarra... Gaur egun gaita asturiarra ere jotzen da familian, ilobak Gijon-goak baitira. Hamalau urte nituela, arreba Amaiak gitarra bat ekarri zuen etxera, eta orduan hasi nintzen gitarra ikasten, ordurarte pianoa jotzen bainuen gehienbat. Gero Aitor ere ikasten hasi zen, garai hartan, asko jo genuen elkarrekin.

Zer moduz EH Sukarra?

Orain, Norton Klub sendotzea eta finkatzea da nire helburua: laster, Barne Records-ek Norton Klub-en bigarren diskoa aurkeztuko du. Ondoren, EH Sukarraren zazpigarren diskoa prestatzen hasi nahi nuke.