Norman Mailer: AEB-etako burrunba hotsa

Norman Mailer: AEB-etako burrunba hotsa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Norman Mailer: AEB-etako burrunba hotsa
Azaroaren 10ean, Norman Mailer idazle eta kazetari estatubatuarra hil zen, 84 urte zituela. Argilunez, sari eta porrotez betetako bizitza izan zuen Mailerrek. Ez zen isilik egon, eta besteak bere aurrean isilik ez egotea lortu zuen.
Judutarra zen Mailer, Brooklyn-ekoa. Harvardeko unibertsitatean ikasi zuen, eta hemezortzi urte zituela argitaratu zuen lehen narrazioa. Soldadu ibili zen Bigarren Mundu Gerran. Bertan ezagututakoa The Naked and the Dead eleberrian bildu zuen, eta hain zuzen ere, nobela hark bihurtu zuen ospetsu: AEBetako eleberririk onenetakoa da, askoren ustez. Ondorengo bi nobelek, ordea, porrot egin zuten.
Zinema gidoilari, artikulugile eta kazetari, Pullitzer saria jaso zuen bi alditan Mailerrek. Baina, sariekin batera, kritika ugari ere bai. Mailerrek, izan ere, AEBetako sistema eta gizartea salatu zituen. 1967an, Vietnamgo gerraren kontrako manifestazioetan parte hartzeagatik, atxilotu egin zuten. Politika munduan ere sartu-irtena egin zuen: Alderdi Demokrataren New Yorkeko alkategai izateko lehiatu zen 1969an, baina bere hautagaitzak ez zuen aurrera egin.
Norman Mailerrek polemika izan du beti lagun. Gehiegi edaten zuen. Sei alditan ezkondu zen, eta matxista ospea zuen. 1960an, labankada eman zion emazteari. Hilketarengatik zigortutako preso baten baldintzapeko askatasunaren aldeko kanpaina lagundu zuen 1980an; preso hark, baina, beste pertsona bat hil zuen libre geratu eta berehala. Handik urte batzuetara, hartaz galdetuta, idazleak bere burua biluztu zuen: «Nire bizitzako pasadizoetako batzuetan ez dut ezer atseginik eta harro egoteko moduko ezer topatzen; haietakoa da hori».