Normaltasunera itzultzeko beldurrez

Normaltasunera itzultzeko beldurrez Koronabirusa gainditu ostean, beste munstro batzuei aurre egiteko prest ote gaude? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/normaltasunera-itzultzeko-beldurrez/@@download/image/GettyImages-1137065130-650x406.jpg
2020/05/05
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Koronabirusa gainditu ostean, beste munstro batzuei aurre egiteko prest ote gaude?
Normaltasunera itzultzeko beldurrez

Mundua seko gelditu da ia bi hilabetez, eta dena ez da txarrerako izan. Arnasa hartu, etxeaz gozatu eta gertukoak zaintzeko aukera izan dugu; hausnartu, ondo lo egin, kozinatu, zaindu eta geure bizitza birpentsatzeko garaia izan da. Orain, badirudi pixkanaka normaltasunerako bidea hasi dugula, baina... ez badugu normaltasun horretara itzuli nahi?

Ziur inork ez dituela egunotan faltan bota kotxe ilarak lanerako bidean, goizeko 7:00ak aldera erdi lo eta gaizki gosalduta korrika eta presaka irten ondoren; azkar batean jan, eta lanera, arratsaldea ere mila gauzetan galdu eta gau partean leher eginda etxera itzultzeko. Telebista aurrean minutu gutxitan ahaztuko duzun afaria azkar batean irentsi, eta lotara. Hurrengo egunean berriro hasteko.

Ados, denen errutina ez da bera izango, baina ziur egunotan lasaiago bizitzeko aukera izan duzuela denok; guzti honen aurretik, egunek ziztu bizian egiten zuten ihes, eta soilik opor egunekin eta asteburuekin egiten genuen amets. Bitartean, denbora faltaz kexu ginen, etengabe gauzak erosiz dirua xahutzen genuen bitartean. 

Bizitza pribilegiatua genuela uste genuen, baina beharbada ez zen horren perfektua. Egunotan haurrak kalera ateratzen hasi direnean, gurasoak haiekin jolasten ibili dira lehen egiten ez zuten bezala. Kaletik ez dugu mugikorrera pega egindako zonbirik ikusten; Tabernan sartuta ibili ordez, korrika egitera ala paseatzera irten gara. Honen aurretik ia ez genuen lagun askoren berri; orain, guztiok gaude aurpegi ezagunak ikusteko eta elkar besarkatzeko irrikaz.

Itxialdiak bizitzaren benetako altxorrak agerian utzi dizkigu; orduan, zergatik normaltasunera itzuli? Ez ote da normaltasun berri bat eraikitzeko garaia? Denbora berreskuratu dugu, eta harekin benetan zer egin nahi dugun ikusi dugu. Besterik gabe galduko ote dugu berriro?

ETORKIZUNAREN BELDUR

Koronabirusaren krisiak ekonomikoa ekarriko du ezinbestean, eta horri lotuta antsietate eta depresio tasa altuak etorri daitezkeela iragarri dute adituek. Baina ekonomia arriskuan badago, beharbada sistemarik egokiena ez delako izan daiteke; izan ere, guzti honen ondoren, berriro erori behar ote dugu kontsumismo itsuan?

Askatasun asko galdu ditugu egunotan, eta aldi berean, beste batzuk berreskuratu ditugu. Gure arteko harremanak aldatu dira, eta baita ingurugiroarekiko harremana, ekonomiarekikoa, kontsumoa, osasuna, komunitatea... Azken hausnarketa moduan, lehengo normaltasunera besterik gabe, ezer aldatu gabe itzultzen bagera... ez ote da berriro pandemia bat etorriko? Zenbat abisu behar ditugu behingoz esnatzeko?