Norbere karkabetan barrena

Norbere karkabetan barrena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/norbere-karkabetan-barrena/@@download/image/iritiza_haritz__1378454954.jpg
2013/09/09
erreportajea
Aritz Olabarriaga (Karkabia Kultur Elkartea)
Norbere karkabetan barrena
Uda bukatzear eta ikasturtea hasten ari den honetan, gaur egun hezkuntza ez formala eta aisialdia, hezkuntza formalaren aurrean, guztiz azpibaloratuta daudela aipatu gabe ezin utzi. Udalekuetara joatea denbora pasatzeko soilik al da? Ondo pasatzeaz gain hezten al gara? Zelako baloreez zipriztintzen gara?


Iritzi kritikoa izatea, erronkei aurre egitea, bidean sormena hauspotzea, justizia ezaren aurrean asaldatzea, norbere barruko beldur, lotsa eta mugei aurre egitea, emozioak askatzen ikastea, askeago egiten gaituzten baloreen transmisioa, daramagun bizimoduak ezarri dizkigun mugak gainditzea... ez dira ezarritako eremuetan lantzen diren kontuak. Ideia eta hausnarketa horiek praktikan lantzeko sortu zen KarKabia Kultur Elkartea 2009an.

Ekarpen xume bat egin asmoz, eta aisialdia, hezkuntza eta kulturaren esparruak banaezin bezala ulertuta, hiru iturri horietatik edaten duten ekimenak bultzatzeari ekin genion. Batetik, ikastaroen bitartez arte disziplina desberdinak lantzeko esparruak sortu ditugu: dantza desberdinak, argazkigintza, kontortsioa edota aireko dantza, besteak beste, norbere gaitasunen askatzea oinarri eta ditugun mugen gainditzea ipar harturik.

Bestetik, hamahiru urtetik aurrerako gazteentzako aisialdirako esparru bat eraiki dugu pausoz pauso. Gaurkoz, udan burutzen den Udaleku Ibiltariaz eta abenduan egiten den Neguleku Finkoaz hitz egin dezakegu. Guztion artean eraikitzen da ekimen bakoitza. Geuk eta geuretzako lemapean, bakoitzaren egonezinei bide eman eta iniziatiba eskuetan hartzeko esparruak sortzea da helburua. Jarrera indibidualistetatik urrunduz eta erabakiak denon arteko asanbladetan hartuz, talde izaera kolektibo eta asanblearioari garrantzia ematen diogu, jarrera hezkidetzaileak landu eta amalurra errespetatzen ikasten dugun artean. Denok gara hartzaile nahiz emaile, eta gizarteak izaten uzten ez gaituena izaten saiatzen gara ekimenotan.

Karkabak eraikin arteko leku ezkutuak dira; estaliak izan ohi dira, zikinak eta beharrezkoak ez omen direlakoan. Gutako bakoitzak ere karkabak ditugu, ordea, barrenean: zabaldu beharreko alde ezkutuak, egunero inguratzen gaituen errealitateak bertara ez begiratzeko esaten digun txokoak. Apal baina tinko, guk ate horiek zabaltzen jarraituko dugu, akorde artean lagun batzuek dioten bezala, dabilen harriak goroldiorik ez duelako. Sentitu, pentsatu... eta egin!