Nora Izagirrek 'Isiltasun ozena' kantua kaleratu du, lehen bakarkako diskoaren aurrerapena
Nora Izagirre Usurbilgo konpositore, abeslari eta sortzaileak UMM bakarkako proiektua jarri du martxan, eta horrekin batera, lehen aurrerapen kantua ere argitaratu du: Isiltasun ozena.
Abesti hau euskarazko zortzi kantu bilduko dituen Bidean izeneko diskoaren parte da. Isiltasun ozena kantuak hitzik gabeko komunikazioa irudikatzen du, non begirada batek dena esaten duen. Gehiegi hitz egiteaz eta aldi berean zenbait bizipen hitzez adieraztea zein zaila den ohartzeaz hausnarketa egiten du. Sortzaileak azaldu duenez, "bihotzetik bihotzera esamoldea letran zehar errepikatzen da, ahotsik gabe eta elkarren ondoan egon beharrik gabe, heriotzaz haratago, elkar ulertzeko eta maitatzeko nahiaren adierazpen gisa".
Ahotsak, sintetizadoreak, hari instrumentuak eta giro intimista uztartzen ditu proiektu berri honek. Diskoaren ekoizpena Borja Antonek egin du, eta nahasketa Haritz Harreguyk.
Nora Izagirre eMe taldean aritu zen, Haritz Harreguy eta Ruben Caballerorekin batera. 2017an Beleak elurretan diskoa kaleratu zuten. Orain bakarkako bideari heldu dio, berak azaldu bezala, "une bat dastatzean berez sortzen den soinutik" datorren UMM izena hartuta.
