Nola prebenitu basoko suteak aldaketa klimatikoaren ondorioak murrizten dituen neurriak erabiliz

Nola prebenitu basoko suteak aldaketa klimatikoaren ondorioak murrizten dituen neurriak erabiliz Uda bakoitzean izan ohi dugu zoritxarrez suteen berri, aurten gainera Amazonas sutan dagoela jakin berri dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nola-prebenitu-basoko-suteak-aldaketa-klimatikoaren-ondorioak-murrizten-dituen-neurriak-erabiliz/@@download/image/Deerfire.jpg
2019/08/23

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Uda bakoitzean izan ohi dugu zoritxarrez suteen berri, aurten gainera Amazonas sutan dagoela jakin berri dugu.
Nola prebenitu basoko suteak aldaketa klimatikoaren ondorioak murrizten dituen neurriak erabiliz

Halaber, neguan ere geroz eta ohikoagoak dira eta jada suteak ez dira uda garaira mugatzen. Zenbait agintarik hartutako neurri berekoiengatik eta aldaketa klimatikoagatik egoera inoiz baino larriagoa da.

ERREGAI FOSILEN KONTSUMOAREN ERAGINA
Erregai fosilek egurra eta ikatza bezalako erregai tradizionalak aspaldi ordezkatu zituzten. Etengabeko erregai fosilen kontsumoak ordea, gasen kontzentrazioa handitu du negutegi efektua sortuz. Orain ari gara horren ondorioak pairatzen, azken mendean gradu batean igo baita munduko tenperatura eta igotzen jarraituko omen du mende honetan zer 2-4 graduren artean.

Trantsizio energetiko honi, landa guneetako bizitza sustatzeko pizgarririk ez eman izanak gehitu behar zaizkio, horrek ekarri baitu baso eta mendien abandonatzea.

Argi dago naturak ez gaituela behar eta gai dela bere funtzionamendu propioa berrezartzeko. Guk ordea, erabat beharrezkoa dugu natura eta zenbait baldintza zehatz behar ditugu segurtasunez bizitzeko.

SUTEEN AURKAKO PREBENTZIOA ETA BERE KOSTUA
Azken 50 urteetan ikasi dugun gauzarik garrantzitsuena izan da azpiegituren prebentzio programek arrakasta gutxi izan ohi dutela, ez badira behintzat lurzoru oso zabal batean aplikatzen. Lehendabizi suebakiak sortu genituen, baina sute handiek berehala gainditzen zituzten. Ondoren, eremu handietan landaretza murriztea erabaki zen, baina neurriak eragin gutxi zuela frogatu zen.

Irtenbidea ez da erraza suteak ezin baitira aurreikusi. Hau da, ezin da jakin noiz gertatu litekeen hurrengo sutea. Gainera, Amazonasekoa gertatu arte bederen suak lurraren %0.3 “soilik” erre izan du urtean. Gainera, suteen aurkako prebentzioak eta suteen itzaltzeak inbertsio asko eskatzen dute eta hala ere ezinezkoa da aurrikustea. Beraz, zer egin genezake?

ALDAKETA KLIMATIKOA GUTXITZEKO NEURRIAK
Egun, gizarte bezala, birplanteatzen ari gara zer motatako modelo ekonomikoa nahi dugun aldaketa klimatikoa gelditzeko. Ikusitakoaren arabera, badirudi zentzuzkoena lurra zaintzea eta baliabideak modu arrazionalean erabiltzea dela. Beraz, negutegi efektua sortzen duten gasen igorpenak gutxitzeko Nazio Batuen Erakundearen azken txostenean zenbait neurri proposatu dira:

Basoen bioenergia eskuratzea. Biomasa jasotzen eta biltegiratzen duten estazioak ezartzea, horrela igorpenak mugatuko bailitzateke.

Egurraren erabilera gehitzea. Ia erabiltzen ez dugun, edo behintzat modu egokian erabiltzen ez dugun potentziala dute basoek. Bertako egurra eraikuntzarako edota altzariak egiteko erabiltzeaz gain, kamisetak sortzeko ere erabili daitezke! Ohiko material tradizionalak egurragatik ordezkatzeak igorpenak jaitsi ditzake. Hori bai, beti ere egurra zentzuz erabiliz eta gure basoetan pentsatuz.

Nekazaritza eta ganadutegi estentsiboak bultzatu. Hauek negutegi efektuko gasen igorpena murrizten dute beste ereduekin alderatuz.

Aipatu beharrik ez dago neurri hauek bateragarriak izan behar dutela bioaniztasunarekin eta ingurugiroarekin. Horretaz gain, hauek munduan zabaldu daitezen beharrezkoa izango da gobernuen konpromisoa eta gure bizitza eredua aldatzea. Baliabide naturalak ezinbestekoak baititugu eta gainera gure birikei horrenbeste min egiten dieten suteak gutxituko lirateke lasai arnasa hartu dezagun.