Seriezale amorratu batekin bizitzen jakiteko gida azkarra!

Seriezale amorratu batekin bizitzen jakiteko gida azkarra! Seriezale amorratuoi atal bat bestearen jarraian ikusteko egun osoa etxetik atera gabe egotea normala iruditzen zaigu. Baita lagunekin edo familiakoekin genituen hitzorduei uko egitea ere, asteko atalari hutsik egin nahi ez diogulako. Walter white, Desmond, June Osborne, Birgitte Nyborg, Jonas Kahnwald edo Tony Sopranori hurrengo astean zer gertatuko ote zaien ez dakigulako, lorik ere ez egitea. Edo gure telesail gustukoenak Emmy saria eramango duen ala ez jakiteko gau-pasa luzeak egitea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nola-bizi-seriezale-amorratu-batekin/@@download/image/Captura de pantalla 2019-07-16 a las 10.15.48.png
2019/07/16

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Seriezale amorratuoi atal bat bestearen jarraian ikusteko egun osoa etxetik atera gabe egotea normala iruditzen zaigu. Baita lagunekin edo familiakoekin genituen hitzorduei uko egitea ere, asteko atalari hutsik egin nahi ez diogulako. Walter white, Desmond, June Osborne, Birgitte Nyborg, Jonas Kahnwald edo Tony Sopranori hurrengo astean zer gertatuko ote zaien ez dakigulako, lorik ere ez egitea. Edo gure telesail gustukoenak Emmy saria eramango duen ala ez jakiteko gau-pasa luzeak egitea.
Seriezale amorratu batekin bizitzen jakiteko gida azkarra!

Guretzat “naturala” da, baina gurekin bizi den jendearentzat, –eta demagun 20 telesail batera ikusten ez dituztenentzat (hemendik aurrera “jende arrunta” deituko diegu)– zerbait arraroa edo ezohikoa da. Kondairak dio seriezaleak eta pertsona arruntak bizi litezkeela elkarrekin, badirela zenbait kasu munduan. Ez da erraza, baina ba omen daude.
Zaletasun kontrolaezin hori jasan behar duzuenon tokian jartzen saiatuko naiz, eta bide batez, ea gai zareten gure bitxikeriak ulertzen. Ziur nago terapia erabilgarri bihurtuko dela. Bide batez, elkarte bat sor dezakezue: “Kaixo, nire izena Tamara da eta ni ere seriezale batekin bizi naiz”.

1-Gehien gorrotatzen dugun esaldia.
Galdera asko egiten dizkigute, gehienak zentzugabeak, baina guztien gainetik gehien mespretxatzen eta gorrotatzen duguna hauxe da: "Nondik ateratzen duzu denbora hainbeste telesail ikusteko?". Ez dugu erantzun ere egiten.

2-Asteko egunik okerrena, guretzat onena... “Azkenean iritsi da astelehena”.
Egia da plataforma berrien etorrerarekin, asteko zita hori amaitu egingo dela eta jada ez ditugula telesailak egun konkretuetan soilik irensten, baina bai, aukera asko dago astakeria hori seriezale baten ahotik entzuteko "Azkenean iritsi da astelehena. “Jende arruntari” erokeria iruditu arren, guretzat, astelehena egun polita izan liteke. Zergatik? Argibidea oso erraza da: AEBetako hainbat telebista katek arrakasta handien duten telesailak igandeetan emititzen dituztela. Hori dela eta, astelehenetik aurrera dauzkagu ikusgai hemen (Game of Thrones zegoenean, The Walking dead telesail duina zenean eta abar) Astelehena, ustekabeko egun zoragarri hori!

3-Arrisku-kirol gustukoena: spoilerrak saihestea.
Sareak spoilerrez gainezka dauden garai honetan, hauek saihestea izaten da gehien errepikatzen dugun jarduna. Nekeza eta zaila, baina beharrezkoa, gauean etxera iritsi eta telebista pizten dugun unean kutsatu gabeko ikustaldi gozo bat bizitzeko. 

4-“Beste atal bat eta banoa lotara...”.
Zenbat aldiz entzungo zenuen esaldi hau goizeko 2:00etan? Berdin dio hurrengo goizean, 8:00etan esnatu behar izatea. Gupidagabeak gara. Dark-ren maratoi baten erdian baldin bagaude, ea nor ausartzen den esaten telebistak hor jarraituko duela hurrengo egunean eta uzten dugun puntutik jarrai dezakegula. Atalak ikusi eta ikusi arituko gara atsedenik gabe, munduaren amaiera iristear egongo balitz bezala. Eta apokalipsia iritsi baino lehen, behar dugun lehenengo gauza atala nola amaituko den jakitea da.  Soluzioa? Onartu, oherako bidea bakarrik hartu beharko duzue. Edo bestela esna eutsi leher egin arte, eta hurrengo egunean begi-zuloen kontrako krema erabili.

5-Datozen asteetako zure soinu banda.
Telesail konkretu batek sekulako soinu banda duela iruditzen bazaigu (Peaky Blinders, Dark, Big Little Lies, The Leftovers...) prestatu zaitez datozen asteetako bidaia, ekitaldi eta afari guztietako musika hori izango baita. Spotifyk eztanda egingo du, Max Ritcher, Nick Cave edota Michael Kiwanukaren abestien erruz eta munduan ez da beste musikarik existituko. 

6-Elkarrekin ikusten duzuen telesail baten atala, bakarrik ikustea desleialtzat hartuko da.
Stranger Things edota Big little Lies elkarrekin ikusten baduzue, atal bat zure kabuz ikusteak hondamendira eramango zaitu, eztabaida erraldoi eta kontrolaezin batera. Ezta bururatu ere! Elkarrekin ikusten duzuen telesail hori erritmo berean ikusi behar duzue eta inoiz-nahigabe bada ere-, atal bat aurreratu bazara, hobe duzu aitortzea, luzera begira oso larria izan liteke eta!

7-Nahiago dugu telesail txar bat jatorrizko hizkuntzan, on bat bikoiztua baino.
Hala da bai, zinema, jatorrizko hizkuntzan beti. Telesailak beste modu batean ikustea (bikoiztuak) ez da gure planen barruan sartzen, guretzat existitu ere egiten ez den hitz bat da, urtikaria ateratzen zaigu "bikoiztua" hitza entzuten dugun bakoitzean. Demagun menperatzen duzun hizkuntza batean telesail bat estreinatzen dela –adibidez euskaraz–.  Nola gustatuko litzaizuke ikustea? Menperatzen duzun hizkuntza horretan ala bikoiztua? Ziur nago %100 jatorrizko hizkuntza aukeratuko lukeela. Eta, zergatik galdetuko banizue, emango zenituzketen argudioak: “Ez dut jatorrizko hizkuntza hori menperatzen”, horretarako sortu zen azpititulazioa. Bikoizketarekin, hots-banda guztia aldatu behar da (musika,  ahotsak, zaratak...). Azpitituluekin aldiz, lerro idatzien bidez adierazten du aktoreak dioena, eta lan originalarekiko errespetua erabatekoa da. Ahalik eta osoen adierazten dute esaten den guztia, ahalik eta xehetasun gehienak kontuan hartuz. “Ni ez noa zinemara irakurtzera”, “Hitzei begiratuz gero, ezin ditut irudiak ikusi”. Hementxe azalarazten da benetako “arazoa”, alferkeria. Onartu ezazue, telesailak bikoiztuta ikustearen egoskorkeria horren arrazoi nagusia, nagitasun intelektuala da, pasibotasunaren gaixotasunak eragindako beste ondorio bat.

8-Kamiseta arruntik ez mesedez!
Konturatuko zinen soinean eramaten ditugun kamiseta guztiak gure telesail gustukoenen irudi, mezu edota pertsonaiak izaten dituztela. Ez dugu ulertzen zergatik eramaten dituzun marrazkirik gabeko elastiko arrunt ziztrin horiek!

9-Bizitza soziala, zer da hori?
Telesailak ikusten inbertitzen den denbora, beste edozeri eskaintzen ez zaion denbora da. Momentuz lan egitea beharrezkoa da guztiontzat. Bestalde, badaude zeregin saihestezin batzuk, lo egitea adibidez. Beraz denbora hori beste nonbaitetik “lapurtu” behar da: bizitza sozialetik. Zuk, pertsona arrunt horrek, esango duzu: “Eguraldi bikaina dugu, joango al gara lagunekin paseatzera edota garagardo batzuk hartzera?”. Gure erantzuna: “Fleabag ikusten ari naiz eta une honetan apaizarekin gertatzen ari dena sinestezina iruditzen zait,  benetan uste al duzu gogoa dudala kalera irteteko?”.

10-Lagunak telesailen arabera sailkatzen ditugu.
The Leftovers-en amaiera ulertu zuten lagunak alde batean, Lost gorrotatzen duten ezagunak -lagunak deitu behar nien baina ez dute merezi- bazterrean, eta zure gomendioei kasu egiten dietenak bestean. Gure garunean sailkapen desberdinak egiten ditugu eta norbait gomendio eske datorren unean badakigu zein erantzun eman pertsona konkretu horri; aurretik zein izenburu ikusi ditugun ezagutzen badugu noski. Horrez gain, elkarrizketa motak ere desberdinak izaten dira multzo horien barruan kokatuak dauden pertsonekin elkartzen garen bakoitzean. 

11-Jarrai ezazu (gutxienez) ikusten dugun telesail bat, elkarrizketetatik kanpo geratu nahi ez baduzu behintzat.
Lagunekin zaudenean, elkarrizketa telesail baten ingurukoa bada eta kasualitatez jarraitzen ez baldin baduzu, estralurtar sentituko zara. “Ikusi al duzu True Detective-n plano zoragarri hori?”. “Ezin dut sinistu ere egin Breaking bad nola amaitu den...”. "The Victim telesaileko azken sekuentzia hori latza da..." Elkarrizketa hauen guztien parte sentitu nahi baduzu, egin dezakezuen gauzarik onena gutxienez telesail horietako bat jarraitzea da. Bestela zertaz hitz egin zenuen mundu guztiak “Game Of  thrones-en amaiera” aipatzen zuen bitartean?