Nola antzeman inguruko norbaitek elikadura nahasmenduren bat duela?
Elikadura-portaeraren nahasmenduak janariarekin harreman korapilatsua edo anormala izatea esan nahi du, etengabe kezkatuta egotea janariarekin, edo kasu askotan, pisuarekin eta gorputzaren irudiaren obsesionatzea. Mota ezberdinetako elikadura-nahasmenduak daude, baina ohikoenak anorexia, bulimia eta betekada izaten dira.
Kasu bakoitza bakarra izaten da eta ezin izaten da orokortu. Halako nahasmenduak antzematea hain erraza ez bada ere, estaltzen eta ezkutatzen saiatzen direlako, badira inguruko norbaitek nahasmenduren bat izan dezakeela ikusarazten duten seinale batzuk. Ezaugarri hauek bestelako gauzekin lotuta ere egon daitezke, baina horietako asko edo batzuk batera emanez gero, elikadura-nahasmenduren bat izan daiteke.
- Arrasto fisikoak. Hilekoan aldaketak, giharretako nekea, ilea erortzea edo urritzea, azazkal hauskorrak, azal lehorra, hipotermia edo hotz handiagoa sentitzea, loezina... Bulimia nerbiosoaren kasuan, botaka egiteko ahaleginengatik, begietako odol-isuriak ere ager daitezke, eta baita zurrunga egiteko joera ere, azidoak ahots-kordetan duen eraginagatik.
- Gorputzaren irudia. Pisu aldaketa nabarmena, bestelako gertaeraren batekin loturarik ez duenean. Etengabe pisatzeko joera edo bere gorputzaren irudi irreala izatea. Arropa zabala janztea, gorputza ezkutatzeko, edo alderantziz, erakustea, baina bere gorputzarekin gustura ez dagoela sentitzea etengabe.
- Mahaiaren bueltako ohiturak. Osasuntsu jatea gauza ona da, baina obsesio bilaka daiteke eta osasungarria ez den zerbait ez badago, ez jatea edo jateagatik errudun sentitzea ere gerta daiteke. Batzuetan debekatutako elikagaiak agertzen dira, lehen gustukoak eta ohikoak zirenak, esaterako ogia, makarroiak, gozoak... Beste seinale batzuk janaria oso puska txikitan txikitzea, oso geldo jatea edo oso azkar, bakarrik jan nahi izatea, jan nahi ez izatea, nahitaez norberak prestatu nahi izatea jan behar duena edo nola prestatu den jakin gabe ez jatea izaten dira. Kaloriak zenbatzea eta oso kontrolatuta izatea ere ohikoa izaten da anorexiaren kasuan. Otorduetan kale egitea, aitzakiak jartzea, komunera sarri joatea, jendaurrean janari asko erostea, edo poltsiko eta kaxoietan elikagaien zorroak aurkitzea ere gerta liteke.
Aldi berean, edariak ere zerikusia izaten du. Batzuetan te, kafe edo ur asko edaten hasten dira, edo txikleak mastekatzen, gosea baretzeko. Azukrerik gabeko gozokiak edo elikagaiei botatako espeziak ere erabiltzen dira horretarako. - Kirola edo ariketa fisikoa. Ariketa fisikoa egiteko joera nabarmen handitzea, edo kirolik egin ez badu, zenbait elikagai jan ezin izatea edo zenbait plan egin nahi ez izatea.
- Aldartea edo egoera psikologikoa. Aldartean aldaketa bortitzak eman daitezke eta goibelago eta suminkorrago suma daiteke pertsona. Antsietatea ere nabarmendu liteke. Ikasten ari direnen kasuan, notak are hobeak izatea eman liteke eta ohikoa izaten da autoexijentzia eta perfekzionismorako joera.
- Harreman sozialak. Lagunekin gutxiago geratzea izaten da beste seinaleetako bat, bakarrik egon nahi izaten baitute. Orohar bizitza soziala gutxitu egiten dute, batez ere janariarekin, otorduekin eta urtebetetzeekin lotutako ekintzak badira.
