No Acepto!!!, normaltasun faltsuaren aurka

No Acepto!!!, normaltasun faltsuaren aurka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/no-acepto-normaltasun-faltsuaren-aurka/@@download/image/78p73Noacepto.jpg
2007/10/05
erreportajea
Julen Azpitarte
No Acepto!!!, normaltasun faltsuaren aurka
No Acepto!!! 1980-1990 Diez Años de Hardcore, Punk, Ira y Caos. izen horixe du Musica Autonomak eta Producciones Zambombok elkarrekin kaleratu berri duten dvd bikoitzak. Dokumental honek 80ko hamarkada zornetsuena bertatik bertara bizi zutenen oroitzapenak jasotzen ditu. 

Alberto Bocos, Donostiako Musica Autonoma disko dendako arduraduna, eta Jose Antonio Alfonso zaragozarra dira No acepto!!! DVD bikoitzaren bultzatzaileak. Dokumentalak 80ko hamarkadan eztanda egin zuen punk eta hardcore eszenaren berri ematen du.  

Oinarria elkarrizketak dira: Euskal Herriko, Kataluniako, Madrilgo eta Zaragozako punk eszenak bertatik bertara bizi izan zituzten protagonistei egindako elkarrizketak, besteak beste. Horrez gainera, garai hartako kontzertu eta grabazioen doinuak ere badakartza DVDak. Beraz, musika dokumentu garrantzitsua izateaz gain, garai nahasi bezain zirraragarri baten dokumentu historikoa ere bada dokumental hau. Guztia, lau ordu eta erdiko iraupenarekin.

Santi Ric Zaragozako Drogai Guais taldeko kideak zabaltzen eta ixten du dokumentala. Ricek dioenez, Espainiako Estatuan punk eztanda Euskal Herrian, Katalunian, Madrilen eta Zaragozan gertatu zen bereziki, eta loratze hura egoera politiko, ekonomiko eta sozial nahasiaren ondorio zuzena izan zen. Normaltasun faltsuari aurre egiteko sortutako mugimendu hura bizimodu bilakatu zen urteen poderioz.

Talde haiekin zorretan

Trantsizio garaiko gazte haiek borroka egin zuten musikaren bitartez, baina horrez gain, disko eta kanta sorta esanguratsuak kaleratu zituzten. Askok disko eta kanta haiek drogazale koadrila sasi iraul-tzaile batzuek txarto jotako lau nota kaxkar direla esango dute, baina ukaezina da belaunaldi batengan eragin itzela izan dutela.

Ez hori bakarrik: gaur egun oholtzetara igotzen diren hainbat talde zorretan daude RIP, Vomito, BAP!, Karkaxa, Basura, GRB, L'Odi Social, Subterranean Kids, TDK, IV Reich, Ruido de Rabia, Eskorbuto, Ultimo Resorte, HHH, Espasmodicos, KGB, La Uvi, Delincuencia Sonora eta antzeko taldeekin. Izan ere, talde haien ondarea txikia izan zen tamainan –single eta lp gutxi batzuk kaleratu zituzten, eta maketa apal asko—, baina ondare hori ezinbestekoa da gaur egungo estiloak eta mugimenduak ulertzeko. Jo ezazue Ebay webgunera, eta ikus ezazue disko haiek zein preziotan saltzen diren.

Hardcorearen iraultza

Hasieran, 80 hamarkadako talde haiek Ingalaterrako punka zuten eredu: Sex Pistols, The Clash, Exploited edota Antinowhere League. Baina, bat batean, eta batez ere MDC AEBetako hardcore taldearen lehen bisitari esker, hardcore mugimendua ezagutu zuten.

Izan ere, nabaria zen punk eta hardcorearen arteko aldea. Ingalaterratik zetozen doinu nihilistek ezkortasuna, eta, kasu askotan, biolentzia transmititzen zuten, eta horren erakusgarri ona da, No acepto!!! honetan, Madrilgo taldeek kontatzen dituzten pasadizoak: 80ko hamarkadan tribuen arteko liskarrak odoltsuak izaten zirela diote. Gaur egun, nekez ulertuko genuke tribuak elkarri botilazoka ibiltzea. Hardcoreak, aldiz, filosofia positibo eta eraiki-tzailea zekarren berarekin.

Ondorioz, fantzineek, irrati libreek, zigiluek eta abarrek loraldi handia izan zuten hamarkada horretan. Gaur egun, kasik hilda dago mugimendu hura, baina hazia orduan landatu zen.

Jarraipena izango du

No Acepto!!! doinu, pentsamendu eta esperientzien bilduma ikaragarria da. Horregatik, ezinezkoa da pare bat orrialdetan hori guztia laburbiltzea. Beraz, zuek ikustea da onena. Zuzeneko irudien kalitatea nahikoa kaxkarra da, baina kalitate hori nahikoa eta sobera da 80ko hamarkadako giro, energia eta espiritua islatzeko. Gainera, DVDaren arduradunek iragarri dutenez, ekimenak jarraipena izango du.  

Juanito Piquete y los Mataesquiroles bandako kidearen hitzekin bukatuko dugu idatzi hau: "Osasuna eta anarkia denontzat".