Nick Cave and The Bad Seeds: Elektrizitateak eragindako berpiztea

Nick Cave and The Bad Seeds: Elektrizitateak eragindako berpiztea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nick-cave-and-the-bad-seeds-elektrizitateak-eragindako-berpiztea/@@download/image/84p61Nick.jpg
2008/04/04
erreportajea
Testua: Julen Azpitarte
Nick Cave and The Bad Seeds: Elektrizitateak eragindako berpiztea
Nick Cave musikari australiarra eta bere taldea, The Bad Seeds (Hazi Txarrak), Donostian izango dira hil honen 24an. Cavek ibilbide luze eta interesagarria egin du 70eko hamarkada amaieran The Birthday Party post-punk taldearekin jotzen hasi zenetik. Oraingoan, Dig, Lazarus, dig!!! lan berria dakarkigu.

Disko berria ez dago 2004ko Abatoir Blues/The Lyre Of Orpheus maisulanaren maila berean, baina hiruzpalau entzunaldiren ostean, Cavek berriro bete-betean asmatu duela esan behar da. Dig, Lazarus, Dig!!! ez da bere lanik onena, baina harribitxi piloa ezkutatzen du.

Diskoa lan akustiko gisa irudikatu zuen Cavek, baina azkenean elektrizitate deskarga handia iritsi zaigu. Energia-bilakaera horren erruduna, Nick Launay ekoizle mitikoa izan daiteke. Gang Of Four, PIL edota Birthday Partyren diskoak ekoitzi ditu Launayk, eta baita Nick Caveren Grinderman proiektu zaratatsua ere.
Hala, We call upon the author kantuan kraut-rock doinu alemaniarrak suma daitezke, eta Night of the Lotus Eaters-en soinu industrialak nagusitzen dira. Hala ere, une lasaientzako tokia ere bada diskoan; adibidez, diskoa ixten duen More New from Nowhere.

Hitzei dagokienez, Cavek bere ohiko hirukoarekin jarraitzen du: biolentzia, maitasuna eta erlijioa. Bestalde, Bad Seeds bandako bi musikariren lana nabarmentzen da diskoan: Warren Ellis (Dirty Three) australiarraren biolinak ukitu berezia ematen die abestiei, eta James Johnston (Gallon Drunk) ingelesaren organoak groove beltza ematen die kantei.

Eta zer aurkituko duten Donostiako kontzertura hurbilduko diren zaleek? Duela hiru urte, kontzertuan ikusi nituen Nick Cave and The Bad Seeds,  Portugaleko Paredes de Coura jaialdian. Zortzikotearekin batera lau kantarirekin osaturiko gospel korua aritu zen. Kontzertua ahanztezina izan zen.

Taldeko musikariak ezin dotoreago ateratzen dira oholtzara, baina lehen nota jo bezain laster ekaitza pizten da. Gorputzak gogor astinduz, musikariek izugarrizko intentsitateaz jotzen dituzten instrumentuak, eta bat batean, gospel kontzertua eskaintzen ari den hardcore banda baten aurrean zaudela dirudi. Ez gara gezurretan ari: hala da.