Ni banoa!

Ni banoa! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ni-banoa/@@download/image/29p36-1_1369220343.jpg
2003/04/04
erreportajea
Gaztezulo
Ni banoa!
Ate joka dugu Aste Santua. Berandu ibili ohi diren horietakoa zara, eta oraindik ez dakizu nora jo? Lasai, ez etsi. Datozen lerrootan buruhauste handirik gabe, etxetik gertu egun batzuk gozo-gozo pasatzeko zenbait argibide eskainiko dizkizugu.

Hondartzan plisti-plasta atsegin baduzu, aurten jai duzu. Prestigeren marea beltzak gogor astindu ditu Euskal Herriko hondartzak eta ondorioz, bainatzea debekatuta dago. Dena dela, ur handitako arraina ez bazara, gustura ibiliko zara paseoan gure kostaldean: Urdaibai, Txingudi, Lapurdiko kostaldea… Jakina, udaberriko eguzkiak azal beltzenak ere kiskal ditzake. Beraz, finlandiarrak bezala gorri-gorri geratu nahi ez baduzu, krema har ezazu. Eguzkitako betaurrekoak ere ez ahaztu, zure ondoan etzanda dagoen neskak edo mutilak begira ari zarela igarri ez dezan. Hori bai, ez ezazu tanga txikiena eraman, ipurdia hoztuta bukatu nahi ez baduzu, behinik behin.

Julio Verneren maitaleak

Abenturazalea zara? Eskalada, parapentea, piraguismoa, arroein jaitsiera, espeleologia… Euskal Herritik atera gabe, adrenalina igotzeko makina bat jarduera egin dezakezu: espeleologia Oñatin, piraguismoa Urdaibain, arroein jaitsiera Zuberoako Kakuetan… Zerrenda luzea da. Ez zara Lurraren erdialdera helduko, baina gauzak beste ikuspegi batez ikusi ahal izango dituzu. Ez zenuen hori nahi? Lasai geratzen ez bazara, hurrengoan proba ezazu munduari 80 egunetan bira ematen.

Martin Zabaletaren ondorengoak

Everestera igotzea ez da ahuntzaren gauerdiko estula; gure mendietan ibiltzeko, ordea, ez duzu oxigenoaren beharrik, erretzaile porrokatua ez bazara, behintzat. Nafarroako Pirinioetako Hiru Errege Mahaia da gure mendirik garaiena (2.428 metro), baina Zuberoan ere mendi ederrak daude: Ori (2.017) edo Kartxela (1.982), esaterako. Dena dela, goi mendietarako prestatuta ez bazaude, Parke Naturaletara edota mendi kate garrantzitsuenetara jo dezakezu: Aralar, Aizkorri, Urkiola, Gorbeia, Urbasa… Ez ahaztu mendian ibiltzeko material egokia eramatea, eta ez galdu iparra. Kanpatzea debekatuta dago Euskal Herri osoan, baina gau baterako, denda jar dezakezu, eta egunak argitu ahala denda kenduz gero, ez duzu arazorik izango.

Obelixen lagunak

Jatea eta edatea gogoko badituzu, gurean ez da horretarako aukerarik falta. Arabako Errioxan ardoa edan eta arkume gozoa jan ahal izango duzu: Oion, Biasteri, Eltziego, Samaniego… Baita Nafarroan ere: Faltzez, San Martin Unx, Erriberri, Aiegi… Nafarroa Beherean ere badira ardandegiak: Baigorri, Irulegi eta Donibane Garazin, besteak beste, eta gazta eta patea, ezin hobeak. Hori bai, ajearentzat eta betekadarentzat, badaezbada ere, aspirinak eraman. Ardandegiak ez dira oso merkeak, baina ardoa eros dezakezu, etxera eramateko, dendetan baino merkeago.

Somarribaren lehengusuak

"Gogoko bidean aldaparik ez", dio esaera zaharrak. Euskal Herrian bertan eta inguruetan doping-ik eta bizikleta berezirik gabe lasai ibiltzeko hainbat ibilbide dituzu: Plazaolakoa (Andoain-Lekunberri, 40 km), Bidasoakoa (Doneztebe-Endarlatsa, 29km), Tutera-Tarazona (22km), Donibane Lohitzune-Miarritz (8 km)… Hori bai, kaskoa eramatea komeni da. Kulotak ere ez ahantzi, noski, ibilbidea bukatutakoan, lasai-lasai eseri ahal izatea garrantzitsua baita. Gustura aritu bazara, badakizu, hurrengoan Euskal Herriko itzulian parte hartzeko izena eman ezazu. 

Helbide interesgarriak



Oraindik ere zalantzak dituzu? Ez zaitez telebista aurrean besterik gabe geratu. Mugi! Edozein plan aukeratuta ere, jarraian agertutako helbide eta telefonoak oso lagungarri izango dituzu.
Ardantegiak      www.vinosnavarra.com

Abentura kirolak
www.alpino-tabira.orgAidea-943691371Aloñamendi-943780810Artadi-944603155Peñacerrada-943367005


Ostatuak, garraioa, ibilbideak
www.nekatur.netwww.euskadi.net/turismowww.navarra.net/turismo www.tourisme64.comwww.argia.com/gida/index.htm