New York: Ez haiz nire dakota!

Askotan, gure irudimenean gordeta ditugun flashak eta errealitatea ea dira bat etortzen. Horrexegatik, zenbaitetan hobe da buruan darabilgun irudi auto-fabrikatua bakean utzi errealitatean horrelakoa ote den baieztatzeko ahaleginik egin gabe.
Manhattan-en, Central Park ondoko 72.enean, Dakota eraikin ospetsua dago. Ospetsua arrazoi askorengatik: bertatik ateratzen ari zela hil baitzuten duela 20 urte John Lennon, eta bertan grabatu baitzuen, artean gazte eta berde zela, Roman Polanski zuzendariak "Rosemary's baby" filme sataniko, gris eta itogarria.
Nire buruan, Lennonen hilketarengatik baino Polanskik lortutako atmosferarengatik, eraikin gaiztoa zen Dakota: belarrira xuxurlatutakoak entzuteko gauza, ohe azpian eskutatu nahiko lukeena ere kontrolatzeko gai.
Dakotaren aurrean eserita, "hot dog" bat eskuartean, nire buruko flasha luxuzko eraikin dotorea bihurtu zen. Argitsua oso. Arrastorik ez Mia Farrow kate motzean lotu nahi zuen eta deabruaren haziz ereindako etxebizitzarekin. Ezta azidoen eraginez Lennonek ikusiko zuen etxe lisergikoarekin ere.
"Itzul iezadatela dirua", esan nuen nire artean, "hau ez da nire Dakota". Joko Ono ere ez nuen kalean harrapatu, erosketak ezin garraiaturik eta hura laguntzearen aitzakiaz, nire ezinegona adierazi eta eragindako tristurarengatik kalte-ordaina eskatzeko. Horrexegatik, kalean gora hasi eta Harlem aldera abiatu nintzen, aurre-fabrikatutako beste irudiren baten bila.