Netflixek 'Black Lives Matter' izeneko atala txertatu du

Netflixek 'Black Lives Matter' izeneko atala txertatu du George Floyd-en hilketa tragikoak protesta ugari piztu ditu poliziaren bortizkeriaren aurka eta komunitate afroamerikarraren alde. Horrek bultzada ikaragarria eman dio 'Black Lives Matter' mugimenduari eta Netflixek ez du alde batera utzi nahi izan plataforman kategoria propioa eskainiz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/netflixek-black-lives-matter-izeneko-atala-txertatu-du/@@download/image/f518d932-6555-4d53-9e89-c2c91339b11a.jpeg
2020/06/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

George Floyd-en hilketa tragikoak protesta ugari piztu ditu poliziaren bortizkeriaren aurka eta komunitate afroamerikarraren alde. Horrek bultzada ikaragarria eman dio 'Black Lives Matter' mugimenduari eta Netflixek ez du alde batera utzi nahi izan plataforman kategoria propioa eskainiz.
Netflixek 'Black Lives Matter' izeneko atala txertatu du

Netflixeko 'Black Lives Matter' izeneko azpi-atal honetan bidez, Dear White People edota  When They See Us telesailak, Mudbound edota See You Yesterday filmak eta Strong Island edo What Happened, Miss Simone?' dokumentalak aurkituko dituzu besteak beste. Ekimen ona iruditzen zait, baina ez dezagun ahaztu plataformak jada kategoria ugari dituela eta zentzu osoa izan arren, apur bat oportunista iruditzen zaidala.

Atal berri hau estreinatu dutela aprobetxatuz, hasieran aipatu dudan Ava DuVernay-k zuzenduriko When They See Us telesail bikaina gomendatu nahi dizut. Koktel barruan, basakeria poliziala, bidegabekeria, pobrezia eta arraza diskriminazioa sartzeaz gain, maisutasunez kontaturiko istorioa eta aktore guztien interpretazio bikainak ere gehitu behar zaizkiolako.

1989ko apirilaren 19an, Trisha Meili izeneko emakume bat erasotua izan zen New Yorkeko Central Park ezagunean; bortxatu, jipoitu eta sasi artean abandonatu zuten. Ordu batzuk lehenago, 14-16 urte bitarteko gazte batzuk -beltzak eta latinoak-, parke berdinean ari ziren harriak botatzen, txirrindulariei iseka egiten eta gaiztakeria txikiak burutzen. Gazteak bihurrikeria txiki batzuengatik atxilotu zituzten, baina poliziak, esku artean kasu bereziki mediatikoa zuela konturatu zenean -Trisha Meili-rena alegia-, froga gehiegirik izan gabe ere, bost gazte horiei emakumezkoaren eraso basatia leporatu zieten. Horrela hasten da Central Parkeko Bosten amesgaiztoa: Kevin Richardson, Antron McCray, Raymond Santana, Yusef Salaam eta Korey Wise, New Yorkeko justiziaren historian, inoiz egon den kasurik polemiko eta arbuiagarriena. 

When They See Us izeneko telesail latz honetan, Selma filmaren zuzendariak, berriro frogatu digu injustizia soziala eta zapalkuntza bezalako gaiak jorratzeko gaitasun berezia duela. Hasierako sekuentzia sinple baina eraginkor batzuei esker adibidez, protagonistak ziren bezala ikus ditzagun lortzen baitu; auzo xumeetan bizi ziren nerabe soilak, bakoitzak adinari dagozkion egonezinekin, baina bihotz onekoak eta batez ere bizitza osoa aurretik duten pertsonak.


Garai hartako testuingurua ere ezin hobeto jorratua dago. Lehen atalean adibidez, lehen kolpean, bizi zen egoeraren lekuko bilakatzen gara. Telebistan Donald Trump ikusten dugu, 80ko hamarkadako irudiak dira. Heriotza-zigorra berriro jartzearen aldeko adierazpenak jaurtitzen ditu eta 85 milioi dolar ordaindu ostean, mezu berbera zabaltzeko intentzioz prentsan iragarki bat argitaratzen du. Gazte hauek, guztia (eta guztiak) aurka dutela ohartzen gara eta etorkizuna beltz kolorez marraztuko dutenaren susmoak pizten hasten dira geure garunean. 

AEBtako sistemaren arrazismoa eta ustelkeria dira telesailari bereziki sostengua ematen dieten bi zutabeak, baina baita, egiazkoa izan ala ez, nola Ipar- Ameriketako gizartea, kontakizunaren harrapakin bilakatzen den. Kontakizun hori pantaila txikira eramanaz, lau zatitan banatu dute eta bertan galdeketaren gaua, epaiketa, erreformatoriotik pasa zireneko urteak eta baita horietako batek -Korey Wise-ek- kartzela barruan bizi zituen urte beldurgarriak ere islatu dituzte.  Gizarte kritika burutsua, estetika boteretsua, narrazio eraginkorra eta interpretazio bikainak.

Oharra: Telesaila ikusi ostean, gehiago sakontzeko gogoz geratu bazara 2012 urteko, The Central Park Five dokumentala ikustea gomendatzen dizut.