Netflix-en 70 izenburu euskaraz kontsumitu ahal izango dira

Espainiar Estatuan onartu zen ikus-entzunezko legearen tramitaziotan ari direnean iritsi da Netflix-en iragarkia. Lege honek streaming plataformak behartzen ditu, europar obretan, hizkuntza ofizialaz gain, zenbait izenburu, hizkuntza koofizialetan ere agertzea.
Hori dela eta Netflix laster euskaraz gozatu ahal izango dugu katalan eta galegoarekin batera. Nazioarteko zenbait telesail eta pelikula euskarazko azpidatziekin agertuko dira eta euskarazko bikoizketa izango dute haurrei zuzendutako zenbait pelikulek. Izenburuak pixkanaka gehitzen joango dira, zerbitzua eskuragarri dagoen heinean. Espero da 2022 bukaerarako katalogoa osatuta egotea.
Honela, 70 izenburu euskaraz aurkitu ahal izango dira eta urtero izenburu berri gehiago gehitzen joango da plataforma ezaguna. Netflix-ek adierazi duenez, 2022 honetan gehituko den ikus-entzunezko materiala 600 ordu baino gehiagokoak izango da eta 60 ordu inguru haurrentzako materialari dagokionez.
Modu honetan, 190 herrialdetako Netflix-eko harpidedunek zenbait telesail eta pelikula euskaraz, katalanez eta galegoz gozatu ahal izango dituzte. Horien artean daude Emily in Paris edo datozen estreinaldiak: The Mother, Garra, Sandman eta Pinocchio. "Istoriorik onenak mundu osora zabaltzeko lanean gabiltza. Pauso honekin euskara, katalana eta galegoaren presentzia indartu nahi dugu. Horregatik nazioarteko telesail eta pelikula batzuk hizkuntza horietan azpidatziak izango dituzte eta haurrei zuzendutako pelikuletan bikoizketak", adierazi du Netflix-eko bozeramaileak.
Pantailak Euskaraz egitasmoak adierazi du aurrera pauso bat dela, baina ez dela nahikoa: "Positiboa da Netflix euskara txertatzen hastea, baina pantailak euskaraz izateko, legezko bermea eta egiturak beharko ditugu. Ezina ekinez egina".