'Neskartfest', emakumeen arte eszenikoen jaialdia Urduñan

Emakume artistek eta sortzaileek kulturaren munduan egiten duten lana ikusarazteko helburuarekin sortu da Neskartfest, Arte Eszenikoen Euskal Herriko Emakumeen Jaialdia. Kuluxka konpainiak eta Urduñako Udalak abiatu dute jaialdia, eta bi egunez hainbat genero eta estilo eszenikoko proposamenak eskainiko dituzte, emakumeen gidoi edo zuzendaritzarekin beti ere.
Gaur, uztailak 2, emango diote hasiera egitarauari eta Berdintasuna eszenan: gogoetak Euskadiko arte eszenikoetan genero-berdintasuna lortzeko foroa egingo dute Alondegian. Foroa 19:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Jarraian, 21:00etan, Cristona Calvok Lo que me sale de la concha antzezlana eskainiko du Andra Mari Plazan. Antzezlanak 45 minutuko iraupena du eta magia ikuskizun handi bat egin nahi duen Maskor Aztia izeneko emakume baten istorioa kontatzen du.
Bihar, larunbata, ekintzaz betea dute egitaraua. Cristina Arias aktoreak umeentzako tailerrak egingo ditu 10:30ean, bi orduz. Segidan, 13:00etan, Tepsis teatroak Despierta! Retablos de la vergüenza ikuskizuna eskainiko du zezen-plazan. Arratsaldean, berriz, Colectivo arteak Los caminos de la vida antzezlana eskainiko du, Artea Sareko emakume migratzaile/errefuxiatuen eta giza eskubideen defendatzaileekin egindako ahalduntze-tailerren bidez garatua. 17:00etatik 18:00etara izango da emanaldia, zezen-plazan. Ordu erdi geroago, ¡Qué circo de mujer! kaleko ikuskizuna izango da Andra Mari plazan, Cia Ido Lo Ca konpainiaren eskutik.
Avril Teatro Brevek Avril izeneko ikuskizuna eskainiko du 20:00etan zezen-plazan, kabaret ospetsu bateko gelan gogoetan ari den emakume dantzariaren kontakizuna egiten duena. Egitaraua ixteko, berriz, Las Lentejas taldearen kontzertua izango da toki berean, 21:00etan. Belaunaldien arteko banda punk transfeminista da, 2018an Euskal Herrian sortutakoa.