Neskalaguntza nazkanteagorik!

Espainiako telebista publikoa PP alderdia, alegia egoskortuta dabil trantsizio aurreko balioetara itzultzen, eta albistegiak eta "Cuéntame cómo pasó" telesaila bihurtu dira helburu horren azkenaldi luzetxoko adierazlerik nabarmenenak.
Albistegiei buruz, bi datu soil: Alfredo Urdazi bezalako pertsonaia ezin eskuindarragoa da informatibo buru, eta boterean daudenen bozgorailu dira informazio tarte ia guztiak. Eta norbaiti zalantzarik geratu bazaio, adibide bat: audientzia gehien duen TVEko albistegia Espainiako hurrengo erregina gizarteratzeko tranpolin huts bilakatuta ikusi berri dugu.
"Cuéntame cómo pasó" telesailaren ekarpena, berriz, esaldi bakarrean laburbil daiteke: Francoren azken urteetako bizimodua familia ustez maitagarri baten bitartez azalduz, gaindituta omen dagoen iragan itogarri eta hurbil baten erretratu atsegina eskaintzen saiatzen dira. XXI. mende hasierako Euskal Herritik ikusita, gaur gaurkoak ere ematen dute telesailean ikusten diren pasadizo batzuek; zer nahi duzue esatea.
Eta guztia biribiltzeko, bueltan etorri zaigu orain "Un, dos, tres" saioa. 1972an
estreinatu zen saioa, eta ordukoaren kopia ezin klonikoagoarekin erakarri nahi dute jendea.
Abestiko Maritxu dirudi PPk, bere balioen iturrira joan eta joan, eta duen egarri atzerakoia lotsarik gabe kantatuz teleikusle Bartolo guztiei, neskalaguntzan joan daitezen berarekin. Gauza nazkanteagorik!
Penagarria

Delituen gorakadarekin behin eta berriro lotzen dituen etorkinen beste aurpegi bat erakutsi zigun gabonetan TVEk, Un domingo cualquiera saioarekin: bi etorkin plato batean elkartu, beraien egoera larria aurkezten utzi, eta ikusleak epaile bihurtu zituzten. Pena gehien ematen zutenei telefonoz deitzeko edo SMS mezu bat bidaltzeko eskatu zuten. Irabazleak urruneko senideengana joateko bidaia jaso zuen. Zeuok erabaki zerk ematen dizuen pena gehien: TVE-ren lotsagabekeriak edo etorkinen egoera latzak.
Ekaitza astekaria Baiona TVn

Baiona Ttipian egindako Ekaitza aldizkariari buruzko informazioa eman zuen Baiona TV-k joan den hilean pantailaratutako "La circulation de l´info dans mon quartier" ("Informazio hedapena auzo batean") erreportajean. Egilea Sophie Hautenauve da.