Neil Young: Badator Torontoko hartza

Neil Young: Badator Torontoko hartza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/neil-young-badator-torontoko-hartza/@@download/image/neil_young_1362738904.jpg
2009/05/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Neil Young: Badator Torontoko hartza
Igande honetan Neil Young handiak emanaldia eskainiko du Donostian. Euskal Herrian arituko den bigarren aldia izango da, 1987an Bilbon izan baitzen "Life" diskoa aurkezten. Grungearen aitabitxiak "Folk in the road" izeneko disko berria aurkeztuko du.

Neil Young (Toronto, 1945) herri musikak eman duen musikari garrantzitsuenetakoa da. Azken berrogei urtetan hamaika maisulan grabatu ditu, eta bere eragina antzeman daiteke makina bat artista garaikiderengan: Pearl Jam, Teenage Fanclub, REM, Dinosaur Jr., Jayhawks… Ondorioz, 90eko hamarkadan Seattle hirian eztanda egin zuen grungearen aitabitxia izendatu zuten.

Youngek estilo anitz jorratu ditu, baina folk-rock akustikoa eta rock elektrikoa izan ditu kuttunenak. Folk rock akustikoaren baitan Heart of gold, Harvest moon edo Old man kantuak nabarmendu daitezke; rock elektrikoan, berriz, Cinnamon girl, Rockin' in the free world edota Hey, Hey, My My (Into the Black). Bestalde, Young musikari ausarta da eta estilo garaikide asko besarkatu ditu, lotsagabe. Horren erakusle da Pearl Jam taldearekin grabatutako Mirror ball (1994) lana.
Rockaren historiako musikari handienetakoa izateaz gain, zinemagilea da Neil Young, eta  hainbat film zuzendu ditu Bernard Shakey goitizenaz. Iaz, CSNY Deja Vu (2008) filma aurkeztu zuen, Neil Young bera, David Crosby, Graham Nash eta Stephen Stills musikariek 60ko hamarkada elkarrekin osatutako CSNY taldearen istorioa kontatuz. Banda hori oso kritikoa izan zen Vietnamgo gerrarekiko, eta filmak diskurtsoa gaurkotu du Irakeko gerraren aurka.

1966an, CSNY taldea eratu aurretik, Youngek Buffalo Springfield taldea osatu zuen, eta hiru disko zoragarri grabatu zituen pop, folk, rock eta country estiloak uztartuta. 1968an taldea desegin egin zen, eta bakarkako ibilbideari ekin zion estreinako lan homonimoarekin. Geroxeago Everybody knows this is nowhere (1969) liluragarria argitaratu zuen bere talde kuttuna, Crazy Horse, lehendabiziko aldiz alboan zuela; 1972an Harvest plazaratu zuen, 1975ean Tonight's the night… eta horrela, gaur arte. Ezinezkoa da jenio handi honen musika ondarea orrialde batean laburbiltzea.

Bukatzeko, esan dezagun Young musikari konprometitua dela. Adibidez, Bridge School, ezindutako haurrentzako eskola sortu zuen bere emaztearekin batera. Kontua da, bikotearen bi semeek garuneko-perlesia daukatela, eta Neil bera epileptikoa dela. Oraintsu, gainera, ebakuntza egin diote Youngi garun-aneurisma bat dela eta. Itzal handiko maisua. Horixe da Torotontoko hartza.