Nazioen Munduak batzar irekia egingo du martxoan

Nazioen Munduak batzar irekia egingo du martxoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nazioen-munduak-batzar-irekia-egingo-du-martxoan/@@download/image/nazioen_mundua_1361438644.jpg
2013/02/21
berria
Autodeterminazioaren aldeko herri ekimena da Nazioen Mundua, eta datorren martxoaren 2an —larunbata—, batzar irekia egingo dute orain arteko ibilbideaz eta etorkizunerako proposamenez hausnartzeko. Zita 11:00etan egin dute, Beasaingo Igartza Jauregian.


Nazioen Mundua herri ekimena 2007an sortu zen Idiazabalen —Gipuzkoa—. Herriko sokatira taldetik abiatuta eta herri-kirola sustatzeko asmoz, adin, irizpide politiko, genero eta oro har, ezaugarri ezberdineko herritarrak, batu ziren, eta pixkanaka, elkartzen zituzten puntuak indartze aldera, autodeterminazioaren aldeko mugimendua errotzen joan ziren.

Hala, 2008an Eskoziara egin zuten bidaia, eta 2010ean Eskozia-Euskadi jaialdi handia antolatu zuten. Halaber, bertako eta Euskal Herriko hainbat ordezkari politikorekin mintzatu dira, eta gure artean ere autodeterminazioaren inguruko erreferenduma egiteko eskubidea aldarrikatu dute.

Iaz ‘Gazta zati bat’ izeneko dokumentala aurkeztu zuten, ordura arteko ibilbidearen nondik norakoak biltzen zituena, eta ikaragarrizko arrakasta lortu zuen Euskal Herri osoan.

Batzar irekia
Guzti honen inguruan eztabaidatu eta hemendik aurrerako egitasmoak zehazteko, datorren martxoaren 2an, goizeko 11:00etan, Beasaingo Igartza Jauregian batzar irekia egingo du Nazioen Munduak. Deialdi zabala luzatu die euskal herritar guztiei.

Besteak beste, apirileko eskoziarren etorrera, autodeterminazio eskubidearen urteroko jaialdia, uztailean Eskoziara egingo duten bidaia, 2014ko Euskal Herria – Catalunya – Scotland jaialdia eta beste hainbat gai izango dituzte hizpide. Proposamen oro ongietorria izango da.