Naturak ezin gaitu gehiago mantendu

Naturak ezin gaitu gehiago mantendu 30 urte, ez gehiago; handik aurrera, munduko biztanleriak polinizazioaren desagerpena eta ur edangarriaren urritasuna pairatuko ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/naturak-ezin-gaitu-gehiago-mantendu/@@download/image/20190708152431.planeta.jpg
2019/10/11
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

30 urte, ez gehiago; handik aurrera, munduko biztanleriak polinizazioaren desagerpena eta ur edangarriaren urritasuna pairatuko ditu.
Naturak ezin gaitu gehiago mantendu

Ikerketak bata bestearen atzetik datoz, eta denek gauza bera diote; ingurumena krisian dago, eta ez da denbora asko gelditzen egoerari aurre egin nahi badiogu. Azken datuak Natural Capital Project makroikerketak eskaini ditu. Science aldizkari entzutetsuak argitaratu duen azterlan batek dioenez, 2050ean 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira ura kutsatu, kostaldeko ekaitzak jasan eta laboreak galtzeko arrisku handiena duten lekuetan.; eskainitako datuen arabera, ondorio latzenak Afrikan eta Asian pairatuko dituzte, hain zuzen, natura baliabide handienak dauden eremuetan.

Unai Pascual, Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeko ikertzailea eta biodibertsitateari eta ekosistema-zerbitzuei buruzko gobernu arteko plataformako (IPBES) balioak ebaluatzeko presidentekidea, izan da ikerketa honen egileetako bat, zeinaren gidari Stanfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileak izan baitira. Azterketaren helburua da klima-aldaketaren inpaktuen aurrean prebentzio- eta babes-politikak eta -ekintzak zuzentzeko behar den ezagutza gizartearen esku jartzea. Science aldizkariak argitaratutako lanak erakusten duenez, natura-ingurunea gero eta ahulagoa da, eta, horren ondorioz, ura kutsatzeko, kostaldeko ekaitzak jasateko eta espezie polinizatzaileen urritzea dela-eta laboreak galtzeko probabilitate handieneko lekuetan bizi diren populazioek gero eta arrisku handiagoa dute. Lan hau argitaratzean Pascualek azpimarratu duenez, “tokiko, eskualdeko eta nazioarteko ingurumen-gobernantza huts egiten ari da munduko eskualderik zaurgarrienetako ekosistemak eta populazioak babesteko inbertsio estrategikoak zuzentzeko garaian.

Gero eta maizago gertatzen dira ur-kutsadura, kostaldeko ekaitzak eta laboreen polinizazio urria, eta natura gaitasuna galtzen ari da populazioak gertaera horien ondorioetatik babesteko. Hain zuzen, arlo horiek ditu ardatz Science aldizkariak argitaratutako azterketak. Ebidentziek adierazten dutenez, populazioek ekosistemen behar handiena duten munduko eremuetan ari da gehien urritzen naturak behar horiek asetzeko duen gaitasuna, ekosistemen degradazioa dela eta. Proiekzioen arabera, 2050ean 5.000 milioi pertsonak baino gehiagok izango dute ura kutsatzeko, kostaldeko ekaitzak jasateko eta laboreak galtzeko arrisku handiagoa.

Inpaktu horiek adierazten dute, gainera, ingurumenaren degradazioaren inpaktu negatiboak ez direla modu orekatuan banatuta egongo. Unai Pascualek dioenez, “aztertutako etorkizuneko egoera guztietan, garabidean dauden herrialdeek, gaur egun ahulagoak direnek, arrisku handiagoa izango dute naturak eta ekosistemek populazioen ongizateari dakarzkioten onurak galtzeko”.

Azterketak argi erakusten du berehala hartu behar dituztela neurriak ekosistemak kudeatzeaz arduratzen diren erakunde guztiek. Pascualen esanean, “ibilbide horretan jarraitzen badugu, ekosistemek ezingo dute jarraitu klima-aldaketaren eraginei aurre egiteko aseguru natural bat ematen, gizakion oinarrizko premiei dagokienez: elikagaiak, ura eta azpiegiturak“.