Narrazioen abaroan

Narrazioen abaroan Umetan ipuinekin abiatzen gara bizitzan oinez; gurasoek kontatuak izan daitezke, beste norbaiti irakurtzen entzunak edota, geuk, ilustrazioetatik harago, begiekin hizkiei neurria hartzen hasi eta hitzak, esaldiak, lotzen ikasten dugunetik aurrera geureganatuak. Narrazioa geure bizitzaren parte bilakatzen da oharkabean, hainbat neurri eta formatutan. Maitasunez gogoratzen ditugu gaztetxotan irakurritako komikiak, Patxi errementariaren kontakizuna, Roald Dahlen istorio miresgarriak eta beste hainbat. https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2020/05/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta @mailegetx

Umetan ipuinekin abiatzen gara bizitzan oinez; gurasoek kontatuak izan daitezke, beste norbaiti irakurtzen entzunak edota, geuk, ilustrazioetatik harago, begiekin hizkiei neurria hartzen hasi eta hitzak, esaldiak, lotzen ikasten dugunetik aurrera geureganatuak. Narrazioa geure bizitzaren parte bilakatzen da oharkabean, hainbat neurri eta formatutan. Maitasunez gogoratzen ditugu gaztetxotan irakurritako komikiak, Patxi errementariaren kontakizuna, Roald Dahlen istorio miresgarriak eta beste hainbat.

Hazi ahala, norbaitek sinestarazi nahi izan dizu, ordea, narrazioetan ere kategoriak daudela eta luzerak garrantzia duela. Film luzeak egiteak laburrak baino meritu handiagoa duela dirudi, eta horregatik galdetzen dietela etengabe zuzendariei noiz egingo duten gutxienez ordu eta erdi inguru iraungo duen pelikula. Eta gauza bera gertatu ohi zaie narrazio liburuak idazten dituztenei, autore horiei idazle izaera aitortzeko nobelaren zain egoten  dira-eta asko eta asko. Anjel Alkainen pertsonaia hark zioen moduan: zer nezesidade? Egileak beharrik edo nahirik sentitzen ez badu, ez dauka nobela bat idazteko pausua eman beharrik, ez baita horregatik idazle kaskarragoa izango. Esan beharrik ez den arren, idatzitakoaren baitan dago balioa, eta ez luzeran. Denok irakurri izan dugu gugan inolako eraginik izan ez duen nobelaren bat edo beste, eta baita gogoa astindu diguten orrialde bakanetako narrazioak ere.
Euskal Herrian, zorionez, narrazio-liburu dezente argitaratu izan dira eta genero honetan oso abilak diren idazleak ditugu, esaterako, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Iban Zaldua.

Azken hilabeteetan ere argitaratu dira gisa honetako lanak eta horietako bi ekarriko ditugu hona: Goiatz Labandibarren Hori zen dena eta Iñaki Irasizabalen Zorioneko familia. Kontaera eta luzera ezberdinetako lanak izanik ere, umore beltzerako, ironiarako, jolaserako joera dute komunean.
Lehena, kontakizun laburrez osatua dago eta harremanak ditu ardatz. Estilo zuzenez idatzita daude eta kontatu nahi den horren muinera jotzen da berehala. Labandibarrek berak azaldu duenez, ez zaio axola izan pertsonaiak edo tokiak nolakoak diren aztertzea eta deskribapenetan luzatzea, baizik eta euren jokaeran murgiltzea eta zer motibatzen dituen ikustea. Hamabost narrazioetan hainbat egoera daude: bizilagun gazteak larrutan entzuten dituen emakume alargunarena,  astelehenak gorrotatzetik maitatzera igarotzea, haurdun dagoen alabari umea ez izateko aholkatuko dion amarena, senarra hil eta mutil-laguna izateko gogoz dagoena, parranda gau batean bere bikotekidea ez den norbaitekin oheratzeko aukera sortuko zaiona, egoera bera bizitakoan aitaren jokamoldea ulertuko duen alaba... Istorio guztiek dute egia mingarriren bat bere baitan eta, horretaz gain, desioa, gorputza, eta sexualitatea ere mahai gainean jarri ditu zintzotasunez.
Bigarrena, berriz, familiaren bueltako kontuez ari zaigu, jaio eta berehala bihurtzen baikara egitura horren parte. Dena ez da ordea, maitasuna eta babesa izaten beti, gezurrak, minak eta sufrimendua ere tartean sar daitezke. Hamar narrazio mamitsu aurkituko dituzue liburuan, pertsonaia eta gorabehera aunitz: bizimodu zail samarra izan duten gurasoekin hazten ari den mutikoa, kontaktuetako iragarki bidez emakume bat ezagutuko duen gizona, eginbeharrekoez arduratzeko hil berri den aitaren etxera itzuliko den emakumea, alkohol eta droga menpekotasuna duten anai-arrebak, familia politikoarekin zein ahizparekin tira-birak dituen emakumea, familiako batek bere buruaz beste egin izanak familia elkartzea eragitea, baserrira uda pasatzera joan eta gertaera misteriotsu batzuk asperdura etetea, auzoko ume bihurria tarteko bizitza korapilatuko zaion familia… Istorioen jirabiren zain egongo zara une oro, kontakizunak nolako amaiera izango duen igarri nahian. Gazitik asko izan arren, aho zapore gozoa uzten du irakurketak.
Narrazio liburuez gozatzen jarraitzeko beste bi arrazoi dituzue hemen. Beste hamaika badira, eta izango dira aurrerantzean ere. Gehiago luzatu gabe, gure gaur eguneko erritmoetara modu samurrean egokitzen diren kontakizunen abaroan egongo gara.