Namibia: Hondartza infinituen basamortua

Namibia: Hondartza infinituen basamortua Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/namibia-hondartza-infinituen-basamortua/@@download/image/AURKIBIDEA_Namibia_HIMBA_3.jpg
2019/09/05

Testua: Xabat Izagirre

Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak!
Namibia: Hondartza infinituen basamortua

Spitzkoppe 

Namib-Naukluft parketik iparraldera, Spitzkoppe granitozko mendi-multzo zoragarria dago. Harritzarrek 700 milioi urtetik gora dituztela kalkulatzen dute eta gailur nagusiak 1.784 metroko altuera du. Tontorrak bereziki ikusgarriak dira inguratzen dituen basamortu lauaren gainetik 700 metro altxatzen direlako; eskalatzen aritzeko primerako hormak! Bestela, Khoi San tribuetako kideek bertako harkaitzetan utzitako margolanak dira inguru honetako xarma nagusia. Labar-artea maite dutenentzat, baina, Twyfelfontein (herrialde ipar-mendebaldean) da Namibiako benetako altxorra, 2007an UNESCOk gizatasunaren ondare izendatua.

Eskeletoen kostaldea

Namibiako basamortuak Atlantiko Ozeanoarekin bat egiten duen itsasertz tarte luzeari ipini diote halako izen makabroa. Olatuen joan-etorria etengabea da, haizeek gogor jotzen dute kontinente barnealdetik itsasorantz eta, ondorioz, klima muturrekoa da han. Urteetan zehar kostalde honetan hondoratu eta hondartza amaigabeetan enkailatutako ehunka ontzi eta baleen eskeletoek marrazten duten ikuspegi atsekabegarriak zinez merezi du bisita egitea.

Etosha Parke Nazionala eta Himba herria

Bizitza basatia puri-purian ikusi eta sentitzeko, aldiz, Kalahari arroko putzuen parekorik ez dago herrialde osoan. Etosha Parke Nazionalak mota eta tamaina guztietako ugaztun nahiz hegaztiak, ura edaten duten bitartean, hurbil-hurbil edukitzeko aukera eskaintzen du. Kaprikornioko tropikoak gurutzatzen duen parke honetatik gertu, Kunene eskualdean, Himba herria bizi da. Zorigaiztoko telebista saio batek ezagun egin zuen talde etniko hau bere jatorrizko bizimodu nomada eta abeltzaina gordetzen duen bakarra da Namibia osoan. Eskualde berean, baina iparraldean, Angolako mugan, Epupa ur-jauzi itzelak daude, Kunene ibaiaren formazio zoragarriak.

Fish River arroila

Afrika hego-mendebaldeko herrialdea kontinenteko handienetakoa da (824.000m2), baina biztanleria urria du oso, bere basatasunaren mesedetan. Munduko paisaia zirraragarrienetako batzuk gordetzen ditu Namibiak; bidaia iraganera, ilargira tarteka. Bazter txundigarri horietako bat da Fish River arroila, hego muturrean. Munduko bigarren handiena da (160km luze, 27km zabal eta 550m sakon), hil aurretik ikusi beharreko tokien zerrendan sartzea merezi du. Arroilaren hego amaieran, Ai Ais iturri termalak daude, batez beste 60 graduko tenperatura duten ur beroak isurtzen dituztenak. 1903-1907 bitartean Nama herria kolonoen aurka altxa zenean, alemaniarrek oinarrizko kanpaleku gisa erabili zuten leku hau.

Namib basamortuko dunak eta zartaginak

Arearen kolore gorri biziak egiten du berezi Namib, Lurreko basamorturik zaharrena, Atlantikoan hiltzera doan uhin segida amaigabea. Namib-Naukluft da herrialdeko parke nazional handiena, eta basamortuko bazterrik ikusgarrienak barnebiltzen ditu. Sesriem atetik sartu eta 45. kilometroan gelditu ohi dira bisitari gehienak, 80 metroko garaiera duen duna altuenera igo eta bertatik egunsentiaz gozatzeko. Aurrera segituz gero, ordea, eszenatoki magiko eta bakartiagoak aurkituko dituzu: zartaginak. Gatz kontzentrazio altua medio, zuri kolore harrigarria duten sakonuneak dira. Esanguratsuenak, hiru: Sossusvlei, Hidden Vlei eta Dead Vlei; 500 urte baino gehiago dituzten akazia petrifikatuek baino ez dituzte zipriztintzen.