Najwa Nimri: "“Musika elektronikoak nire ahotsa ezagutuarazi zidan”"

Najwa Nimri: "“Musika elektronikoak nire ahotsa ezagutuarazi zidan”" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2010/07/02
elkarrizketa
Raul Perez
Najwa Nimri: "“Musika elektronikoak  nire ahotsa ezagutuarazi zidan”"
Iruñean jaio eta Bizkaian igaro zuen nerabezaroa Najwa Nimri Urrutikoetxeak. Musika eta zinema. Zinema eta musika. Bi esparruotan dihardu. Bete betean gainera. 


El ultimo primate
diskoa kaleratu du berriki, eta Iciar Bollain, Achero Mañas, Ken Loach eta Eduardo Chapero Jacksonen  azken pelikuletan aritu da; oraindik filmok ez dira zinema aretoetara iritsi. Ikastolako koruan sartu zitzaion kantugintzaren harra Nawja Nimriri, eta hastapenetan soulean jardun bazen ere, hura utzi eta musika elektronikoan egiten ari da bidea. Najwajean taldean aurrena, eta bakarka azken urteotan. Musika mota horretan ikusten du bere burua erosoen. Zineman, Salto al vacio filmarekin jauzi handia eman zuen 90ko hamarkada hasieran eta gerora, besteak beste, Julio Medem eta Alejandro Amenabarren esanetara lan egin du. Bilbon egitekoak ginen elkarrizketa, Kafe Antzokian jo behar zuelako, baina eztarriko minagatik bertan behera utzi zuen emanaldia. Aurretik ere ebakuntza egin diote eztarrian eta zaindu beharra dauka. Madrileko bere etxean jaso du GAZTEZULOren deia. "Hitz egiteko nago baina ez, ordea, oihukatzeko".

El ultimo primate
da diskoaren izenburua. Sasoi baten bukaera irudikatu nahi izan omen duzu, etorriko dena hobea izango den esperantzan.

Okerrera ezin du egin. Ezertan sinesten dugunok ilusioa edo itxaropena dugu. Nik zehazki ez dakit zer egiten ari garen gaizki, baina badakit zerk aspertzen nauen, eta horrek berak beste jende asko aspertzen duela: ezartzen dizkiguten arauak.

Adibidez?

Ba, esate baterako, telebista.

Zer traza hartu diozu egindako diskoari lehen zuzenekoak eta gero?

Oso ona. Espainia alde batera utzita, Budapesten eta Parisen aurkeztu dut jada, eta Hego Amerikara ere joango naiz; Venezuelara, Argentinara eta Mexikora. Lan berezia da. Orain arte ingelesez abestu dut eta disko honetan aurreneko aldiz gaztelaniaz kantatu dut. Letrak idazten ari nintzela pentsatu nuen behin bukatuta asko ez zirela egokiak izango. Gillotina etorriko zenaren beldur nintzen, nolabait, baina azkenean ez da horrela izan. Aurreko batean, Madrilgo areto batean ikusi nuen bertan zegoen jendeak abestiak bazekizkiela eta horrek harritu ninduen. Beharbada, duela urte gutxi hasi nintzelako zuzeneko emanaldiekin.

Euskal Herrian hasi zinen abesten.

Lauro Ikastolaren koroan hasi nintzen, hain zuzen, eta ordutik horretan nabil, gelditu gabe. Abesbatza batean berriz ere kantatu nahi nuke, eta dirua izango banu gustura antolatuko nuke nik bat!

Zerk eraman zintuen musika elektronikorantz?

Soul talde batean hasi nintzen, Areta Franklinen kantak abesten, baina konturatu nintzen hura ez zela nire musika, ahotsa gehiegi behartu behar nuelako. Elektronikarekin hasi nintzen orduan, bakarrik aritzeko gogoa nuelako, eta musika horrek erakutsi zidan nolakoak ziren nire ahotsa eta tinbrea. Hori izan zen lehen urrats inportantea. Hurrengoa bakarrik abestea izan zen eta orain arteko azkena, hauxe: gaztelaniaz abestu eta akustikora itzultzea.

Duela urte gutxi arte ez zenuen kontzerturik eman. Zergatik?

Eskaintza asko eta onak izan nituen hasieratik, baina ez nuen ikusten horretarako une aproposa zenik. Irudipena nuen ez nuela gozatuko, eta hortaz, ez zait damutzen. Horrelako proposamenek larritzen ninduten, nolabait. May day diskoarekin igo nintzen oholtzara aurrenekoz eta hara non konturatu nintzen egon bazegoela jende asko niri entzuteko prest.

Madrilen bizi zara. Euskal Herrirako bidea maiz hartzen al duzu?

Ez asko. Anaia Beijingen bizi da eta ahizpa hemen, Madrilen. Egia da aitona eta amaren aldetik familia eta lagunak ditudala Euskal Herrian, baina egia esan, ez naiz askotan joaten.

Bilbon nerabezaroa igaro zenuen. Sasoi hartako kontzertuez edo kontzertu aretoez gogoratzen al zara?

Ez nintzen kontzertu askotara joan urte haietan. Bitxikeria gisa, oroitzen naiz Espainiako talde batena izan zela bertatik bertara ikusitako lehen zuzenekoa; taldearen izena bera ere ez dut oroitzen; bai, ordea,  jendez lepo zegoela eta ez zitzaidala batere gustatu. Aurrerago, Negu Gorriak, Kortatu, Potato eta beste hainbat talde ikusi nituen. Fermin Muguruza ezagutu nuen pertsonalki duela urtebete inguru, Madrilen, eta solasean aritu ginen; atsegina iruditu zitzaidan. Hobeto gogoratzen dut, hori bai, zer musika entzuten nuen gaztaroan: The Stray Cats modan zeuden eta haien abestiak entzuten nituen –nahiz eta niri asko gustatu ez– Patti Smith, musika beltza… Eta abestu ere gutxitan abestu dut Euskal Herrian: pare bat aldiz Bilbon eta behin Donostian. Hori bai, gogoan dut Bilboko Kafe Antzokian jo nuenekoa hunkigarria izan zela, ikastolako lagunak ni ikustera joan zirelako.

Ikastolan barneratutako euskarari eusten al diozu?

Elebiduna naiz, guztiz. Gaztelaniaz bezain ondo hitz egin dezaket euskaraz, nahiz eta urteak diren hitz egiteko aukera handirik ez dudala; lankide baten neska lagunarekin, besterik ez; iruindarra da bera ere. Ikastolan euskara hutsez aritzen ginen eta aitonak lan handia egin zuen euskaraz ikas nezan. Berak ez zuen aukera hori izan, eta beti ere edertasunetik mintzatzen zitzaigun euskarari buruz.

Euskara ez duzu ahaztu. Eta surfa?

Ikastolatik hanka egiten nuen olatuak hartzeko. Gaur egun surfa asko zabaldu da. Oraindik orain, lehengusuarekin tarteka joaten naiz surf egitera, Portugalera esate baterako. Lehen horma onak jaisten nituen. Oraingoak ez dira horrenbestekoak, baina gai naiz zutik jartzeko, atzeko belauna finkatzeko, eta finean horma, justu bada ere jaisteko.

Ama iruindarra, eta aita jordaniarra. Herrialde harekin loturarik ba al duzu?

Aita izan da Jordaniarekiko lotura, eta amona ere ezagutu dut –aitaren ama–. Baita osaba-izebak ere. Hala ere, haiek bisitatzera ez ginen Jordaniara joaten, eurak ere Europara aldatu zirelako. Udaran izango dut, beharbada, Jordaniara joateko aukera. Aitaren familiaz zera esan dezaket: kultura maila oso altua dute; bost hizkuntz dakizkite eta aldaketetara egokitzeko gaitasun handia erakutsi dute. Jordaniarrek badute euren jaioterriarekiko atxikimendua, baina era berean barneratuta dute tokian tokira moldatu behar dutela, eta bertako hizkuntza nahiz ohiturak ikasi eta barneratu behar dutela.

[Musikan ez ezik, zineman ere bide luzea egina du Najwa Nimrik eta bere pelikulek, bai, maiz ekarri dute Euskal Herrira. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen, adibidez, Mataharis filma 2007an].

Julio Medemen Room in Rome pelikulan ikusi zaitugu berriki, eta beste zenbait filmeren aurrerapenetan ageri zara.

Pelikula batetik bestera ibili naiz azkenaldian Iciar Bollainen Tambien la lluvia filmean Isabel I.a Espainiako erreginaren larruan jardun naiz, baina filma mozten ari dira eta espero dut nire pertsonaiari eustea, zoragarria baita. Bestalde, Ken Loachen Route Irish filmean aritu naiz eta luze jo gabe estreinatuko da. Achero Mañasen Todo lo que tu quieras pelikulan rol luzeagoa jokatu dut.

'Room in Rome'n ez ezik, Lucia y el Sexo eta Los amantes del circulo polar filmeetan ere aritu ziren Julio Medemen esanetara. Nolakoa da zinema zuzendari donostiarra?

Bere burua bilatzen ari da etengabe. Batzuetan ondo ateratzen zaio eta beste batzuetan ez horren ondo, baina bere burua bilatzeko saiakera horretan ez du amore ematen. Txarteldegi datuetatik haratago iruditzen zait goiz ala berandu publikoarekin bat egingo duela berriro. Oso ibilbide pertsonala du, eta hori beti ona da.

Medemek euskal gatazkari buruz dokumentala egin zuen duela urte batzuk, Euskal Pilota; larrua harriaren kontra, eta epelak esan zizkioten zenbait hedabidek. Zer deritzozu?

Egia esan, ez dakit zer esan zuten, ez telebistari ez egunkariei ez diedalako jaramon handirik egiten. Ez naiz esaten dutenaz fio. Nik sinesten dudan gauza bakarra da denok bat etor gaitezkeen puntua edo lekua existitzen dela eta ertz komun horri erreparatu nahi ez diona ez zait interesatzen, edonongoa dela ere. Dakidana da Londresen ondo hartu zutela eta Europako beste herri batzuetan ere estreinatu zutela.

Alejandro Amenabarrekin lan egiteko aukera ere izan duzu Abre los ojos filmean. Hari buruz, zer?

Konfiantza handia du aktoreengan. Castingetan aukeratzen ditu, gero nork bere lana egin dezan. Betidanik gauzak oso argi izan ditu. Hala ere, zuzendarien lana epaitzea zaila egiten zait. Zuzendari batek oso film ona egin dezake eta hurrengoa ezin txarragoa izan, une oro maila berean egotea ezinezkoa da. Kontua da ohitura handia dugula jendeari berehala burua mozteko. Zuzendari batek erantzukizun handia hartzen du bere bizkar.

Gustatuko al litzaizuke kamera atzean aritzea?

Ezta pentsatu ere, ez balitz jende askoren babespean. Daniel (Calparsoro) edota Julio (Medem) horrenbeste sufritzen ikusi ditut… Zuzendari batek presio izugarriari egin behar dio aurre: ekoizleak, aktoreak, taldea… Hori infernua!

Aurrera begira zer duzu buruan eta eskuartean?

Musikari dagokionez, abestiak etengabe idazten nabil; sei zazpi abestitako letrak idatziak ditut jada. Eta zinemaz, abuztuan agian Berlinen errodatuko dut film bat, eta beste gidoi bat dut eskuartean: kazetari espainiar bat da protagonista eta Israel eta Jordaniaren arteko gatazkaz dihardu. Jordania aitaren jaioterria izaki, ilusio berezia dut jarrita lan horretan.

Zer ematen dizu musikak zinemak ematen ez dizuna? Eta alderantziz?

Musikan nire buruarekin nago, nolabait, eta zineman pertsonaiaren larruan sartzen naiz eta beste baten esanetara jartzen naiz. Denbora asko daramadanean nire buruarekin bakarrik beste norbaiten aginduetara jartzea mesedegarria izaten da. Eta denbora luzez beste baten esanetara egon eta gero, nire buruarekin biltzea ondo datorkit. Bi esparruok bateragarriak dira.