NAIZENA LORATUZ

NAIZENA LORATUZ ESPAINIAR ESTATUAN ZALAPARTA HANDIA SORTU DA AZKEN HILABETEOTAN TRANS LEGEAREN PROIEKTUA DELA ETA, AZKENEAN DIPUTATUEN KONGRESUAK TRAMITERA ONARTU EZ BADU ERE. EZTABAIDAK EUREN EGOERARI IKUSGARRITASUNA EMATEKO BALIO IZAN DU BEHINTZAT. TRANS PERTSONEN ONGIZATEAZ ARDURATZEN DIREN HAINBAT ELKARTE DAUDE EUSKAL HERRIAN, TARTEAN ‘NAIZEN’ ETA ‘LORATUZ LOTU’. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/naizena-loratuz/@@download/image/naizena_loratuz_02.jpg
2021/06/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

ESPAINIAR ESTATUAN ZALAPARTA HANDIA SORTU DA AZKEN HILABETEOTAN TRANS LEGEAREN PROIEKTUA DELA ETA, AZKENEAN DIPUTATUEN KONGRESUAK TRAMITERA ONARTU EZ BADU ERE. EZTABAIDAK EUREN EGOERARI IKUSGARRITASUNA EMATEKO BALIO IZAN DU BEHINTZAT. TRANS PERTSONEN ONGIZATEAZ ARDURATZEN DIREN HAINBAT ELKARTE DAUDE EUSKAL HERRIAN, TARTEAN ‘NAIZEN’ ETA ‘LORATUZ LOTU’.
NAIZENA LORATUZ

Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea, 2019ko urte hasieran sortu zen. Lau urte lehenago, Espainiar Estatuko Chrysallis elkartearen ordezkaritza eratu zuten EAE eta Nafarroako zortzi familiak, baina erkidegoek hainbat esparrutan eskuduntzak izanik, euren bide propioa egitea erabaki zuten. Euskal Herri osoan aritzen dira, nahiz eta Iparraldean oraindik kasu gutxi batzuk baino ez dituzten ezagutzen. Egun, berrehun kidetik gora dira, baina beste hirurehun batekin aritzen dira lanean.

Adingabe transen familiez gain, nagusiak direnean trantsitua egiten duten pertsonek ere behar izaten dute laguntza eta babesa, eta horregatik sortu berri dute Loratuz Lotu elkartea Brayan Altimasberes eta Mash Elizaldek. Nagusitan egin dute biek trantsitua, eta helduen kasuan zailagoa dela uste dute: “Orain dela urte batzuk ez zen honi buruz hitz egiten eta, beraz, zer gertatzen zitzaizun identifikatzea, zergatik ez zinen beste pertsonak bezalakoa jakitea, askoz zailagoa zen. Ez da beldurra bakarrik, inguruak nola hartuko duen ala gai izango zaren horri aurre egiteko; batzuetan zeuk ere ez dakizu zer gertatzen zaizun, ez zara izen bat jartzeko gai. Askotan horrek ere zure prozesua atzeratzea eragiten du. Informazioa topatzen duzunean ulertzen duzu. Gaur egun, informazio eta erreferente dezente dago eta umetan errazago dute, heldutan zailagoa da oraindik ere”, dio Altimasberesek.

Arreta eta formazioa
Adinez nagusiak direnen kasuan, trans pertsonei eta euren inguruari, lagunei zein familiari, ematen diete arreta. Naizen elkartean, berriz, familiei bideratua dago laguntza: “Arreta familien bidez egiten dugu, guk inoiz ez dugu esku hartzen haur batekin. Gainera, pentsatzen dugu ez dela ona umeak zeozer gertatzen zaiola uste izatea. Izan ere, haurrari ez zaio ezer gertatzen, behar duena da familiak bera nor den ikustea. Orduan, familiarekin esku-hartzea eginda nahikoa da, ez da besterik behar. Nerabeekin tailerrak eta irteerak egin izan ditugu, euren adinean garrantzitsua delako gauza bera bizi dutenen artean harremanak izatea, zenbait gauza eurek baino ez dituztelako ulertuko. Erreferente falta handia egon izan denez, garrantzitsua da, baina, bestela, familiekin daukagu harremana”, azaldu du Bea Sever elkarteko bozeramaileak.   

Familiek ere euren prozesua egin behar izaten dute eta ez da beti samurra izaten: “Familia batzuek ez dute onartzen neska uste zutena mutila dela edo alderantziz. Pediatren edo irakasleen bidez jakiten dugu horrelakoetan. Familiok oztopatzeko joera dugu beti, gogorra da eta ez dugu ikusi nahi. Beste bide batzuetatik ulertzen saiatzen gara, eta ezin dela ikusten dugunean egiten dugu aurrera. Epe hori gero eta laburragoa da, informazioa zabaldu egin delako. Gaur egun, familia askotan horrelako seinaleren bat ikusten badute, hori izan daitekeela pentsatzen dute eta sufrimendua ez da hainbeste luzatzen”.

Gaiari ikusgarritasuna emateaz gain, formazioa oso beharrezkoa izaten da, eta horretan ere aritzen dira. Loratuz Lotu-koak, esaterako, gero eta ikastetxe gehiagotan ematen dituzte hitzaldiak eta informazio eske hurbiltzen diren norbanakoak ere artatzen dituzte. Naizen elkartean ere eremu askotan aritzen dira langintza horretan –eskoletan, osasun zentroetan, gizarte zerbitzuetan aritzen diren enpresetan, etab.– eta euren beharretara egokitzen dute formazioa.

"Ez da beldurra bakarrik,
inguruak nola hartuko
duen ala gai izango zaren horri aurre egiteko; batzuetan zeuk ere ez dakizu zer
gertatzen zaizun, ez zara
izen bat jartzeko gai”



Brayan Altimasberes

"Haur txikientzat oso
positiboa izan da ulertzea
neska izan zaitezkeela eta
zakila izan, eta mutila izan
zaitezkeela eta alua izan, eta ez zaudela okerreko gorputzean. Horrek autoestimurako onura
handia dakar”



Bea Sever

Aurrerapausoak eta oztopoak
Oso urte gutxian “aurrerapauso handiak” eman direla nabarmendu dute biek. “Haur txikientzat oso positiboa izan da ulertzea neska izan zaitezkeela eta zakila izan, eta mutila izan zaitezkeela eta alua izan, eta ez zaudela okerreko gorputzean. Horrek autoestimurako onura handia dakar. Bestetik, gazteek gero eta erreferente gehiago dituzte. Gaur egun, institutu guztietan dago kasuren bat, denek ezagutzen dute nonor. Asko aldatu da egoera”, adierazi du Severrek.

Hala ere, oraindik bada zer egin. “Bullying kasuak ematen dira eta ez bereziki berdinen artekoak, baizik eta irakasleriaren partetik. Oraindik gizartetik jasotzen duten mezua izaten da ez direla existitzen, ez direlako inon agertzen. Eta agertzen badira, barre egiteko zeozer izaten da, telesailetan eta. Gizartetik mezu horiek jasotzen badituzu, zaila da autoestimu ona izatea”, argitu du Severrek.

Kasu askotan interesa eta borondatea egonik ere, baliabideak eta prestakuntza falta dira Altimasberesen ustez: “Eusko Jaurlaritzak ez dauka irakasleria eta administrazioa formatzeko programarik. Edozein tramite egitera joan eta trabak izaten dituzu. Legeak ondo ezagutu behar dituzte”. Profesionalak prestakuntza premian daudela iruditzen zaio Severri ere: “Familian eta eskolan babesa baldin badu, oso arraroa da haur batek laguntza psikologikoa behar izatea. Batzuetan bullying kasuak izaten dira, ordea, eta trantsitua pubertaroan egin dutenen artean ere beharra sortzen da batzuetan, ukazioa luzaroan eman eta sufrimendua areagotu egin denez, kaltea handiagoa delako. Asko kostatzen zaigu psikologia alorrean gai honetaz dakiten profesionalak topatzea. Urte askoan oso esperientzia txarrak izan ditugu: identitatea zalantzan jarri dute, itxaronarazi egin diete, eta abar. Badirudi gero eta gehiago direla informazioa jasotzeko ardura hartzen ari diren profesionalak. Unibertsitatean horri buruz ezer ikasten ez badute, nola lagunduko dituzte? Euren burua jantzi beharko dute”.

Legearen babesa eta pedagogia ezinbestekoa
Espainiar Estatuan Trans Lege-proiektuaren bidez lortu nahi diren eskubideetako batzuk, patologiatzat ez hartzea eta genero autodeterminazioa dira, hau da, 16 urtetik aurrera norberak bere izena eta generoa aldatzeko aukera izatea, mediku-txosten eta hormona-tratamendurik behar izan gabe. Loratuz Lotu-ko kidearen hitzetan, “legea guztiz beharrezkoa da. Ez dugu ulertzen Munduko Osasun Erakundeak transexualitatea gaixotasun mentaltzat hartu izana 2018ra arte. Eta oraindik ere psikiatrarenetik pasatu behar izatea. Ez dauka ez hanka eta ez bururik. 16 urtekoek gauza batzuetarako gaitasun handia dute, baina gazteegiak edo ezjakinegiak direla esaten da horrelakotan. Adinarena komeni zaigun bezala erabiltzen dugu. Bestetik, ez bitarrak ez dira kontuan hartzen, ez gizartean eta ezta legeetan ere”.

Hobekuntzarako tarterik baden arren, bestelakoa da egoera Nafarroa eta EAEn. Severrek kontatu duenez, “Nafarroan 2017ko LGTB legea daukagu; kolektibo guztiek hartu genuen parte eta gure eskaera guztiak hor daude jasota. EAEn aitzindaria izan zen 2012ko Trans Legea daukagu eta, horrexegatik, zaharkitua geratu da. 2019an  hirugarren artikulua moldatzea  lortu genuen eta, beraz, sexu identitatearen autodeterminazioa onartuta dago, bestean bezala. Gauza batzuk lotu gabe geratu zitzaizkigun eta, estatu mailan sortutako iskanbila dela eta, izozturik dago. Hala ere, eskuduntzak ditugun arloetan, hainbat gauza onartuak ditugu gure erkidegoetan, patologia ez izatea edo autodeterminazioa, esaterako. Osakidetzako txartelean, kiroldegikoan, eskolako zerrendan, eta abar, izena aldatu dezakete inolako mediku-txostenik gabe. Ikasketa guztiak euren benetako izenarekin egin ditzakete, izena eta sexua aldatuta”.

Errealitate horrek Espainiar Estatukoarekin talka egiten du, ordea, ezin baita Erregistro Zibilean modu berean aldaketa egin: “Gure eskuduntzetatik kanpo geratzen dena, estatu mailakoa, arautu barik dago. Erregistroaren 2017ko legeak 18 urtetik beherakoak kanpoan uzten ditu eta, gainera, nahitaezkoa da hormonak hartzea. Beraz, estatu mailan dagoen nahaste-borrastea ikusita, zaila daukagu. Hemen gutxi gorabehera adin txikikoek euren bizimodua euren izenarekin egiteko modua dute. Nerabezaroan NAN agiria gehiago erabiltzen da, eta ez da hain erraza euren identitatea islatzen ez duen dokumentazioarekin bizitzea. Batxilergoa amaitzen dutenean, lehengo izenarekin etortzen da titulua Madriletik. Osakidetzan dena aldatuta daukate, baina egun pasa joaten dira Burgosera, orkatila bihurritzen dute, eta hango medikuan lehengo izena daukate. Askotan ez dute ikasketa-bidaian joan nahi izaten, NAN agiria erakutsi behar dutenean denen aurrean azalpenik eman behar ez izateko. Izena bakarrik aldatu nahi badute, ahal dute, baina sexua ez. Orduan, gerta daiteke NAN agirian Lucia deitzen dela jartzea eta mutila. Nonbait erakutsi behar badute, azalpenak eskatzen dizkiete”, esplikatu du bozeramaileak.  

Legea izan arren, batzuetan eskubide urraketak gertatzen direla salatu du Severrek: “Legeak babesten zaitu, baina topatzen dituzun pertsonak agian ez dira hain enpatikoak. Ez dugu gure jarrera zigortzailea izaterik nahi, baina eskubide urraketak salatu egin behar izaten ditugu. Guk nahi dugu legea edukitzea eskubideak bermatzeko, baina baita lege horren pedagogia egitea ere. Hartara, ez litzateke beharrezkoa izango, adibidez, irakasle bati espedientea zabaltzea gazte bati bere lehengo izenarekin deitzen diolako, edo osasun-arretan mediku bat salatu behar izatea ez diolako legeak aurreikusten duen tratamendua eman nahi. Legea oso garrantzitsua da, baina ez bada aplikatzen, gainean egon behar dugu”.

Etorkizuneko erronkak
Loratuz Lotu elkartekoei garrantzitsua iruditzen zaie kideen perfila anitza izatea: “Gauzak aldatzekotan, lanketa denekin egin behar da, bai transekin eta bai inguruarekin. Eurek nola bizi duten jakitea baliagarria da oso. Ikuspuntu guztiak batzeko, etorkizunean jende gehiago sartzea da asmoa. Psikologo eta abokaturen bat taldean izatea ere gustatuko litzaiguke, laguntza osoagoa emateko. Gainera, formakuntza gehiago eman nahiko genituzke, eta esparru gehiagotara heldu”.  

Naizen elkartekoek ere zeregin ugari dituzte mahaigainean. Alde batetik, EAEko legean adostutako hobekuntzak sinatu nahi dituzte, eta estatu mailan Trans Legearen proiektuarekin aurrera jarraitu, Kongresuan onartu ez duten arren. Beste aldetik, nerabe eta gazteengan jarri nahi dute jomuga, batzuek laguntza psikologiko edo psikiatrikoaren beharra izaten baitute: “Tratamenduak behar dituztenean euren burua zauritzen hasten dira batzuk, depresioa izaten dute… Psikiatrek ez dituzte artatzen euren egoera espezifikoa, arazoaren iturburua, kontuan izanda. Profesionalak horretan formatu behar dira, autoestimuan eragin handia duelako bizitzan zehar edukitako ukazioak”. Horretaz gain, gazte askok lortu duten ahalduntzea esparru guztietara zabaldu nahiko lukete, toki batetik bestera “alde handia baitago”.

Ligatze eta erotikaren munduan ere asko dago lantzeko Severren iritziz: “Saiatzen gara gure gazteek euren gorputza onartu, maitatu eta goza dezaten, baina batzuei kosta egiten zaie. Alor horretan, gizarte osoan egin behar da lanketa, oso genitalizatua baitago dena. Mutil trans heterosexualek errazago daukate ligatzeko edota neska-laguna topatzeko. Gay, lesbiana edo bisexualak direnen artean ere errazagoa da. Orokorrean, ikusten dugu neska trans heterosexualek daukatela zailen”.