Nagore Uriarte: "Bat eta bat, mesedez!"

Nagore Uriarte: "Bat eta bat, mesedez!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nagore-uriarte-quotbat-eta-bat-mesedezquot/@@download/image/20125316429sexu_1360683922.jpg
2012/06/01
elkarrizketa
Nagore Uriarte: "Bat eta bat, mesedez!"
Nagore Uriarte (Bilbo, 1985) da Hamaika Telebistako gaueroko 'Bat eta bat' informazio saioko aurpegi berria. Txortan ere, berdinketaren aldekoa da kazetari gaztea.

Ikusle batek aitortu dizu biluzik imajinatzen zaituela telebistan ikusten zaituen bakoitzean. Zer esan?
Galdetuko nioke 3D betaurrekoak jantzita ote dituen. Aukera hori emango nioke, publikoari eskatzen duena eman behar zaio, ez? Zerbait ikasi omen nuen fakultatean.

Eta zuk zer pentsatzen duzu pantailaren beste aldean dagoen horretaz?
Imajinatzen dut baju xamarra, ule motz eta zuriduna, 80 bat urtekoa. Ez du tutik ere ulertzen euskaraz, baina amamak egunero ikusten nau.

Bidali izan al duzu mezu subliminalik?
Oraindik ez badidazu zure telefono zenbakia eman, izango da mezu subliminala ez dela behar bezala heldu. Lasai, hurrengoan zuzenean errotulo batean jarriko dizut nirea.

Eta inoiz izan al duzu pentsamendu lizunik elkarrizketaturen batekin?
Momentuz ez, baina igual produktiboagoa izango zen. Azkenik soldata produktibitateari lotzen hasten badira, saituko naiz halako egoerak sortzen.

Sexuan, gidoiaren babesean ala zuzenekoaren adrenalinaz?
Bietan, egunaren arabera. Zuzenekoak duen morboa galtzen da gidoipean, baina American Pie ez da inoiz heldu Oskarretara, ez? Nahiago Spielbergen gidoi onak.

Nolakoa zara distantzia motzetan?
Ahal bada, egun bakoitietan jatorragoa izan ohi naiz, mania bat.

Intimitatean ere jarri al zara inoiz kamera aurrean? Etxeko film erotiko horietako bat grabatzeko agian...
Benetan uste zenuen enpresak hainbeste diru inbertituko zuela kameratan soilik mahainguruak eta albistegiak egiteko? Krisian gaude!

Zerk pizten du Nagore Uriarte?
Berdinketarekin gustura, hortik aurrera ahal dena. Baina berdinketa egon dadila, bat eta bat, mesedez.

Eta zerk itzali?
Jokalari onenak gola sartu eta gero ordezkoa ateratzea, eta partida 1-0 galtzea nire kontra. Har dezala mezu subliminala hartu behar duenak! Kar kar

Gidoia zure esku balego, amaierarik onena?
Amaiera heltzeko gogorik ez izatea. Garrantzia gehiegi ematen zaio amaierari, goazen tartekoa ondo egitera.