Nafarroako VII. Edizio Azoka bihar hasiko da, igandera arte

Editargi Nafarroako argitaletxe independenteen elkarteak Nafarroako VII. Edizio Azoka antolatu du, Iruñean, bihartik igandera. Honako argitaletxe eta erakunderen argitalpenak izango dira Sarasate pasealekuan izango den karpako erakusmahaietan: Alkibla, Altaffaylla, Cenlit-Denonartean, Continta me tienes, Eunate, Euskal Memoria, Nafarroako Gobernua, Katakrak, Kilikids, Mintzoa, Next Door, Publishers, Pamiela, Papeles de Duende, Pompaelo eta Txalaparta. Liburu salmentaz gain, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak ere izango dira egunero.
Editargi saria emango dute lehenengoz, Nafarroako hainbat argitaletxe sortu zituztenen lana aitortzeko asmoz. Honako hauek jasoko dute saria: Txoria Errekan argitaletxea zenaren sortzaile Xabi Oterok; Pamielako Txema Aranazek eta Pello Elzaburuk; Mintzoako Segundo Otazuk; Igelaren sortzaile Xabier Olarrak; Txalapartako Jose Mari Esparzak; eta Denonartean-eko Enrique Hualdek. Azokaren lehen egunean jasoko dute saria, 18:00etan.
Goizez eta arratsaldez irekiko dute azoka: 10:30etik 14:00ak arte eta 17:00etatik 21:00etara.
Tafallan eta Altsasun
Gainera, Nafarroako beste herri batzuetan ere izango da azoka. Tafallan urriaren 7an izango dute, eta Altsasun hilaren 22an. Aurrez Zangotzan, Leitzan, Elizondon eta Lizarran izan da.