Nafarroako Komikiaren VIII. Azoka

Nafarroako Komikiaren VIII. Azoka Irailaren 28ra arte, komikizaleen topagune bilakatuko da Iruñea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroako-komikiaren-viii-azoka/@@download/image/Nafarroa_Komiki_Azoka.jpg
2017/09/01
albiste-laburra
Irailaren 28ra arte, komikizaleen topagune bilakatuko da Iruñea
Nafarroako Komikiaren VIII. Azoka

Nafarroako Komikiaren VIII. Azokak ateak zabaldu ditu, eta egitarau potoloa dakar gainera. Iraila amaierara bitarte, komikigintzari loturiko makina bat erakusketa eta ekintza izango dira aukeran Iruñean.

Azokak hamahiru erakusketa dakartza aurten. Coll, Hitzik gabe (Josep Coll i Coll); Drácula (Fernando Vicente); Velvetak 50 urte (Tizak esklusiban ekoitzi du erakusketa hau: hamaika artista nafarrek The Velvet Underground and Nico disko mitikoko –rockaren historiako disko eraginkorrenetako bat– abesti bana ilustratu dute, berrogeita hamargarren urtemugaren karietara.); Fanhunter: defentsako azken lerroa (Cels Piñol); Ezer gabe (Flavita Banana); Gauaren haurrak (Javier Olivares); El Jueves... eta aste osoa (JJ Aos); 12 istorio (Idoia Iribertegi); Baztan bineta artean (Ernest Sala); Umorea eta martetarrak (Albert Monteys-en obrari buruzko atzera begirakoa); Droga gara: marraztutako diskoa (Iñigo Garcés ‘Cabezafuego’ musikari nafarraren azken diskoari lotutako komikiaren jatorrizko ilustrazioak biltzen dituen erakusketa); Expo Calpur (Calpurnio Pisón-en lanari buruzko atzera begirakoa); eta Ixiltasuna marraztuz (Iragan ekainean Asornako –Nafarroako Pertsona Gorren Elkartea– zenbait erabiltzailek Mikel Santos ‘Belatz’ marrazkilariak emandako ikastaroan hartu zuten parte eta, bertan, zeinu hizkuntzaren interprete baten bidez, lehen eskutik ezagutu ahal izan zuten komikia sortzeko prozesua, gero nork bere istorioak marraztu eta kontatzeko. Bilduma honek ikastaro hark eman zuena batu du).

Baina, haien lanak erakutsi ez ezik, komikigileak bertatik bertara ezagutu eta entzuteko aukera ere eskaini nahi du Azokak, eta hainbat hitzordu finkatu ditu elkarrizketa nahiz sinadura bilketetarako.

Bestalde, zine ziklo bat osatu dute eta, hala, Pollo con Ciruelas, Kick Ass, Crumb, eta Scott Pilgrim contra el mundo ikus-entzunezkoak emango dituzte.

Egitarau osoa, ordutegiak eta aretoak www.salondelcomicdenavarra.com webgunean kontsulta daitezke.