Nafarroako ikastetxeak musikaz blai!

Musika gazteek euskaraz gehien kontsumitzen duten kultur produktua dela jakinik, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak programa bat antolatu du hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bultzatzeko: Musikariak Ikastetxeetan. Urriaren 26an hasita eta abendura bitartean, 23 musikarik emanaldiak egingo dituzte Nafarroako 37 zentrotan, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat. Kontzertu txiki bat eskaintzeaz gain, sortzaileak euskal kulturaren inguruan mintzatuko zaizkie gazteei.
Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Inun, Jon Basaguren, Joseba B. Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Maria Rivero, Mikel Markez, Olatz Salvador, Miren Narbaiza, Patxi Bidart, Pelax, Petti, Rafa Rueda, Tristan Murgi, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo dira zikloan parte hartuko duten musikariak. Beren ardura izango da entzule gazteenekin konektatu eta euskal musikaren mundua hurbiltzea. Zorte pixka batekin, lehen hartu-eman horietatik zale berriak sortuko dira!