Nafarroa Oinezen abestiaren bideoklipa aurkeztu dute

Lizarrako ikastolak 50. urteurrena ospatu du asteburuan eta, hori aprobetxatuz, aurtengo Nafarroa Oinezen abestiaren bideoklipa aurkeztu dute. Ikastolako ikasle ohiek egin dute hain zuzen ere: Urko Peralek musikaren konposizioa egin du, tradiziozko musika eta gaur egungo erritmoak uztartuz; Iñigo Urrizelkik bideokliparen produkzioaz arduratu da; eta Iñaki Elkano lan zinematografikoaz. Bertako musikari profesionalek ere parte hartu dute, tokiko arte-komunitateari laguntzeko asmoz, eta baita ikastolako haurrek ere.
Bideoan Lizarraldeko pasaia ezagunak ageri dira: Pilatosen balkoia, Zubielkiko geltoki zaharra, Irantzu Monasterioa, Lizarrako Gazteluen Gurutzea... Horrela, Lizarra Ikastolak eskualdearen euskalduntze prozesuarekin eta zonaldearekin duen harreman estua plazaratu nahi izan dute. "Lizarraldea ezin izango litzateke ulertu eskola hau gabe, bizilagunek sortutakoa eta merindadeari horrenbeste ekarpen egin izan diona lekuko elkarteekin kolaborazio etengabearen bitartez eta irudi kultural eta ohituren berreskurapenen bidez. Herritik sortutako proiektua da eta herriari itzultzen zaiona, zerbitzu publikoaren bokazioa baitu", adierazi dute.
Nafarroa Oinez urriaren 16 eta 17an izango da Lizarran.