Nafarroa... hitza dantzan

Nafarroa... hitza dantzan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroa-hitza-dantzan/@@download/image/15p12-1_1370457794.jpg
2002/01/04
erreportajea
Nafarroa... hitza dantzan
Horixe da Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Gor disketxeak elkarlanean karrikaratutako diskoaren izenburu eta espiritua. Diskoan hainbat bertsolari eta talde-musikariren arteko zubia eraiki da. Hagitz bitxia da emaitza.

Bertsolaritza ez da soilik txapelketaren adrenalina. Ezta gutxiagorik ere. Esperimentazioa eta bide berrietan abiatzeko saiakera ere bada. Erraterako, ez al da ideia ona nafar bertsolari eta musikariak elkartu, eta batzuek paratutako bertsoei besteek erritmoak ezartzea? Bereziki bitxia da emaitza: metrika estuan ari baitira guztiak, baina Nafarroako berezko bertso doinuak rocka, musika elektronikoa, dancea eta hardcore melodikoaren aginduetara ekarrita.

Iñigo Ibarra bertsolaria izan da proiektuaren bultzatzaileetako bat, eta hari eman diogu hitza: "Nolabait bertso paperak berpiztu nahi genituen, gai modernoak jorratuz. Bestetik, bertso eskoletako gazteei begira zerbait berria egin nahi genuen. Musika bide egokia izan daiteke gazteak bertsolaritzara erakartzeko, edota bertsozale ez direnei mundu hau ezagutarazteko".

Lehen egitekoa taldeetakoekin solastea izan zen. Ondoren, talde bakoitzari bertsolari bana egokitu eta doinu jakin bat musikatzeko proposamena egin zitzaion. Izan da, dena den, doinu berririk sortu duen musikaririk, Petti eta Ziorek, kasu. Bertsoak paratzeko orduan, musikariek eta bertsolariek gaia adostea izan zen azken egitekoa. "Izan ere –diosku Iñigok- gerta zitekeen, adibidez, bertsolariak drogaren aurkako bertsoak jartzea eta taldekoak droga legeztatzearen alde egotea"

Emaitza hagitz ona izan da. Nafarroa osoko artistak biltzeaz gain, zenbait kasutan euskaldunen eta erdaldunen arteko zubia eraiki baita. Nola hartu zuten erdaldunek proiektua? "Barricadako Drogas pozez zoratzen jarri zen -diosku Iñigok- eta berehala doinua moldatuko zuela erran zuen. Marea-koak galduxeago ibili ziren, bazekiten Nafarroan bertsolariak badirela, baina ez zekiten zer zen bertsoa, eta Oskar Estangak azaldu zien bertsolaritza zer den. Tijuanakoak ere oso gustura ibili ziren, eta Jimmyk berak hartu zuen Barricadakoekin eta Dikers-ekoekin hitz egiteko ardura. Tonino Carotonerekin ere mintzatu zen, baina azkenean haren kantua ez da atera".

Bertsolaria / taldea



Estitxu Arozena/Barricada
Aritz Saragueta/Berri Txarrak
Nerea Bruño/Berserk
Xabier Terreros/Buitraker
Ekintza Landa/Dank
Joxema Leitza/Dikers
Julen Zelaieta/Hemendik At!
Bittor Elizagoien/Itturri
Iñigo Ibarra/Leihotikan
Xabier Legarreta/Maider Ansa
Oskar Estanga/Marea
Iñigo Olaetxea/Petti
Joxe Juan Zubieta/Skalariak
Pello Goikoetxea/Tijuana in Blue
Ekhiñe Etxepeteleku/Tximeleta
Mikel Altzuart/Ufestuek
Manolo Arozena/Ziorek