Nadia Nadim futbolariaren ibilbidea txalotzekoa izateaz gain, hausnartzekoa ere bada

Bere aita, Afganiar armadako jenerala zen. Talibanek aita erail zutenean bere amak arropa izan ezik, zituzten objektu material guztiak saltzea erabaki zuen. Bere bost alabak furgonetan sartu eta Pakistanera bidea hartu zuten.
Hilabete geroago, pasaporte faltsuak eskuratu zituzten eta Milanera (Italia) zihoan hegazkin batean sartu zituzten. Bi egun beranduago, kamioi baten atzeko aldean Londresera bidaiatu zuten egunetan. Bertan, bere familiako kideekin elkartzea zen helburua. Alabaina, Danimarkako itsasertzeko herri txiki batean amaitu zuten, Randers deitutakoan. Azkenik, errefuxiatu kanpaleku batean.
Zazpi hilabete itxaron behar izan zuten deportatuak izango ziren ala bizileku baimena emango zieten jakiteko. Zorionez Nadia eta bere familiak, azkenik, baimena eskuratu zuen.
Nadim gaztea IK Skovbakken futbol talde xumean nabarmentzen hasi zen. Ondoren, Fortuna Hjørring taldeak fitxatu zuen, Danimarkako klubik garrantzitsuenetakoak. Hortik, munduko ligarik onenera saltoa eman zuen, NSWL estatubarrera, hain justu. Lehendabizi Sky Blue taldean jokatu zuen eta ondoren Portland Thorns-en.
2018an Europara itzuli zen Manchester City klubarekin jokatzeko PSG-k fitxatu zuen arte. Uda honetan ordea, Pariseko taldea utzi eta berriz ere Estatu Batuetara itzuli da Racing Louisville taldearekin aritzeko.
Nadiak ia 200 gol sartu ditu futbol profesionalean eta daniar selekzioarekin herrialdea 98 aldiz ordezkatu du. Medikuntza ikasketak ere amaitu ditu, zirujau bilakatzeko asmoz bere futboleko egunak amaitu ondoren. Jariakortasunez hitz egiten ditu 11 hizkuntza eta nazioarteko kiroletan emakumerik ahaltsuenen artean dago Forbes zerrendaren iritziz.
Oraintxu Nadim-ek hitz hauek zabaldu ditu: "Pertsona batzuk galdetzen dute errefuxiatuak zergatik iristen diren euren herrialdera. Argitu dezagun hau: ez du inork bere etxea, lagunak eta maite dituen pertsonak gogo onez uzten beharbada onartuak izango ez diren beste leku batera joateko. Zeinek egingo luke nahita? Inork ez! Etxea uztera behartuak daude, batzuk gerratik, literalki, ihes egiten baitute!"