Mutilak Martekoak eta neskak Venusekoak ote?

Mutilak Martekoak eta neskak Venusekoak ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mutilak-martekoak-eta-neskak-venusekoak-ote/@@download/image/88p44venus_1363297542.jpg
2008/09/05
erreportajea
TESTUA: nerea sancho psikologoa eta Sexologoa.
Mutilak Martekoak eta neskak Venusekoak ote?
Askotan, neskek eta mutilek hizkuntz desberdinak erabiltzen dituzte komunikatzeko, eta hori dela eta, ez dute elkar ulertzen. Komunikatzeko erabiltzen ditugun kode ezberdinez jabetzea da gakoa.

Uztaileko zenbakian, 'adreilu urdin' eta 'adreilu arrosez' hitz egin genuen; hau da, bai neskak eta bai mutilek dituzten alderdi maskulino eta femeninoez.

Erreportaje hartan esan genuenez, zenbait joera, gustu edo adierazteko modu, maizago topatzen ditugu gizonen artean, eta beste batzuk, aldiz, sarriago ikusiko ditugu nesken artean.

Hala ere, horrek ez du esan nahi, neskek eta mutilek hainbat ezaugarri 'trukatzen' ez dituztenik, ezta gutxiagorik ere! Laburbilduz, bai neskak eta bai mutilak 'adreilu urdin' eta 'arrosez' eraikita gaude. Pertsona bakoitzaren barruan, adreilu proportzioa ezberdina izango da.

Uztaileko zenbakian, neska edo mutil izateko moduak ulertzeko pausoa eman genuen, eta orain, horri eutsiz, komunikazioaren inguruan arituko gara.

'Adreiluekin' gertatzen zen bezala, komunikatzeko modu maskulino propioa dago, eta honi, 'kode urdina' esango diogu. Modu femeninoari, berriz, 'kode arrosa' izena ipiniko diogu. Kode hauek trukagarriak dira, eta, beraz, 'kode urdina' neskengan ere topa dezakegu, baina ez da hain ohikoa. 'Kode arrosa' mutilek ere erabiltzen dute, baina askoz errazagoa da neskengan topatzea.

Men are from Mars, Women from Venus
liburuak (Jhon Gray, 1992) adibide onak ematen ditu bi kode hauek identifikatu eta ulertzeko. Asko sinplifikatuz, esan daiteke, hitz berak dituen bi hizkuntz desberdin erabiltzen ditugula gizon eta emakumeek, eta hori dela eta, gaizki ulertu asko bizitzen ditugula. Gaizki ulertu horiek sahiesteko, hainbat aholku ematen ditu Grayk.

Men are from Mars, Women from Venus
oso liburu gomendagarria da beste sexukoekin harremanetan dagoen edonorentzat, eta are gehiago maitalea duzuenontzat, edo elkarrekin bizitzen ari zareten bikoteentzat. Anaia-arreba, guraso, lagun eta bizilagunekin ere liburu honetako aholkuak jarraitzen badituzue, ziur harremanak hobetuko dituzuela. Liburuak ez dizkizue arazoak konponduko, baina irakurri dutenek, liburua irakurri aurreko eta irakurri osteko garaiak bereizi ditzaketela diote: izan ere, era desberdinean 'entzuten' eta komunikatzen dira orain. Oraingoz, ez da liburuaren euskarazko itzulpenik argitaratu. Ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz irakurri behar!

Hiru galdera zuretzat

•Gertatu al zaizu, bat batean, ia ohartu gabe, neska edo mutilarekin eztabaidatzen hasi eta eztabaidatzeko moduari buruz errieta egitea?
•
Konturatu al zara, gauzak eskatzeko moduaren arabera, bestearen erantzuna positibo edo negatibo bihurtzen duzula?
•
Zure bikoteak maite bazaitu, modu zehatz batean jokatu behar duela uste duzu? Hau da, zuk egoera berean jokatuko zenukeen moduan egin beharko lukeela? 

Hiru galdera hauen aurrean baiezkoa erantzun baduzu, jarrai ezazu irakurtzen, oker zabiltza eta. Ezetz erantzun baduzu ere, ongi etorriko zaizu honen inguruan apur bat hausnartzen jarraitzea. 'Kode urdina' eta 'kode arrosa' zehatzago ezagutzeak on egingo dizu.

Kode urdina, adibidez

Azalpena ulerterraza izan dadin, aurre-suposatuko dugu 'kode urdina' erabiltzen duena gizona dela, eta 'kode arrosa' erabiltzen duena, emakumea. Bikote bat jarriko dugu adibide gisa, baina, esan bezala, anaia-arrebak izan zitezkeen, pisukideak, koadrila bereko lagunak... eta abar.

Eman dezagun, mutilak bere zailtasun baten berri ematen dio neskagunari. Eta eman dezagun, neskak mutilagunari aholkua ematen diola, edo laguntza eskaintzen diola. Fede onez egingo du, noski. Neska, bere modura, hauxe esaten ari zaio: "niretzat garrantzitsua zara, eta uste dut hau egiteak mesede egingo lizukeela; gainera, nire laguntza behar baduzu, hemen nauzu".

Mutilak, berriz, zera 'entzun' du: "nire neskak ez du nireganako konfidantzarik. Berak uste du ez naizela gauza irtenbidea nik neuk bilatzeko". Hau da, mutila kritikatua sentitzen da.

Hau bezalako gaizki-ulertu batek gatazka eta egonezina sor dezake. Zein izan daiteke hau ez gertatzeko irtenbidea? Neskak mutilari inongo aholku edo laguntzarik ez eskaintzea. Gainera zera adierazi diezaioke mutilari (bere estiloan): "Irtenbidea topatuko duzula ziur nago. Nire kolaborazioa nahi baduzu, esan besterik ez duzu". Horrez gain, lagungarria izan daiteke kontuari garrantzia gehiagorik ez ematea.

Beste adibide bat. Nola eska diezaioke neska batek zerbait mutil bati? Demagun, bikotea aspaldian ez dela zinera joan, eta neskak zinera joateko gogoa duela. Horrelako zerbait esan diezaioke, adibidez: 'Ez gara inoiz zinera joaten'. Baina adierazteko modu honek mutila motibatuko duela uste duzue? Zer entzun du mutilak? Ziurrenik, honakoa: "Zure erruz ez naiz zoriontsu, ez nauzu zinera eramaten, ez didazu behar dudana ematen". Eta, berriro, kritikatua sentitzen da. Motibatzeko modu hobeak daude! Adibidez, zera esan diezaioke neskak: "Badakizu zerk egiten didan ilusio handia? Elkarrekin zinera joateak. Zer iruditzen zaizu? Joan nahi zenuke?".

Bi adibide arrunt dira. Hala ere, gogoan izan, komunikazioan ere kosta egiten dela ohiturak aldatzea. Entrenamendu kontua da! Bestearen kodea ezagutu eta errespetatzen dugunean, hura aldatzen saiatzen ez garenean -hau da, tankera hartzen diogunean-, guztiak ateratzen gara irabazten. Datorren GAZTEZULOn, "kode arrosaz" arituko gara. Ordura arte, ahalik eta ongien elkar ulertu!

Sexesaldia


(Anonimoa): “Gizonak samurtasuna ematen du sexua jasotzeko, emakumeak sexua ematen du samurtasuna jasotzeko”  

Sexideia



Bakarka ala konpainian: abestiak dioen bezala, "bizi ezazu sexu jokabidea, eta jokatu bizitzako azkena izango balitz bezala. Momentua %100 aprobetxatu, eta ahaztu beste guztia".

Konpainian: bakoitzak egin nahi duena papertxoetan idatzi, eta papertxoak kutxa batean gorde. Erotismorako prest zaudeten batean, kutxara joan eta bertatik papertxoak atera eta…

Sexkubidea


Ugalketa alorrean erabaki libre eta arduratsuak hartzeko eskubidea: ondorengoak ekarri edo ez erabakitzeko, hauek zenbat eta noiz izango diren aukeratzeko, eta ugalkortasuna erregulatzeko neurriak hartzeko eskubidea duzu. Ez ahaztu.

Sexeguna


Irailak 23. Emakumeen Esplotazio eta Salerostearen kontrako Nazioarteko Eguna.
Irailak 28. Latino Amerikan eta Kariben Abortua Zigortzearen Aurkako Eguna.