Musikaren bihotzera bidaiatzeko erakusketaren azken egunak Iruñean

Bihar amaituko da Iruñeko Sarasate pasealekuan kokatutako Symphony. Bidaia birtuala musikaren bihotzera erakusketa. Honen helburua artea pertsonengana hurbiltzea da, museoek eta erakusketa-aretoek eskaintzen duten ohiko esparrutik kanpo. 360 gradutako ikus-entzunezko esperientzia da, Beethoven, Mahler eta Bernstein-en konposizioen barna egindako bidaia birtuala, Gustavo Dudamel orkestra zuzendariaren eta Mahler Chamber Orchestra-ren eskutik. Entzuleak musika klasikoa bizi eta ulertu ahalko du, orkestraren barruan beste musikari bat bezala sentituz.
Symphony-k musika klasikoa "inoiz ez bezala bizi eta sentitzeko aukera" ematen dio entzuleari, VR teknologiari esker. Entzuleak, irudiaren eta musikaren bidez, ulertu ahalko du "egur zati baten soiltasunetik edo metalezko zati baten zakarkeriatik nola eraikitzen den orkestra sinfonikoaren unibertso sofistikatu eta ederra". Instrumentu baten barrura sartzea edo musikaren arimara bidaiatzea dira, besteak beste, erakusketak eskaintzen dituen aukerak.
Esperientzia bi espaziotan gertatzen da. Lehenengo aretoan, ikus-entzunezko bat proiektatzen dute pantaila handian eta soinu-sistema inguratzailearekin. Honek irudi eta soinuen unibertso batean murgiltzeko aukera ematen du. Bigarren aretoan, berriz, errealitate birtualeko ekipo eta bisoreen bidez 360 graduko ikus-entzunezko murgiltze-esperientzia gauzatzen da.
Erakusketa 11: 45etik 14:00etara eta 15: 45etik 21: 00etara egongo da zabalik, bihar arte.