Musikak Donostia hartu du

Dagoeneko 80. aldiz musikaz jantziko dira Donostiako zein inguruko kale eta eszenatokiak. Musika Hamabostaldiak sekulako egitaraua antolatu du urteurrena ospatzeko; gaur hasiko da hilabeteko musika festa, Kursaal inguruan Deabru Beltzak taldeak eskainiko duen ikuskizun txundigarriarekin.
Guztira 90 emanaldi baino gehiago aurkeztuko dituzte gaurtik abuztuaren 31ra bitarte, tartean, bederatzi estreinaldi eta hiru opera. Donostiako oholtzak konkistatzeaz gain, Hamabostaldia Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko 22 herritan ere izango da. Emanaldiak hamar ziklotan banatuta egongo dira, eta doako hamar kontzerturekin abiatuko dira, gaur.
Arratsaldean, Mahler Chamber Orchestra igoko da Kursaal aretoko oholtzara. Orkestra hori lehen aldiz arituko da Hamabostaldian, eta bihar berriro taularatuko da Easo abesbatzaren Eskolaniarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera.
Aurten hiru opera emango dituzte jaialdian. Lehenik, abuztuaren 13an eta 15ean, Giacomo Pucciniren Madama Butterfly taularatuko dute Kursaalen. Ainhoa Arteta sopranoa arituko da Cio-Cio San pertsonaia nagusiaren rolean. Abuztuaren 24an aldiz, Bela Bartoken Bizar Urdinen gaztelua opera, eta Maurice Ravelen Gaspard de la Nuit eta Pablo Solozabalen Suite Vasca obrak interpretatuko ditu EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.
Pucciniren eta Bartoken operak ez ezik, beste bat ere egingo dute: Tom Johnsonen Lau noten opera. Miren Urbieta-Vegak, Marife Nogalesek, Beñat Egiartek, Fernando Latorrek eta Pedro Llarenak interpretatuko dituzte pertsonaiak, komedia koral batean. Obrak euskarazko itzulpena izango du, konpositoreak hala eskatuta. Emanaldi hori abuztuaren 25ean izango da, Tabakaleran.
80 URTE MUSIKARI ESKAINIAK
1939an egin zen lehen aldiz Musika Hamabostaldia, hiriko eskaintza turistikoa aberasteko. 80 urte igaro dira ordutik, eta asko aldatu da jaialdia. Urteurrena ospatzeko, denbora horretan jazotakoak biltzen dituen erakusketa bat zabaldu dute San Telmo museoan, eta irailaren 1era arte egongo da ikusgai. Museo horretan, halaber, Ostegun Musikalak egitasmoa egingo dute aurten ere.