Musika taupaden sentimendu izoztuak

Musika taupaden sentimendu izoztuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-taupaden-sentimendu-izoztuak/@@download/image/62-p23Rockarg.jpg
2006/04/07
erreportajea
Musika taupaden sentimendu izoztuak
Kontzertuetan, eszenatokiko argiak pizten direnean, ikusleen txaloak eta oihuak entzuten dira, eta urduritasuna eta emozioa sentitzen dira. Zenbait argazkilarik, rockari darion indar eta zirrara hori jasotzea lortzen dute: rockaren argazkilariak dira. Erreportaje honetan, argazkilari horien lan batzuk bildu ditu GAZTETXULOk. 

La Máquina de Huesos: argazkilariaren hezurdura
Rock munduan ezaguna da La Máquina de Huesos. Talde ezagun asko erretratatu ditu bere ibilaldian, eta kontzertuak taula gainean ikusten ohituta dago. Azkena Rock jaialdiko argazkilari ofiziala da La Maquina de Huesos. Tom Waitsek 1992an argitaratu zuen "Bone Machine" diskotik lapurtu zuen izena La Maquina de Huesosek. Bere lanak hiru zutabe nagusi dituela dio: "esker ona, argazkiak egiten uzten didatelako; argia, izan ere, argirik gabe ez legoke itzalik; eta ikuskizuna, ikuskizunak jarraitu egin behar baitu". La Maquina de Huesosen iritziz, "argazki bat ona da, bizi dudana transmititzea lortzen badu".
Webgunea 
Bloga

Txisto: Andoaingo gaztetxea ardatz
80ko hamarkada urrezko garaia izan zen Andoaingo gaztetxean, benetan. Astegunetan ere, nazioarteko talde entzutetsuek kontzertuak eskaini ohi zituzten bertan. Bgk, Lethal gospel, Pandemonium eta Subterranean Kids, besteak beste, gaztetxean aritu ziren sasoi hartan. Euskal Herriko lehendabiziko punk eta hard-core belaunaldiak ere Andoaingo gaztetxean eskaini zituen kontzertuak: Rip, Bap, Karkaxa eta Cicatriz, beste askoren artean. Aitor Arregi, "Txisto", argazkilariak kontzertu horietako giroa erretratatu zuen urte horietan guztietan. "Txistok", betidanik izan du Andoaingo gaztetxearekin eta Andoaingo taldeekin lotura berezia. Hauek, beraz, Andoaingo gaztetxeko testigantza biltzen duten irudiak dira.

Galde Izagirre: Argazkilaria musikari ere badenean
Galder Izagirre, rock argazkilaria izateaz gain, musikaria ere bada. Dut taldearekin hasi zen musikan, eta egun, Kuraia taldeko kide da. Musikari izatea garrantzitsua da kontzertuaren arima islatzeko tenorean. Galderren ustez, ordea, "garrantzitsuena, norberak erritmoaren sena barneratua izatea da". Azkena Rock Jaialdian, Juliette Lewis aktore eta kantariari egin zizkion argazkiak ditu gogoan, bereziki. Musikaria eta argazkilaria bera denean, halako argazkiak ateratzen dira.

Juxe: griñaren isla
Osogaztetatik, kontzertuz kontzertu ibiltzea eta talde berriak ezagutzeagustuko izan du Juxek; eta duela hamalau urte, hori guztiaerretratatzea erabaki zuen. Argazkilaritzak betidanik erakarri du Juxe,eta aspaldi izan zuen bi zaletasunak uztartzeko aukera. Gehienetan,Euskal Herriko areto eta gaztetxeetan ateratzen ditu argazkiak, baina,"edozein tokitan taldeak erretratatzeko prest" dagoela aitortu duJuxek. Errenteriarrak gustuko taldeei ateratzen dizkie argazkiak, eta,garrantzi handia ematen dio horri gainera. "Taldeak ez banau erakartzenedo atsegin ez badut, ez zait erretratatzeko beharra eta motibazioasortzen" dio. Juxeren ustez, "kontzertuetan ateratako argazkiak,momentuan ditudan sentimenduen isla zuzena dira". Argazki on batateratzeko sekretua azaldu digu: argia, une egokian bertan egotea etaegiten duzuna gogoko izatea ezinbesteko osagaiak dira. Eta kontzertubat aukeratu beharko balu? "Ez da lan makala!". Hala eta guzti ere, TheDrones, Hot snakes eta Zen guerrillaren kontzertuak oso gogoan dituelaadierazi digu Juxek.

Galder Izagirre: “Taldeen esentzia harrapatu nahi dut"



Irunen jaio zen 1974an. Galderrek 15 urte daramatza musika munduan, eta lau disko grabatu zituen Dut taldearekin, Kuraia proiektu berrian murgildu aurretik. Baina bateria jotzaile ez ezik, argazkilaria ere bada Galder, eta hamaika argazki atera dizkie musika munduko protagonistei. Hona hemen, argazkilari-rockero baten (edo alderantziz, esanda, rockero-argazkilari) pentsamenduak.

Musika taldeei ateratzen dizkiezun irudietan, zein izaten da zure helburua?
Haien esentzia harrapatu nahi dut, noski. Argazki horrekin, islatu nahi dut zer eskaintzen duen talde horrek. Normalean, hemen, asko lotsatzen gara argazkiak egiten dizkigutenean, eta adibidez, talde rockero edo heavya, edo punk bati argazkiak ateratzen ari baldin banaiz, eta jarrera gogor hori badute, irudietan ere hori atera nahi dut. Azken batean, egiten duten musikak eta taldearen irudiak indar bera izan behar dute.

Baina hori askotan ez da erraza izango, ezta?
Ezin litekeena da, talde bat oholtza gainean lotsagabe hutsa izatea, eta gero, argazkietan, kamera aurrean lotsatzea, eta ardi bildotsak bezala ateratzea. Ezta alderantzizkoa ere, noski; alegia, taula gainean ardi bildotsak izatea, eta kamera aurrean harrotzea. Hala ere, alderantzizkoak gehiago funtzionatzen du: alegia, irudi gogor batek jendea erakar dezakeela kontzertura. Dena dela, horrelakoetan, azkenean etxekalte aritzen da bere benetako esentzia transmititzen ez duen taldea: izan ere, entzuleak argazkietatik jaso duen hori ez badu zuzenekoetan topatzen… adibidez, Surfin Kaos oso antzekoak dira argazkietan eta oholtza gainean, bietan transmititzen dute jarrera edo espiritu bera.

Kamera aurrean, lotsatu egiten dira euskal taldeak?
Bai, eta ni ere asko lotsatzen naiz argazkiak egiten dizkidatenean. Horrelakoetan, taldea probokatzen saiatzen naiz, argazki kamerak askotan jendea lotsarazi egiten duen arren, iruditzen baitzait nik atera behar diodala jarrera hori taldeari bere barrutik, nik puskatu behar dudala muga edo hesi hori. Horrelakoetan, probokazioan hasten naiz, eta taldeari esaten diot, esate baterako, “halako amabirgin itxurarekin, zuek nola demontre izango zarete metal edo punk talde bat!”, edo antzeko zerbait. Eskatzen diet iraindu nazatela, atera diezadatela barruko amorru hori… probokatu egiten ditut.

Argazkilariek askotan azpimarratzen dute, zein fotogenikoak izaten diren aktoreak. Musikariak ere fotogenikoak izaten al dira?
Azken batean, argazkilariak lotsarik ez izatea eskertzen dio modeloari. Zenbat eta lotsagabeagoa izan, zenbat eta probokatzaileagoa, orduan eta hobeto. Talde askok lotsa galtzen dute eszenatoki batera igotzen direnean, baina ez, ordea, argazki kameraren aurrean.

Kolorea ala txuri beltza? Zer ematen du horietako bakoitzak?
Biak beharrezkoak dira. Baina ikusi behar da zertarako erabili horietako bakoitza. Nik ez daukat legerik, ez sailkapenik, era bateko argazkiak txuri-beltzez egin behar direla, eta beste era batekoak, aldiz, koloretan egin behar direla erabakitzeko. Ez, ez da horrela: izan ere, edozein egunetan ikusiko duzu aldizkari batean argazki bat txuri beltzean edo koloretan, zure lege edo sailkapen horiek hankaz gora jarriko dituena. Eta harrituta geratuko zara.

Nola egiten da gitarra jotzailearen jauziak igarri, kantariaren keinuak harrapatu, edo
taldearen zuzeneko tentsioa atzemateko?Seguru asko ez da musikari izan behar, baina norberak erritmoaren sena barneratua izatea garrantzitsua da. Abestien kolpeek gidatzen naute, baita eszenatokiaren argiak eta taldekide bakoitza nola argiztatuta dagoen ikusteak ere… saiatzen naiz abestian eta musikarien barruan sartzen, eta musikariek zer egin behar duten irudikatzen. Askotan, abestietan errepikatu egiten dira kolpeak, eta beraz, baita musikarien mugimenduak ere. Askotan lagundu egin dezake kantak jakiteak, edo erritmoaren sena pixka bat barneratua edukitzeak. Esate baterako, bateria ikusgarriagoa izaten da geldialdietan.

Zein taldek edo kantarik txunditu zaitu argazkiak ateratzerakoan?
Bereziki gogoan dut Juliette Lewis-ek, iaz, Azkena Rock Jaialdian Gasteizen emandako kontzertua. Ez zitzaidan Lewisen musika gustatu, baina berari atera nizkion argazki gehien. Ez nuen segundu bat bera ere izan argazki kameratik aldentzeko: argazkilarioi, hiru abesti utzi zizkiguten Lewisi argazkiak ateratzeko, eta hiru kanta horietan, ez nuen kameraz aldentzeko segundu bat bera ere izan.

Aspaldi kantatu zuen Hertzainak taldeak, Euskal Herrian rockak ez duela dirurik ematen. Eta rock argazkilaritzak, dirurik ematen al du?

Ez, are gutxiago. Afizioa da argazkilaritzarena. Lan egiten dut argazkilari gisa, baina musikaria ere banaiz. Bien arteko nahasketa horrekin, halamoduz aurrera ateratzen naiz. Baina ezingo nintzateke soilik ez bataz ez besteaz bizi. Eta bizi ere, halamoduz, alokairua ordainduz, eta estu.