Musika irakurgai

Musika irakurgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-irakurgai/@@download/image/60p8-1.jpg
2006/02/03
erreportajea
Julen Azpitarte
Gaztelupeko Hotsak zigiluak "Bosgarren Haria" izeneko liburu bilduma zaratatsua sortu berri du. Guztira, lau liburu kaleratu dituzte, zein baino zein erakargarriagoak: "Itoiz. Hari Xingle bat", "Ramones. Familia Maitagarria", "The Clash. Punk, Rock´n´Roll & Reggae Matxinada", eta "Public Enemy. Beltzegi, indartsuegi˝. 

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak ez du entziklopedia astunik sortu nahi Bosgarren Haria izeneko proiektuarekin: "Musika liburu bilduma honen asmoa ez da tresna teoriko beldurgarriak sortzea; adituen eta zaletuen laguntzaz, ikuspegi historiko eta kritikoa hartzea baizik". Hortaz, egitasmoak xede "dibulgatiboa" dauka.

Sakeleko liburuen formatuan karrikaratutako lehenengo lau erreferentzia hauek "irakurterrazak eta atseginak" dira, eta "kantuen itzulpenekin eta argazkiekin" aberastuta datoz. Liburuetako irudiak El Tubo eta Muskaria aldizkarien artxiboetatik hartu dituzte.

Aipatu lau liburuak musikazaleen ikuspuntutik idatzi dira; izan ere, musikazale amorratuen grina nabari da liburuen idazkeran. Hala, The Clash punk rocker ingeles mitikoei buruzko lana Paddy Rekalde idazleak sinatu du, eta punk-arekin jarraituz, New York-eko Ramones familiaren gorabehera guztiak Gotzon Hermosilla kazetariak bildu ditu. Public Enemy-ren erritmo eta errimak, aldiz, Asier Leoz kazetariak josi ditu.

Euskal Herriko talde bakarra ageri da Bosgarren Haria egitasmoaren lehen uztaldi honetan: Itoiz. Jon Eskisabel kazetariak idatzi du Juan Carlos Perez-ek gidatutako talde mitikoari buruzko liburua. Liburu guztiak Koldo Izagirre idazleak gainbegiratu eta zuzendu ditu.

Hutsunea betez

Gaztelupeko Hotsak diskoetxea duela bi urte hasi zen liburuak argitaratzen, baina orain arte, poesia eta bertsolaritza lanak kaleratu ditu gehienbat. Musika taldeei buruzko euskarazko libururik ez zegoela ikusita, hutsune hori betetzea pentsatu zuten. Hala, Gaztelupeko Hotsak-eko koadrilak bete-betean asmatu du, eta liburuak uste baino hobeto saldu ziren iazko Durangoko Azokan; Itoiz taldearena, batik bat.

Lehen uztaldi hau aintzat hartzekoa da benetan; izan ere, aukeratutako lau taldeek ibilbide oparoak izan dituzte. Horrez gain, talde horien itzala nabari da gaur egungo euskal talde askoren artean. "Gure soinuaren ondarea dira kantari eta talde hauek", diote Gaztelupekoek.

Gutxi dira Euskal Herrian honelako egitasmoak, eta zinez eskertzekoak dira doinu inprimatuok. Irakurle gazteenek, batez ere, gozatu ederra hartuko dute musika orrialdeok irakurrita (sosak xahutzeko orduan kontuan har ezazue, beraz: 10 eta 12 eurotan saltzen dira liburuok).