Museoak maiz bisitatzearen onurak

Museoak maiz bisitatzearen onurak Ezagutzak berriak eskuratzeaz gain, bake mentala lortzen da museoak bisitatuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/museoak-maiz-bisitatzearen-onurak/@@download/image/visitmuseumstravelling1.jpg
2022/05/13

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ezagutzak berriak eskuratzeaz gain, bake mentala lortzen da museoak bisitatuz.
Museoak maiz bisitatzearen onurak

Ez da ohikoa izaten museoak bisitatzea, ez behintzat atzerrian oporretan ez bagaude. Interesgarriak iruditzen bazaizkigu ere eta gure jakin-mina piztu, beste plan batzuei lehentasuna eman ohi diegu. Normala da. Alabaina, Katherine Cotter psikologoak burututako ikerketaren arabera, lehentasuna eman behar genioke noizean behin, eta ez kultura maila aberasteko bakarrik, baita gure osasun mentala hobetzeko ere.

Ikerketa Journal of Positive Psychology aldizkarian argitaratua izan da. Bertan Cotter eta bere taldeak frogatu dute museoak sarritan bisitatzeak hiru onura nagusi dituela. Lehenengo onura begi-bistakoa da: museoak bisitatzeak emozio positiboak estimulatzen ditu, konpromiso sentimenduak bultzatu eta gure bizi-kalitatea hobetzen du. 

Bigarren onurak kortisolarekin du zerikusia. Hormona hau estres sentimenduekin lotuta dago. Dirudienez, museoan sartzen garenetik, sustantzia honen ekoizpena murriztu egiten da gure organismoan, eta artelanak behatzen ditugun bitartean kopuruak murrizten jarraitzen omen du. Gure garuna lasaitasun sakonean sartzen da. Ez da ohikoa ardura eta presez gainezka gure bizitzetan horrelako momentuak eskuratzea. Horregatik da hain onuragarria, noizean behin bada ere, museoak bisitatzea. Estres kronikoak gure sistema immunea ahultzen du, presio arteriala igo eta diabetesa edota depresioa pairatzeko aukerak areagotzen ditu, beraz, honelako oasiak beti dira ongi etorriak. 



Azkenik, aurreko guztiak ez bazaitu konbentzitu, jakin museora maiz joateak isolamenduarekin hausten duela. Artelanek, eta museoko beste bisitariek, munduarekin konektatuak gaudela sentiarazi gaitzakete. Izan ere, izaki sozialak gara eta gure gogo-aldarteak besteekiko ditugun harremanek kontrolatzen dituzte.