Mundutarrak

Mundutarrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mundutarrak/@@download/image/vaga_brothers_1365064198.jpg
2013/04/08
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Esploratu, konektatu, inspiratu. Horixe Vagabrothers hauen leloa. Mundua esploratu nahi dute, jendearekin maila gizatiarrean konektatu eta jasotakoarekin gainerakoak inspiratu. Alex eta Marko Ayling kaliforniarrekin izan gara. Kuxkuxero profesionalak.


Haurrak zirela, munduko mapa hartu eta herrialdeak, haien arteko mugak eta hiriburuak buruz ikasten zituzten Markok eta Alexek. Baina mapa haiek ez zieten Euskal Herriari buruz ezertxo ere kontatu, ezta munduko beste kultura eta nazio askori buruz ere. Haien aitona Britainia Handian jaio zen, eta handik Zeelanda Berrira lekualdatu; bertan familia sortu zuen, eta semeetako batek, gure protagonisten aitak, Kaliforniara joatea erabaki zuen. Horregatik, etorkinen semeak direla diote anaiek, ama azafata dutela, eta bizitza osoa batetik bestera pasatu dutela. Baina gustatzen zaie, mundua ezagutu dute eta ezagutzen jarraitu nahi dute, turismotik haratago eta galderaz beteriko motxila bizkarrean hartuta, kultura ezberdinen atzean ezkutatzen den hori bilatzeko asmoz. Eta horretarako Vagabrothers proiektua abiatu dute.

Espainiako Gobernuak irakasle atzerritarrentzat ematen dituen beka banari esker, bata Pontevedrara (Galiza) eta bestea Castilla Leongo herritxo batera joan ziren ingeles eskolak ematera orain hiru urte. Hurrengo urtean Donostiara aldatzeko eskatu zuten, eta geroztik hamaika bideo egin dituzte Euskal Herriko ohiturei, bizimoduari eta kulturari buruz, ondoren Sarearen bidez zabaldu dituztenak. Ingelesez aritzen diren arren, bideoei azpitituluak jartzeko aukera edonori luzatu diote opensource baliabideari esker, eta dagoeneko, euskarazko, gaztelerazko, frantsesezko eta portugesezko azpitituluak dituzte, besteren artean. "Badakigu kalte egin diezagukeela, edonork edozer idatzi dezakeelako, baina fedea dugu jendearengan".

Bisitatzen dituzten lekuetako argazki orokorrak ateratzea gustatzen zaie, bertako kultura eta une bakoitzean gertatzen dena ulertzeko ezinbestekoa baita historia, ekonomia, politika… ezagutzea, alderdi txiki guztiak kontuan hartzea. "Baina kultura bat definitzeak arazoak dakartza, eta oreka bilatzea da garrantzitsuena". Epe laburrean, Marko Kaliforniara itzuliko da orain arteko lanak erakutsiz proiektua ekoizpen etxeei saltzera. Helburua lortutakoan, ametsa egi bihurtu eta munduan zehar bidaiatzeari ekingo liokete. Zorte on!

"Euskara oso erakargarria da"


Topikoetan oinarritutako galdeketa egin diegu Ayling anaiei, euskaldunez duten iritziaren bila.


Etorri aurretik, zer zenekiten euskaldunoi buruz?
Alex: Hotzak zinetela esan ziguten baina baita, lagun euskaldun bat eginez gero, betiko lagun bat izango duzula ere.

Eta hona etorritakoan, zerk harritu zintuzten gehien?
Alex: Euskal txapelak! Ikaragarri gustatzen zaizkit, eta gizon helduak bezalaxe, ni ere txapela janzten hasi nintzen, baina gaztea naizelako adarra jotzen zidaten lagunek… eta gorde egin behar izan dut. Bestela, egunero jantziko nuke! Eta bestetik, kalean jendeak haxixa zein era arruntean erretzen duen ikusteak ere harritu ninduen.
Marko: Nik sagardoarekin flipatu nuen. Iritsi eta berehala Zumaiara joan ginen, eta kalean kupelak ikustea, jendea edaten eta jaten… zoragarria izan zen!
Alex: Bai, geroztik sagardo botilarekin ibiltzen zen alde zaharrean, edaria nola bota praktikatzen, nahiz eta botila erdia lurrean husten zuen!

Eta horren zaila al da neska euskaldunekin ligatzea?
Biak: Ez! –erantzun borobila–.

Beharbada zuek atzerritarrak zaretelako?
Alex: Ez, horrek ez du zerikusirik. Kuadrilak dira kalte egiten dutenak.
Marko: Bai, izan ere, dinamika moduko batean sartzen zarete, beti leku berera zoazte, jende berberarekin… eta horrek ez du laguntzen. Askoz hobea da, noizbehinka, bakarrik ateratzea eta jende berria ezagutzea. Gainera, euskal neskekin ligatzea zaila dela diotenak euskal mutilak dira… beraz, beraiena da arazoa! Ez dute errua kanpoan bilatu behar.
Alex: Ispiluaren aurrean jarri eta beren buruari esan behar diote: "Gaur bai, ligatu egingo dut!". Jarrera optimista da garrantzitsuena –barre egiten dute–.

Parrandazaleak omen gara…
Marko: Denoi gustatzen zaigu parranda, baina kontua da hemen kalean egiten direla. Eta ez parrandak bakarrik, festak ere ikaragarriak dira.
Alex: Familia osoa elkartzen da kalean, haurrak, helduak, aiton-amonak… eta baita gazte kuadrilak ere! Euskal Herritik kanpo ez da hori gertatzen.
Marko: Hirien egiturak ere asko laguntzen du, atez ate tabernaz taberna joateko aukera baitago. Eta ate batetik hurrengorako bidean ere edaten jarrai dezakezu!

Eta euskara erakargarria al da?
Marko: Argi dago baietz! Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak erakargarri egiten du edonor. Historikoki ez da hala izan, eta hainbat hizkuntza debekatu zituzten, euskara kasu;  tristea da, horietako asko desagertzeko zorian baitaude.
Alex: Eta bertsolariek egiten dutena… sinestezina da, sinestezina! Mundu osoan ez dago parekorik, rap batailak dira antzekoenak agian… baina ez du zerikusirik! Beraz, zalantzarik gabe, euskarak puntu asko ematen ditu.