Mundua gera dadila

Mundua gera dadila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mundua-gera-dadila/@@download/image/ilustrazioa_Malen Amenabar.jpg
2017/04/11
kritika

Editoriala: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Ilustrazioa: Malen Amenabar

Mundua gera dadila

Hiztegiak dioenez, moda leku, denbora edo talde jakin batean harrera oso ona duen ohitura edo joera da. Baina ze helburu dute iraungitze data eta estilo aldakorra duten tendentziek?

Etengabeko aldaketaren ideia hutsak estresa eragiten dit, astea aurrera joan ahala, astebururako eguraldiari adi gauden bezala, hainbat aldagai kontuan izan behar ditugulako inguruan hedatzen ari diren joeren birusak harrapa (ez) gaitzan.

Dena den, aitortu behar dugu momentuko tendentziek taldean onartuak eta eroso sentiarazten gaituztela: telesailen spoiler trukeak, trending topic bilakatu diren GIFak, orraztuta ez zaudela dirudien orrazkeraren sekretuak, kalean mundu guztiak daraman txaketa ikusgarria erosi daitekeen dendaren izenak, Youtuben bi milioi bisita duen bideoaren trukoak edota WhatsApp talde ezberdinetatik iritsi zaizun ume pottoko horren MEME xarmangarriak. Ufa! Ez al dira kontuan izateko aldagai gehiegi gizaki hutsal batentzat?

Hala ere, ez da salbuespenik. Den-denok (izan) gara moda jakin baten jarraitzaile eta esaldi hau idatzi dudan momentuan konturatzen hasi naiz litekeena dela –maila ezberdinetan bada ere– tendentzia ez den ezer egiteko gaitasunik ez dugula. Gure  janzkera, etxeko dekorazioa, informatzeko aukeratzen ditugun hedabideak, komunikatzeko erabiltzen ditugun kanalak, atzo irakurritako osasun artikuluak gomendatzen zuenaren arabera palma oliorik gabe egingo dugun erosketa...

Bestalde, sekulako boterea dugu esku artean. Ingurua ondo aztertu eta kontuan izan beharreko parametroak lerrokatuz gero... Danba! Hedabideak eta Sarea lehertuko dituen influencer berria bilaka gaitezke eta, nork daki, tendentzia berri bat sortuko duen hurrengo gurua bihurtzeko aukerak biderkatuko zaizkigu esponentzialki.

Inguruko pertsonengan eragiteko boterea zertarako erabiliko dudan erabakitzen dudan bitartean, mundua gera dadila, hemendik irten nahi dut eta.