Munch-en artelan ospetsuenak duen mezu ezkutuak zer dioen jakin da azkenik

Munch-en artelan ospetsuenak duen mezu ezkutuak zer dioen jakin da azkenik "Garrasia"-ren mezua hasiera batean bandalismo ekintza batengatik zegoela pentsatu bazen ere, orain badakite Edvard Munch-ek berak idatzia izan zela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/munch-en-artelan-ospetsuenak-zuen-mezu-ezkutuak-zer-dioen-jakin-da-azkenik/@@download/image/skrik_edvard_munch_photo_halvor_bj_rnega_rd_rena_li_munchmuseet_2_1_08910bcb-8567-4f4d-82b9-ece3c7f67f9a.jpg
2021/03/01

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

"Garrasia"-ren mezua hasiera batean bandalismo ekintza batengatik zegoela pentsatu bazen ere, orain badakite Edvard Munch-ek berak idatzia izan zela.
Munch-en artelan ospetsuenak duen mezu ezkutuak zer dioen jakin da azkenik

Edvard Munch berak kontatu zuen Garrasia, bere margolanik famatuena, bi lagunekin paseoan ibili ondoren margotu zuela. Ilunsentian, eguzkia sartzear zegoela, zerua odol bilakatu zen eta naturaren garrasi infinitua sentitu zuen. Egun badakigu tonalitate horiek Islandiako Krakatoa sumendiarengatik izan zirela. Margolaria Norvegian bizi zen, baina 2004an fisiko talde batek frogatu zuen garai haietan erupzioan zegoela eta honek sortutako zaborrek ilunsenti gorrixkak sortu zituztela Europatik ikusi zitezkeenak 1883ko azarotik 1884ko otsaila bitarte.

Azalpen bat baldin bazuen ere, Munch-en osasun mentala ez zegoen bere momenturik onenean, horregatik interpretatu zuen ikusitako hori modu horren ezberdinean. Baina oso kontziente zen horretaz. Hain da horrela, bere koadrorik famatuenean mezu bat utzi zuela: Hau ero batek margotua izan zitekeen bakarrik. Urte askotan pentsatu izan da bandalismo ekintza bat izan zitekeela. Alabaina, azken azterketa batek argitu du margolariak bere idatzia izan zela.

Garrasia Mai Britt Guleng arte adituak aztertua izan da Norvegiako Museo Nazionalean izpi infragorrien bitartez. Honela, letren irudi argiagoa lortu ahal izan da eta Munch-en idatziekin alderatu. Guleng-ek azaldu duenez ez dago dudarik, letra berdina da. Hala ere, uste du ez dela koadroa margotu zen urte berekoa. 

Bere iritziz, 1895ean, Oslo hirian izandako erakusketa batean gertatutako afera baten harira idatzia izan zen. Momentu hartan, erakusketa ikusi zuten zenbaitek ezbaian jarri zuten artistaren osasun mentala. Horien artean zegoen Johan Scharffenberg mediku gaztea, zeinak ziurtatu zuen Munch-en pinturak ikusi besterik ez zegoela bere onenean ez zegoela jabetzeko. 

Beharbada eztabaida horren ostean bere publikoari arrazoia eman nahi izan zion koadroan idatzi zuen mezu horrekin. Ordurako, Garrasiak bi urte zeramatzan bukatuta. Baina benetan pairatzen al zuen Munch-ek gaixotasun mentalen bat? 

Historian zehar igaro diren artista askori egin zitzaion bezala, Munch-en osasun mentala ezbaian jarri izan da askotan, ez soilik Garrasiaren aurkezpenean. Alta, ez zuen inoiz diagnostiko argi bat jaso gertatzen zitzaionari buruz.

Denboraren joana beharrezkoa izan da zenbait zientzialarik bere obratik eta idatzietatik abiatuta gertatzen zitzaiona ebaluatzeko. Horretaz gain, izan zuen bizitza zailaren errepaso bat ere egiten da diagnostikoa eman aurretik. Bost anai-arrebetatik bigarrena izan zen eta bere arreba zaharragoa, Sophie, miresten zuen.

Familia guztiak atsegin zuen euren aita entzutea. Edvard-en hitzetan euren aita neurotikoa eta oso elizkoia zen eta Edgar Allan Poe-ren ipuinak irakurtzen zizkien. Bizitza nahiko lasaia izan zuten ama tuberkulosiarekin hil zitzaien arte 30 urte besterik ez zituela. Momentu horretan euren aita aldatu egin zen, obsesiboagoa bilakatu zen eta literatura alboratu zuen euren seme-alabei Biblia soilik irakurtzeko. 

Ez zen ordea familiako heriotza tragiko bakarra izan. Urte batzuk beranduago Sophie, bere arreba zaharrena hil zen 16 urte besterik ez zituela. Munch-entzat kolpe gogorra izan zen eta bere aitari bota zion errua, medikua izanik, arreba salbatzeko ahal zuen guztia ez egiteagatik. 

Laura Catherina, bere arrebetako beste batek, eskizofrenia pairatzen zuen eta psikiatrikoan sartu behar izan zuten askotan. Bere anaia bakarrari dagokionez 30 urterekin hil zen pneumoniaz. Arraba txikiak bakarrik biziraun zuen.

Munch-en bizitzako lehen etapako gertaera hauek bere osasun mentala pixkanaka narriatu zuten. Alta, leherketa 26 urterekin gertatu zen. Parisen zegoela bere aitaren heriotzaren berri izan zuen, bihotzekoak jota. 

Norvegiara itzuli zen hiletarako, baina ez zen garaiz iritsi. Hori dela eta, bizitza guztian bere burua torturatu zuen eta depresio bat bestearen atzetik kateatzen joan zen. Alkohola kontrolik gabe edaten ere hasi zen eta askotan onartu zuen haluzinazioak izaten zituela. Honi guztiari gogo-aldartearen aldaketak gehituta 2019ko ikerketa batek ondorioztatu zuen alkoholismoak larritutako eskizofrenia pairatzen zuela.

Dena dela, argi dago bere osasun mentalaren narriadura hau artista bezala zuen jeinutasunarekin lotuta zegoela. Garrasia ikusi besterik ez dago. Alde artistikoari begira, zorioneko erotasuna! Baina, zoritxarrez, asko sufritu zuen. Egun zorionez, psikiatria eta psikologia aurreratuagoa daude eta jada gaixotasun hauen estigma, apurka apurka gainetik kentzen ari gara. Izan ere, badaude jeinutasunera iristeko beste modu atseginago eta osasuntsuagoak.