Multinazionalen alternatiba

Multinazionalen alternatiba https://www.gaztezulo.eus/albisteak/multinazionalen-alternatiba/@@download/image/43p27-1_1368041842.jpg
2004/07/02
erreportajea
Teresa Sala
EHKA Euskal Herriko Kola Alternatiboa duela urtebetetik dago gure artean. Kanboko Alternatiba elkarteak merkaturatu zuen iazko ekainean, eta edariak harrera ona izan du.

Ez duzu EHKA dastatu? Duela urtebete pasatxo merkaturatu zuen Kanboko Alternatiba elkarteak, eta dagoeneko Euskal Herri osoko 120 ostatutan har daiteke: Baionan, Iruñean, Bilbon, Donostian, Beasainen… Horrez gain, 50 bat elkartek edari berria saltzeko konpromisoa hartu dute: Piztu (Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzailea), Herri Urratseko antolatzaileak, Euskal Herriko zenbait jai batzorde, hainbat gaztetxe…...

Ekimenak Coca-Cola eta Pepsi Cola multinazionalen kola edariak ordezkatzea du helburu. "Euskal Herriko gazte askok hartzen dute Coca-Cola eta Pepsi Cola. Guk multinazionalen aurka egin eta bidezko merkataritza bultzatu nahi dugu", adierazi digu Floren Lapegue Alternatiba elkarteko kideak.

Etorkizunean limonada

Kola alternatiboa gozatzeko erabilitako azukrea Costa Ricakoa da, eta gainontzeko osagarri guztiak naturalak dira.

Oraingoz, Bretainian ekoizten dute, Kanarbed kooperatiban, eta handik Euskal Herrira ekartzen dute banatzeko. Hala ere, epe motzean, kola Euskal Herrian bertan ekoitzi nahi dute. "Behin bezeroak lortuta, kola egiteari ekingo diogu. Lehen urratsa kooperatiba sortzea izango da. Urtarrilean abiatu nahi dugu kooperatiba", azaldu du Florenek.

Edariak harrera on samarra izan du gure artean. Izan ere, urtebetean, 13.000 litro saldu dituzte. "Gozoa da eta, bezeroen ustez, zaporea, besteen antzekoa", dio Florenek.

Litro eta erdiko botilak 1,28 eurotan saltzen dituzte, eta 33 zm kubikokoak, 0,5 euroren truke.

Gaur egun, guztira, bost lagun ari dira lanean ekimen hau aurrera ateratzeko, eta etorkizunari begira, kola ez ezik, multinazionalek merkaturatutako beste edari batzuk ere ekoitzi nahi lituzkete; limoi-edaria, esaterako. Ziur uda honetan kola hau dastatzeko aukera izango duzula.