Mozorro festa

Mozorro festa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2004/02/06
erreportajea
Asier Coloma
Nekeza da benetan urtero-urtero inauterietarako mozorro aproposa topatzea! Baina, lasai, ez hustu garuna, GAZTETXULOk ataka zail honetan lagunduko zaitu eta. Hemen doazkizu sei mozorro proposamen jaien errege edo erregina izan zaitezen.


Iturgarroa



Bizardun olagarro mozorro honek aparteko dohainak emango dizkizu. Izan ere, tentakuluen laguntzaz, zernahi egiteko gauza izango zara. Esaterako, jendeak tabernako barra gainean utzitako pote guztiak eskuratu ahal izango dituzu aitaren batean. Baina, demagun norbaitek poteak lapurtzen ari zarela antzematen duela. Kasu horretan, zer egin? Ez kezkatu; prozesuaren lehen pausoa “ez naiz ni izan” esatea da. Ondoren, “ezin dut sinetsi; nonbait, ukondoa barra gainean jarritakoan, edalontzia jo dut ustekabean”. Azkenik, “hau nire aurkako azpijoko judeo-masoniko zikina baino ez da”. Egia esan, inork ez dizu aitzakia sinetsiko, baina tabernako bezeroak barrez lehertuko dira halako ateraldi inozoa entzunda, eta zuk lasai-lasai hanka egin ahal izango duzu. Mozorro honen osagarrietako bat akordeoia izan daiteke.

S.W.A.T. Harrelsonen gizontxoak



Izan zaitez legearen beso ahalguztiduna, eta akziozko istoriorik zirraragarrienen protagonista! Jar ezazu soinean oliba berde koloreko jantzia, sartu burua kaskoan, lokarriak ongi lotu… eta ez ahaztu, noski, porra eta pilota jaurtigailua. Bat-batean, eliteko polizia bilakatuko zara. Orain zure ardura da gertakari korapilatsuenak askatzea; zure eginbeharra, kaleetako legea eta ordena babestea: itxi ezazu egunkari bat edo beste, sakabanatu ahal dituzun elkarretaratze guztiak… Dena, beti ere, denon hobebeharrez. Baina, adi, mozorroak baditu-eta kontraindikazioak: jantzi orduko, edonori muturra hausteko premia jasanezina nabarituko duzu.


Juan Jose Gollumetxe



Proposatutako mozorroetatik, errazena da honakoa. Inauteri aurreko astea soto ilun, bakarti eta heze batean egon besterik ez duzu eta. Ondoren, berehala lortuko duzu beharrezko itxura. Honakoan, ordea, performance-a da zailena eta, era berean, garrantzitsuena; "Nireeea… nire plana, nire altxorra…" errepikatu beharra dago behin eta berriro. Argi ibili beharko duzu, hala ere, denak zelatan baitaude zure plana ostu nahian. Ez utzi Iturgarrori eta enparauei zure altxorra lapurtzen!


Jata-mozorroa



Garaile batek zer sentitzen duen jakin nahi al duzu? Jar ezazu soinean Jata-mozorroa eta Basetxea telesaioko irabazleek  zer pentsatzen duten jakingo duzu. Belarritako zabalak, kokospekoa eta eguzkitako krema, behar-beharrezkoak. Bizitzako urterik onenak gimnasioan pasatu eta gero, hemen duzu zure gihar sendoak erakusteko aukera. Eragozpenik badu, dena den: ezin izango duzu ezer askorik jan edo edan, muturreko egoeretan bizirautea baita zure eginbeharra. Eta oraingoan, basamortuko tenperatura kiskalgarrien ordez, otsaileko tenperatura hotz-hotzei aurre egin beharko diezu.


Obux



Jar itzazu cowboy kapela buruan, zapia lepoan, sheriffaren izar dizdiratsua paparrean, eta egin ezazu sudur-puntan jartzen zaizuna. Mozorro honekin, zu izango zara amesgaizto- wenster honetako sheriffa. Hala ere, kontuan izan botoi gorria sakatuz gero, hankatarteko misilak eztanda egingo dizula. Bide batez, koadrilako gainontzeko lagunek “aliatuena” egin dezakete: Ansar biboteduna, Tony belarriluzea… Mundu osoko inatuerietan ibiltzeko ezin hobea; Iraken, Afganistanen, Palestinan, Kuban eta beste hainbat tokitan harrera bero-beroa egingo dizute.


Be-kamuflajea



Ileordea —horia, jakina— ezinbestekoa. Horrez gain, praka motzak, elastikoa eta futbol botak baino ez dituzu beharko. Neska edo mutil lagunarekin ateratzeko, primerakoa. Izan ere, lagunak Beckhamen emazte Victoria-spice aberaskume pinpirin txoriburuarena egin dezake. Bikotekiderik ez baduzu, ez zaitez larritu, jantzi hau txortan egiteko aproposa baino aproposagoa omen da eta! Mozorro honek ere badu alde txarra: garunik gabeko mozolo bihur ditzake inguruko guztiak.