Motxila 21: 1, 2, 3... Rock!

Motxila 21: 1, 2, 3... Rock! Gaur 12:00etan txupinazoa bota dute Motxila 21 elkarteko kideek, Iruñeko San Fermin festei hasiera emanez. Elkarte honetako kideen lana ezagutu nahi duzu? Ez galdu 2012. urtean Igone Mariezkurrena kazetariak eta Galder Izagirre argazkilariak egindako erreportaje bikaina! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/motxila-21-1-2-3-rock-1/@@download/image/c3cdc5b5-45fb-40b0-a5aa-bdf25177dc38.jpeg
2018/07/06
erreportajea

Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena

Argazkiak: Galder Izagirre

Gaur 12:00etan txupinazoa bota dute Motxila 21 elkarteko kideek, Iruñeko San Fermin festei hasiera emanez. Elkarte honetako kideen lana ezagutu nahi duzu? Ez galdu 2012. urtean Igone Mariezkurrena kazetariak eta Galder Izagirre argazkilariak egindako erreportaje bikaina!
Motxila 21: 1, 2, 3... Rock!

21. kromosomaren kopia estra bat daramate motxilan sartuta; bizitzeko, ondo pasatzeko eta musika egiteko irrikarekin batera. 


Iruñeko Txantrea auzoko Haizeen Plazan, garai batean Papis taberna zen horretan, dezibelioek gora egiten dute asteartero, arratsaldeko zazpietatik bederatzietara bitarte. Dezibelioak, tenperatura... dena gora; ikaragarria baita rock kuadrilla honek entsegu bakoitzean jariatzen duen energia pila.

Down sindromea duten hamabi gaztek osatzen dute Motxila 21 musika taldea, eta irakasle edo laguntzaile gisa dabiltzan beste zazpi boluntariok ere bai; tartean El Drogasek (Barricadako taldekide ohia), eta Mareako Kutxik eta Piñasek.



 

Proiektu honen haziaren bila sei urte atzera egin behar dugu, Nafarroako Down Sindromearen Elkartera. Taldearen sorreran parte hartu zuen Ainhoa Lizarragak azaldu digunez, orduan, elkarteak solfeo edo flauta eskolak eskaintzen zizkien gazte hauei, baina beti bakarka. "Era kolektiboan aritzea falta zitzaien. Nire ahizparekin batera –Aintzane Lizarraga– beste mutil bat ere –Borja Ortiz– bazebilen eskola haietan, eta haren amak –Marijose Leoz– eta biok hitz egin genuen lehenengo aldiz honetaz".  Berehala batu zitzaizkien Ainhoa Irusta –baxua– eta Maribi Arbe lagunak, eta dyembe batzuk eta teklatu bat baliatuta hasi ziren lehenengo taldetxoa antolatzen eta osatzen. "Baina ez genuen asmatu buruan genuena gauzatzen; Mikelen etorrera aurrerapauso handia izan zen". Mikel Barrenetxeak ere baditu down sindromedun bi seme-alaba eta, gainera, badu eskarmentua psikoballetean; horregatik izan zen lagungarria bere ekarpena. Motxila 21eko partaide bakoitzari instrumentu bat egokitu zioten, saxofoia (flauta ikasitakoei) edo perkusioa, eta boluntarioak arduratuko ziren gitarren, plateren eta eskusoinuen bidez oinarrizko erritmo haiei melodia gehitzeaz. Kanta bakar bateko errezitaldiarekin hasi ziren 2005ean, baina gaur egun hamaikatik gora jotzen dituzte. Kide kopurua ere handitu da: "Jabi, Fermin... gehitu zaizkigu laguntzaile; eta gazteen artean batzuek utzi eta berriak sartu dira".

Larruzko txupak eta betaurreko ilunak

21. kromosomaren motxila bizkar gainean daramaten arren, erabat autonomoak dira eta entseguetara beren kabuz hurbiltzeko gai dira. "16 eta 33 urte bitartean dabiltza, eta Villabesa hartuta etortzen dira", azaldu digu Lizarragak. Batzuk "nerbio hutsa" dira, beste batzuek izaera lasaiagoa dute; batzuek besteek baino zailtasun handiagoak dituzte hitzez komunikatzeko eta ulermenerako ere bai, baina musika ihesbide paregabea dute den-denek. Bestela transmititu ez dezaketen hori helarazten dute Txantrea auzoko Haizeen Plazan astearte arratsaldero entzun daitezkeen doinu hauekin. Indarra eta bizipoza. Queen, Barricada, Marea, Emir Kusturica, Herbie Hancock... Motxila 21ekoek larruzko txupa beltzak eta betaurreko ilunak dituzte maite. Entseatzeko ere janzten dituzte, ez pentsa!



 

Izan ere, gero duin eta harro aritzeko lan handia egin behar izaten da aldez aurretik. "Saxoek koloreen bitartez ikasi dute partiturak irakurtzen, nota bakoitzari kolore bat dagokio. Perkusiokoei, aldiz, jo behar dituzten erritmoak abesten irakasten diegu lehenik: 'pun-pa! pun-pa!'. Horrela esanda erraza dirudi, baina 'pun-pa!' hori lortzea mundu bat izan zen, eta zer esanik ez sinkronizatzea...". Zuzeneko emanaldietan ere alboan izaten dituzte laguntzaileak, "partiturak ikasi ikasten dituzte, eta 'pun-pa!' kantatu ere bai, baina erritmoaz ahaztu egiten dira eta guk markatzea behar izaten dute atzean ez geratzeko".

 


Topikoetara jotzea dirudien arren, esan gabe doa musika hutsetik haratago, adiskidetasunaz, errespetuaz, talde lanaz eta auto-gaindipenaz ere asko ikasi dutela eta ikasten ari direla; 21. kromosomaren kopia estra hori dutenek bezainbeste ez dutenek ere. "Gainera, gure artean El Drogas, Kutxi eta Piñas edukitzea zoragarria da. Ni neu oso Barricada zalea izan naiz beti eta Drogas idolo modukoa zen". Mareakoek ere are energia gehiago injektatu diete: "Daukatena eman digute, oso rollo onean gainera". Kontatu digunez, musikari hauek alboan edukitzeak "benetako talde garrantzitsu baten gisara" sentiarazten ditu Iruñerriako hamabi gazteak.

Zuzenean aitzina

Zuzenekoak eromena izaten omen dira. "Hainbeste gara... hainbeste musika tresna prestatu behar... kontzertua hasi baino lehen dena bere lekuan jarri arte, urduritasuna erabatekoa izaten da. Baina dena prest dugunean eta kanta bat entseatzen dugunean gozatzeko unea heltzen da". Gurasoak dira kritikari zorrotzenak eta, hauek diotenaren arabera, eboluzioa nabaria izan da urte hauetan. "Konfiantza irabazi dute eta urduritasuna kudeatzen ikasi dute". Oroitzapen berezia gordetzen dute jendaurrean egin zuten lehenengo emanaldi garrantzitsuarentzat; 2010ean izan zen, Iruñeko Gaiarre Aretoan! "Benetako luxua! Asko gozatu genuen eta, gainera, gero pote bat hartzera joan ginen eta tabernatik atera ginenean elurra hasi zuen... film batetik ateratako eszena zirudien!"

 



Iragan abenduan Gizarte Parte Hartzearen Saria jaso zuten Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eskutik; "900 euro 'en especias' esan ziguten –Ainhoak algara artean–, baina oraindik ez zaigu ezer iritsi!". Edozein kasutan, kontziente dira tankera honetako sari instituzionalek duten izaera auto-propagandistikoaz eta jasotzen duten laguntza eskasaz kexu dira. Hain justu, egiten duten lanaren erakusle izango den bideoklip bat grabatzeko asmoz dabiltza, "irailerako-edo atera nahiko genuke", antzeko zerbait egiten ari diren taldeentzat ere lagungarri izan daitekeena. Suediara bidaiatzea ere badute buruan, hango zentro berezi batekoekin elkartrukean; abesti berriak ikasi nahi dituzte "euskaraz!"... lanik ez dute falta aurrerantzean ere astearte arratsaldeak betetzeko.