Motordun anaia

Motordun anaia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/motordun-anaia/@@download/image/59p55-2.jpg
2006/01/06
erreportajea
Gontzal Agote
Jatorrizko izenburua: "Rumble fish" (AEB, 1983)
Zuzendaria: Francis Ford Coppola
Aktoreak: Mickey Rourke, Matt Dillon, Dennis Hopper.

Francis Ford Coppola zuzendari iparamerikarrak, zinemagintzaren Napoleon berria zela uste zuen 80ko hamarkada hasieran. Oso bere gustukoak ez izan arren, "The godfather"-en lehen bi filmek izugarrizko arrakasta izan zuten, eta halaber, estreinatu berria zuen Vietnamgo gerrari buruzko pelikularik handiena, "Apocalypse Now".

Orduan bere betiko ametsari ekin zion Coppolak: Hollywoodetik ihes egin, eta zinemaren garai klasikoaren moduko ekoiztetxe erraldoia sortu zuen, Zoetrope. Baina gutxi iraun zuen ametsak, bertan egin zuten lehen filmarekin etorri baitzen hondamendia: "One from the heart" (1982) musikalan, izugarrizko dirutza xahutu zuen, eta porrot komertzial handia izan zen. Filmak behin-betirako zorpetu zuen Coppola; oraindik ez da errekuperatu.

Egoera larriari aurre egiteko, enkarguzko pelikulak filmatzeari ekin zion zuzendari estatubatuarrak. 1983. urtean bi pelikula etorriko ziren, biak S.H. Hinton idazlearen liburu ezagunetan oinarrituta, "The outsiders" eta "Rumble Fish". Aldirietako gazteriaren gainekoak dira bi eleberriak, eta elkarrekin antza duten arren, Coppolak oso trataera diferentea eman zien.

Bi anaia

"The outsiders" gazte bihurrien inguruko kontakizun arrunt samarra da, eta bere ekarpenik handiena, aktore belaunaldi berria deskubritzea izan zen: Tom Cruise, Matt Dillon, Emilio Stevez eta Patrick Swayze, besteak beste. "Rumble Fish"-en, berriz, Coppolak lan biribilagoa egin nahi izan zuen, eta horri esker. emaitza bikaina lortu zuen, baita Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratu ere.

"Rumble Fish" filman, bi anaien arteko harremana da ardatza. Rusty James (Matt Dillon) koadrilen arteko borrokekin tematuta bizi da; gaztea da oso, baina sinetsita dago garai bateko borrokaldi "loriatsuak" berpiztu behar dituztela, horixe baita bizitzak balio duen gauza bakarra.

Rustyren idoloa bere anaia nagusia da (Mickey Rourke), motorrarekin batetik bestera dabilen gazte misteriotsu, isil eta daltonikoa. Garai batean borroka guztietan ibiltzen zen, eta inguruko guztiek beldurra zioten; baina aspaldian, bizimodua aldatu nahian dabil, eta horrexegatik, anaiaren jokaera arduragabetsuarekin kezkatuta dago oso. Berak ez du Rustyk bide horretatik segitzea nahi, uste baitu alkoholak hondoratutako aitaren moduan (Dennis Hopper, Dennis Hopperena egiten) bukatuko duela.

Zuri-beltz ederrean filmatua, "Rumble fish"-ek ez du gazte koadrilen borrokaldien inguruko pelikulekin zerikusrik, hori baino askoz gehiago da: batere moralismoririk gabe, familiako kideen arteko harremanen, eta gazteen amets hautsien inguruko begirada ezin poetikoagoa da.