Moriartikoen filma, Oscarretara begira

Moriarti Films-eko zuzendari hirukotearen ibilbidea geldiezina dirudi, eta Zinemaldian EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen VI. saria jaso ondoren, orain Oscar Sarietara begira jarri dira La trinchera infinita filmari esker. Ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko hiru hautagaien artean dago Aitor Arregi, Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagaren azken filma; haiekin batera, Oliver Laxeren O que arde galizieraz egindako filma eta El Hoyo Galder Gaztelu-Urrutiaren lehen film luzea ere hautagai dira.
Moriartikoen filmakk bi Goya sari eskuratu zituen, soinu onenarena eta emakumezko aktore onenarena. Gaztelu-Urrutiaren filmak aldiz, efektu berezirik onenen Goya saria lortu zuen, eta Sitgeseko Zinemaldian filmik onenaren saria eskuratu zuen; horrekin batera, Torontoko Zinemaldiko Midnight Madness sailean publikoaren saria eman zioten.
Ez da lehen aldia Moriarti Films-en ekoizpen bat Oscarretara begira jarri dela: hain zuzen, 2015ean Loreak filma hautagai izatekotan egon zen, eta 2018an Espainia ordezkatzeko hiru hautagaien artean izan zen Handia filma.
Azaroaren 3an jakinaraziko dute zer lanek ordezkatuko duen Espainia. Dena den, aurtengo Oscar sariak ez dira otsailean banatuko; pandemiaren eraginez, apirilaren 25era atzeratu dute.