Montoia eta Lisabören itzulerak

Montoia eta Lisabören itzulerak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/montoia-eta-lisaboren-itzulerak/@@download/image/20119139449xabier_montoia.jpg
2012/12/13
berria
Talde berri bat aurkezten du Bideuhuts diskoetxeak udazkenerako nobedadeen artean, eta poza ematen du. Talde garrantzitsuaren lan berria ere bai, eta hau ere primeran. Baina aspaldian isilik zeudenak itzultzeak ilusio berezia egiten du. 

Datozen udazkenerako nobedadeak aurkeztu ditu Bidehuts diskoetxeak. Lehenengoak, Inoren Ero Ni taldearen lan berriak, urrian ikusiko du argia. Fregoli izeneko hau Andoaindarren laugarrena izango da, Bidehutsekoen arabera askotarikoa, aberatsa, ausarta… Andoaingo Garate estudioetan grabatu dute Martxel Arkarazorekin eta GAZTEZULOren datorren zenbakian elkarrizketa eskainiko digute.

Azaroan Jupiter Jonen Pleistozenoko Astelehenak emango da ezagutzera. Aurretik Internet bidez egin ziren ezagun Caligula izenarekin, baina orain izena aldatuta estraineko lan luzea eskainiko dute. Bere hastapenetatik soinu propioa duela erakusten du taldeak, eta hori ez dute denek lortzen. Azaroan baita Montoiaren Mundu Miresgarria aurkeztuko du Xabier Montoiak. 2012an hamar urte beteko dira Montoia handiak (Hertzainak eta M-ak taldeetan eta bakarlari gisa egin du bere ibilbidea) azkenekoz disko bat kaleratu zuenetik. Tartean izan zen grabatu baina argitaratu ez zuen disko bat. Disko horretan ez zela Xabier Montoia esaten omen zuen, baina oraingoan bere mundu miragarrietara garamatza Ibon Rodriguezekin (Eten, Le Noise) eta Maite Arroitajauregirekin (Mursego) batera.

Lisabören itzulera da azken nobedadea. 2008an Ezlekuak diskoari zegokion bira bukatu zutenetik ez genuen euren berri. Bi bateriarekin batera joaz eta gitarra eta ahotsekin ere dentsitatea bilatuaz oso soinu berezia eta dezenteko arrakasta lortu zuen Irungo taldea Garate estudioetan ari da lanean oraindik ere izenik ez duen lan baten grabaketan.

Iritsiko dira bada, baina… iritsi daitezela lehenbailehen!