Miren Gaztañaga: “250 urte bizitzea gustatuko litzaidake”

Miren Gaztañaga: “250 urte bizitzea gustatuko litzaidake” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miren-gaztanaga-250-urte-bizitzea-gustatuko-litzaidake/@@download/image/94p22miren1_1362750553.jpg
2009/03/06
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Lander Garro
Miren Gaztañaga: “250 urte bizitzea gustatuko litzaidake”
Hendaiako Maitena tabernan lotu gara Miren Gaztañagarekin (Irun, 1979). Azken boladan Martina bilakatuta dabil, Ander Lipusekin batera, ETB3ko astelehenen gauetan. Aurretik, urteak eman zituen Antzerkiola Imaginarioarekin euskal antzerki abangoardistaren ametsa gauzatu nahian. Ospea lortu zuten, baina nekea pilatu zitzaien. Orain itsasoa bare dator, telebistak eskaintzen duen soldata eta patxadaren laguntzaz. Elkarrizketa hasi orduko, trumoiak entzun dira Maitenaren aldean: "negua!".

Zer moduz zaude?
Ongi, eraikuntza fasean!

Zure zoriona eraikitzeko porlanaren bila?

Bai, zein porlan eta zein adreilu hautatzen.

Eguraldiak aldartea aldatzen dienetakoa al zara?

Egia esan, bai. Eguzkiak asko alaitzen nau.

Tira, irribarretsu zatoz eta sekulako ekaitza dago…

Gogoz etorri naiz!

Elkarrizketak egitea gustuko duzu?

Bai, bai… apurtxo bat urduri jartzen naiz, ordea.

Egingo dizkizugun galderengatik, edo emango dituzun erantzunengatik?

Erantzunengatik! [kar, kar]

Gero eta izarragoa al zara?

Ez naiz hala sentitzen, baina bat batean han eta hemen elkarrizketak egiten hasi zaizkit. Martina saioan hasi izanak gauzak dezente aldatu ditu. Nirekiko atentzioa asko handitu da; ez da kalean geratzen nautela, baina antzerkiarekin askozaz urriagoa zen.

Izar izateko gogorik baduzu?

Ez, baina bai lasai bizitzeko eta erronka berriei aurre egiteko. Zinema, adibidez, ez da izar izateko, edo ez osoki. Asko zintzotuta, esango nizuke aktoreoi askotan pasatzen zaizkigula burutik halakoak. Adibidez, txorakeria da, baina uler dezazun: Goya sarien banaketa jaia ikusi  eta, nahi gabe, imajinatzen duzu: "Sari hau nire amari eskaini nahi nioke…" [kar, kar]. Ez dakit, geure mundutik gertutxo dauden gauzak dira eta, nahitaez, tokia hartzen dute. Baina, zinez, gauzak egiteko gogoz nabil.

Bitxia da, zeren, zuek, nolabait, antzerki abangoardia bat egon zitekeela ideia gorpuztu zenuten. Eta telebista, akaso, tabua zen…

Urteekin, ikuspuntua asko aldatzen da. Antzerkiolarekin hasi ginenean, hura piraten ontzi handia zen, oso idealistak ginen. Telebistara iritsi naizenerako, gogoz iritsi naiz. Garai batean utopia guztien aurkako medioa zen, etsaiaren lubakia, baina ikuspuntu hori denborarekin aldatu da.

Antzerkiolak ibilbide oparoa izan zuela ahaztu gabe, akaso egia da antzerki abangoardistaren bidea zapuztua izan dela…

Alde batetik, badut hori egiteko benetako espaziorik ez zegoenaren sentsazioa. Anbizio handiko proiektua zen, ahalegin handia eskatzen ziguna. Zazpi kide baginen, guztiok buru-belarri sartuta geunden, oso tematuta. Antzerkiarekiko grina genuen, baina denek norabide berean arraun egitea zaila da. Horregatik, amaitu zenean, alde batetik beldurra sentitu nuen, baina beste aldetik, halako arintasuna ere bai. Bestetik, eboluzionatzeko beharrezkoa da aldatzea, eta, zentzu horretan, bukatu izana ona da. Mira ez dudanik ez dut esango, jakina.

Tabernetan, kalean, antzoki handietan, txikietan… Antzerkiolak denetarik egiteko aukera eman zizuen.

Ikaragarria izan da, bai. Nire eskola izan da! Baina amaitzea gurasoen etxea uztea bezala izan da, zu zeu nor zaren aurkitzeko.

Atzera begiratuta, bide bat egin duzula sentitzen duzu? Esan nahi dut, arrakasta beterako bide bat…

Aintzat hartzen hasia naiz, egia esan. Orain arte dena oso ezustekoa izan da. Udako ikastaro batean Ander Lipus topatu nuen, duela urte dezente, eta halako konexioa sortu zen: "non zabiltza?, "Bilbon", "ni ere", "tira, has gaitezen!". Konturatzerako Olivetti-ak [8 Olivetti poetiko obraz ari da] entseatzen ari ginen. Handik gutxira emanaldia izan genuen, pentsa! 19 urte nituen… Amak, adibidez, beti babestu nau, baina ez du horretan sekula sinetsi, ez dit inoiz halakorik esan: "Miren, zein ederki antzerkia egitea!". Atzerrira joan behar genuenetan ere, halako zerbait esaten zidan: "Hara joan behar al duzue? Zertara?"… Berak bazuen barne gatazka bat eta neuk ere bai, lanbide ezegonkorra delako. Norbait erdi aurka izatea ona da, lur hartzen laguntzen dizulako, errealista izaten. Eta hara non, halako une batez, ikusten duzun soldata bat irabazi dezakezula eta, gainera, denbora libre pixka bat aurki dezakezula 'zure gauzak' egiteko. Telebistak hori eman dit, eta aldea benetan handia da. Askatasun ekonomikoa izatea oso-oso garrantzitsua da, batik bat, adin batetik aurrera.

Esan daiteke Euskal Herrian antzerkia iruzur bat dela, ezta? Antzerki abangoardia denok txalotzen genuen, denok ematen genizkizuen bizkarrekoak, edo sariak, baina zinez, ez genekien zein egoeratan bizi zineten eta ez zitzaigun axola.

Oso zaila da, ia ezinezkoa, antzerkiaz bizi ahal izatea. Hori da errealitatea.

Telebistan erraz moldatu zarela ematen du.

Eroso sentitzen naiz. Taldean oso gustura gaude, eta horrek asko laguntzen du. Bestetik, ez da ohiko telebista formatua. Bilatzeko eta ikertzeko aukera asko ematen dizkigu, eta horrek badu egiten genuenarekin nolabaiteko antza. Gaiekin asko enpatizatzen dut, eta horrek arrotz ez sentitzen laguntzen nau. Esango nuke ia antzerkia dela.

Martina saioa, akaso, telebistan abangoardia dela esan daiteke?

Ez dut uste horrelako asko egin denik, beraz, badu halako zerbait.

Batzutan gertatzen da, telebistan norbait ikusi eta larri sumatzea, gaindituta bezala, lekuz kanpo: ez da zure kasua, ezta?

Askotan esan izan didate oholtzan asko aldatzen naizela, bestelako energia dudala; izan daiteke.

Akaso hitzak erabiliz gauzak edo ideiak transmititzea gustatzen zaizu,  fedea daukazu… hori ez da beti horrela, ezta?

[Luze pentsatu du] Nahikoa harrigarria egiten zait pentsatzea batzuek ez dutela hitzen eraginarengan federik. Bai, egia da. Neronek ere egunak dauzkat, baina aukera dudanean hitz egitea gustatzen zait. Norekin hitz egin ere izan behar da…!

Zure pertsonaia askok badute halako sinpatia xalo eta positiboa, oholtzan oso kutsagarria egiten dena. Zu zeu ere halakoa zarela dirudi.

[Kar, kar] Txikitatik beti izan naiz taldeko "sinpatika". Nire rola izan da, nolabait, onerako nahiz txarrerako.  

Lipusek eta biok lan asko egin duzue elkarrekin; zer esango dugu berataz?
Aizu! aldizkarian galdera berdina egin zidaten, eta honakoa erantzun nuen: maisua, laguna eta lankidea. Maisua da bere ofizioa ikaragarri maite duelako. Behar nuen unean, hortxe aurkitu nuen. Baina horrek badu beste aldea ere, une batetik aurrera bereiztu beharra, zeure ahots propioa eskuratzearren, eta abar. Ongi ezagutzen dugu elkar eta harreman naturala dugu, irakasle-ikasle harremana pixka bat gaindituta.   

[Mirenek Arte Ederrak ikasi zituen eta eskulturan espezializatu zen, baina horretan jarduteko denborarik ez du izan. Ikasketak amaitu aurretik ezagutu zuen eszenatokiaren lilura, eta hortxe gelditu zen, alde egiteko asmorik gabe. Oraingo lana ere antzerkiarekin uztartzen du. Udan Babiloniako loreak obrarekin hasiko dira, Antzerkiolako talde berarekin. Aurrekoen arrastoari jarraituz, obra Jon Gerediagaren testuetan oinarrituta egongo da, eta Mirenek, gainera, kantatu ere egingo du. Badu halako urduritasuna: "Nire ahotsa bilatu nahi dut; gogoa dut, baina errespetua ere bai"].

Urte dezente daramazu Irundik kanpo. Nola bizi duzu deserria?

Irunera askotan joaten naiz, baina Bilbon ondo bizi naiz. Hasieran pixka bat kostatu zitzaidan, kanpokoa 'hartzen' ez duen hiria dela sentitu bainuen. Aurkakoa esango dute, baina gipuzkoarrak ezberdinak gara, eta aldea nabari da. Bestelako izaera daukagu. Orain hangoa sentitzen naiz, eta ez dut nire burua Bilbotik kanpo ikusten.

Bilbo ez al da nahiko herria? Alde zaharra, eta abar…

Badu pixka bat, baino baita hiriaren zera hori ere, handitasuna. Gran Vian barrena gal zaitezke jendetzaren erdian… Lehengo Bilbo eta oraingoaren arteko eztabaida hori badago, ezta? Betiko Bilbo hura, industriala, eta gaurkoa, erakusleiho moduko hori. Ez dakit, niretzako garrantzitsua da zerua ikustea. Garai batean Bilbo Botxoa zen, zuloa, eta orain espazioak zabalagoak dira. Ni Donostia aldetik nator, itsasotik, eta, noski, beharra hortik datorkit.

Kafe Antzokia hilabetez itxita egon zen; zein iritzi duzu?

Erabaki martzianoa izan zen, dudarik gabe. Neuk, hala ere, badut akats bat eta "pilak" jarri beharko nituzke: nire munduan bizi naiz. Errealitateak askotan ihes egiten dit, asko kostatzen zait adi egotea. Gogorra egiten zait hau esatea, baina adibidez, Kafe Antzokia itxi izanari ez diot buelta handirik eman. Erraztasun handiagoa dut nire munduan galduta ibiltzeko, sormenaren kontuekin eta. Nire buruari esaten diot: "kontuz! Sormenak errealitatearekin zerikusi handia du!". Baina, hala ere, urrundik bezala bizi ditut gauza haiek. Hauxe da etorkizunari begira dudan erronketako bat, pilak jartzea.

Bart Cristina Rosenvingeren kontzertuan izan omen zara, hasieran Kafe Antzokian izan behar zuen, baina azkenean Bilborock aretoan egin zuten zuten… zer moduz?

Oso ona! Asko gustatu zitzaidan, ahots eta estilo propioa ditu. Bi lagunekin izan nintzen, eta primeran pasatu genuen.

[Kanpoan ekaitzak ez du atertzeko asmorik, eta hizketan jarraitu dugu, axolagabe. Mikrofonoa martxan dela ere ahaztu dugu. Mirenek erantzun motzak ematen ditu, baina, agian, guk ere gehiegitan mozten diogu, giroaren zurruntasun ezak bultzatuta. Saltoka hitz egiten du, grinaz. Alaitasun kutsagarria du, erraz transmititzen den horietakoa, eta ez dio beldurrik garden azaltzeari. Tabernan jendea lasai dabil, eta norbait sartzen den bakoitzean bere buruari begiratzen dio goitik behera, euriaren arrastoen bila, urak oinetakoetan egindako triskantzari erreparatuz. Elkarrizketak filma bateko eszena dirudi, atrezzoari erreparatuz gero].

Sagarroi taldearekin kantari aritzen zara, zer moduz?

Niretzat oso gauza bihurria da. Txikitatik beti aritu naiz mikrofono imaginarioa eskutan eta ispilu aurrean txorakeriak egiten. Iñigo Muguruzak taldean parte hartzeko eskaintza egin zidanean, esan nuen: "Bai, noski, saiatuko naiz!", eta halaxe hasi nintzen. Musika ez da nire esparrua, baina gustura aritzen naiz. Zuzenekoak badu halako xarma, ezta? Oholtzak asko askatzen nau, oso gauza ganberroa da. Dena den, esango nuke ez naizela abeslari ikaragarria…

30 urteren bueltan zabiltza…

[Irribarre egin du] Pixka bat kikiltzen du, ezta? Batetik, hainbat gauza iragana direla pentsatzeak eta, bestetik, beste asko etortzeke daudela jakiteak… Uste dut badela halako prozesu bat, lehenago aipatu dizudan 'eraikuntza' hori.

Heldutasunari xarmarik ikusten al diozu?

Bai. Gaztaroan batera edo bestera 'txuteen' bila jotzen dugula iruditzen zait, horrek mugiarazten gaitu. Gero, ordea, elikadura bilatzen dugu eta hor beste ezaugarri batzuk lantzen ditugu: norberaren barruko lana, pazientzia, ezagutza… Uneotan neure buruarekin negoziaketa fasean nago; 'txute' horiek faltan botatzen ditut, baina badakit ezin dudala beti horrela bizi.

Zahartzaroari beldurra diozu?

Bai, eta heriotzari ere bai. Ingurukoak zahartzen doazela ikusten duzu eta, tarteka, halako sentimendu bat datorkizu: noizbait munduak ni gabe jarraituko du! 250 urte bizitzea gustatuko litzaidake. Horretan pentsatzeak izua eragiten dit. Gure bizitzak muga dauka eta horixe ikasi behar dugu.

Miren GaztaÑagaren kuttunak:



Aktorea: Angelica Lidell. Ikaragarria da, sekulakoa. Testu bikainak dauzka, oso ilunak.
Antzezlana: Atrás los ojos, Malpelo konpainiarena. Aspaldi ikusi nuen. Antzerkia baino dantza zen, baina tira.
Diskoa: Jeff Buckleyren Grace. Ikaragarria, garai batean asko hunkitu ninduen.Abeslaria: Cristina Rosenvinge. Atzo ikusi nuen eta, tira, guztiz konbentzitu ninduen.
Filma: Down by law.