Mintzatu, euskara bistaratzen duen sare soziala

Mintzatu, euskara bistaratzen duen sare soziala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mintzatu-euskara-bistaratzen-duen-sare-soziala/@@download/image/mintzatu_1389190804.jpg
2014/01/10
erreportajea
Eraberrituta dator Mintzatu sare soziala. Diseinu berriaz haratago, sakelako telefonoetarako  aplikazioa eskuragarri dago jada.


Euskarak munduan duen lekua bistaratzen duen sare soziala da Mintzatu, erabiltzaileen parte hartzea ezinbesteko duen aplikazioa. Geokokapen teknologia erabiliz, erabiltzaileek euskaraz egiten den lekuak identifikatzea eta sare sozialean partekatzea da helburua, modu dibertigarri, didaktiko, praktiko eta sozialean.

Irontec S.L. Bilboko enpresak garatutako web plataforma 2012 amaieran aurkeztu zuen Azkue Fundazioak, eta urtebetez martxan izan ostean, euskaltzale eta euskaldunek egindako erabilera aberatsari jarraipena emateko asmoz, bertsio berritua plazaratu dute. Diseinu aldaketez haratago, berrikuntza azpimarragarri batekin dator Mintzatu: sakelako telefonoetarako aplikazioa. Android zein iOS sistema eragilea duten telefonoetan instala daiteke jada aplikazioa. Horrela, geokokapena baliatu eta telefonoaren bidez euskara erabiltzen duten tokiak momentuan identifikatu, etiketatu eta partekatu daitezke. Google Mapsen baliabideak aprobetxatu dira horretarako.

SoLoMo filosofian oinarritzen da Mintzatu: Social - Local - Mobile. Lekuko esparrutik (Local), jarduera soziala bihurtuz (Social) eta teknologia eta baliabide mugikorrak (Mobile) aprobetxatuz zabaltzen den jarduera baita. Euskarak munduan duen zabalkundea ilustratzeaz aparte, Mintzatuk baditu euskal komunitatearekin zuzenean lotutako beste helburu batzuk ere. Hala nola, munduan zehar barreiatuta dauden euskaldunak harremanetan jartzeko tresna izatea, euskara Sarean zabaltzea eta euskara ikasten ari direnei zein euskaldun zaharrei euskaraz egin dezaketen lekuak erraz identifikatzeko aukera ematea. Azken finean, euskararen presentzia soziala nabarmentzeko tresna izatea da Azkue Fundazioak Mintzatu egitasmoarekin lortu nahi duena, eta bide horretan, beharrezkoa da sozializazioa Sarean bertan ere txertatzea.

Helburu horiek lortzeko, erabilera ludiko eta dibertigarria eman diote plataformari, gamifikazio deritzon kontzeptua kontuan hartuta. Hau da, jokoetan erabiltzen diren kontzeptuak eta diseinuak txertatu dizkiote aplikazioari, erabiltzaileak lekuak etiketatzerakoan dibertitu daitezen. Adibidez, kategoria edo mota berdineko hainbat leku etiketatzeak edo leku berean askotan etiketatzeak, ezkutuan dauden garaikur birtualak lortzeko balioko du.

Norbanakoek euren ekarpenarekin leku euskaldunen sarea osatzen lagunduko dute, baina norbanakoez gain, erakunde publiko, elkarte, denda edota bestelako negozioek ere euren espazioetan euskaraz egiten dutela adierazteko erabil dezakate. Eta mundu osoko Euskal Etxeak identifikatzeko era baliagarria izan daiteke. Horrela, euskara ikasten ari diren erabiltzaileek euskara praktikatzeko lekuak aurki ditzakete. Horretaz gain, leku finkoetatik haratago, momentuan ospatzen diren euskararekin lotutako jaiak identifikatu eta bistaratzeko ere balio dezake, adibidez, ikastolen aldeko jaiak, Korrika, AEK Eguna edota Euskararen Nazioarteko Eguna.

Nola erabili


Mintzatu.com webgunean edo aplikazioan logeatu.
– Euskaraz egiten den lekuak identifikatu.
– Aplikazioan, dagokioen kategorian etiketatu.
– Jendearekin partekatu.

Lehiaketa


Plataformaren zabalkundea sustatzeko eta ezagutzera emateko, lehiaketa bat antolatu dute.

Abenduaren 3tik aurrera plataforman aritzen direnek bi sari irabazteko aukera izango dute: leku ezberdinetan etiketa gehien jartzen dituen erabiltzaileak eta ezkutatuta dauden garaikur gehien lortzen dituenak 100 euroko diru-txeke bana irabaziko dute Fnac dendetetan gastatzeko.