'Mingaina dantzan' udalekuak, euskararen erabileran eragiteko estrategien bila

'Mingaina dantzan' udalekuak, euskararen erabileran eragiteko estrategien bila Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako proiektu honetan eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteek hartuko dute parte eta euskararen erabilera sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertuko dute ikerketa baten bidez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mingaina-dantzan-hizkuntza-erabilera-aztertzeko-udalekuak/@@download/image/dobaran_mingaina_21.jpg
2017/05/09
berria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako proiektu honetan eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteek hartuko dute parte eta euskararen erabilera sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertuko dute ikerketa baten bidez
'Mingaina dantzan' udalekuak, euskararen erabileran eragiteko estrategien bila

Eusko Jaurlaritzak EUDEL eta UEMArekin lankidetzan abiatutako egitasmo pilotua da Mingaina dantzan, euskararekin harreman edo ibilbide ezberdinak dituzten gazteak bilduko dituzten udalekuak: euskarak dituen arnasguneetakoak eta gure hizkuntzak pisu gutxiago duen eremuetakoak. Testuinguru honetan, euskara sustatzeko metodologien eraginkortasuna neurtuko dute, garai berrietara egokitutako estrategien bila. Izan ere, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi duenez, "euskal hiztunen ezaugarriak zeharo aldatu dira eta erabileran eragiteko lehen balio zuenak gaur ez du balio". 

Bi txandatan antolatuko dituzte udalekuak. Bakoitzean 30 lagunek parte hartuko dute; horietako 12 gaztelania indartsuagoa den guneetatik etorritakoak izango dira, eta beste 18ak euskararen erabilera ohikoa eta nagusi den herrietatik etorritakoak. Hala, aurreneko txanda Mundakako aterpetxean izango da, uztailaren 3tik 12ra arte, eta Azpeitia, Zumaia eta Barakaldotik etorritako neska-mutilak nahastuko ditu. Bigarrena, ordea, Kortezubiko Baratze aterpetxean egingo dute, uztailaren 21etik 30era arte, eta honetan Oiartzun, Markina-Xemein eta Gasteizko ikasleak elkartuko dira. Gazteek, gainera, EiTBko Goazen! telesail arrakastatsuko protagonisten bisita jasoko dute.

Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu du azken hamarkadotan euskararen ezagutza "asko" igo dela baina erabilera ez dela "neurri berean" hazi. Hain justu, testuinguru soziolinguistikoa da, Miren Dobaranen aburuz, "erabileran eragin handiena duen faktoreetako bat". Horrexegatik, Mingainak dantzan proiektu honen bitartez, egoera soziolinguistiko oso ezberdinetan bizi diren gazteak elkarrekin biziko dira hainbat egunez, eta elkarbizitza honen barruan garatuko dute arduradunek ikerketa. Hortik ateratako  ondorioak baliogarriak izango zaizkie aurrerantzea erabilera sustatzeko estrategiak diseinatzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 60.000 euro bideratu ditu aurten ekimen honetara eta maiatzaren 15ean zabalduko dute izena emateko epea. Informazio guztia hemen.