Mingaina askatzeko

Mingaina askatzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mingaina-askatzeko/@@download/image/31p25-1_1369215368.jpg
2003/06/06
erreportajea
Mingaina askatzeko
Herriko jaiak noiz iritsiko zain zaude, ezta? Zergatik? Ligatu nahi duzulako, noski; gezurrik ez guri! Eta aurten ere, kalean, neska-mutiletan aritzeko edo sexu kontuez hitz egiterakoan, berriro gaztelaniaz edo frantsesez barra-barra egingo duzu. Bukatu da! Aski da! Ala euskaraz ligatzerik ez dagoela uste duzu?

Jakina, euskaraz neska-mutiletan egin daiteke. Eta sexuari buruz ere hitz egin daiteke. Kontua da gazte euskaldunok zailena egiten dugula: zientziaz edo historiaz euskaraz egiteko gai gara, baina ez, ordea, neska-mutil edo sexu kontuez! Horrelakorik ere! Baina, nork esaten ditu lagunartean "barrabilak", "alua" edo "hazia" bezalako hitz potolo eta nazkagarriak? Horregatik, errazena egiten dugu: frantsesera edo gaztelaniara jo. Beste hitz batzuk beharko genituzke, beste esamolde batzuk, kalean, lagunartean erabiltzeko modukoak...

Azkenaldian gazte hizkera sustatzeko ahalegina egiten ari dira batzuk. Hor ditugu "Mantxut", "Berbeta berua", "Frexkue", "Irainka"… hitz eta esamolde hiztegitxoak. "Askotan gaztelania edo frantsesa erabili ohi dugu. Hizkera informalean arras hanka-motz gabiltza, eta ez soilik sexu kontuetan. Beraz, hizkuntzarekin jolastu eta horrelako hiztegitxoak egin behar dira, gero esamoldeak liburuetatik gazteen ahoetara pasatu daitezen", dio Asisko Urmeneta marrazkilari nafar eta "Mantxut" hiztegiko egileetako batek.

Gazte hizkera honetan, hutsunerik nabarmenena sexuan dugu. Zergatik? "Urte luzez sexualitatearen arloa iluna izan da, eta horregatik sexu hizkera baztertuta egon da, eta ez da belaunaldiz belaunaldi transmititu", adierazi digu Alberto Telleria hizkuntzalari eibartarrak.

Hizkera modernizatu beharra

Agurtzane Ormaza sexologo bakiotarra bat dator Telleriak esandakoarekin. Dena dela, bere ustez, beste faktore batzuek ere eragin dute sexu arloko hitz eta esamolde eskasia: "Garai batean euskara oso lotuta zegoen nekazaritza eta arrantza giroarekin. Gizartea aldatu egin da, ordea, industriaren aroan bizi gara, eta garai bateko esamoldeak arrotz egiten zaizkigu". Ormazaren aburuz, gainera, azken 15 urteetan sexualitatea zientziarekin estu lotuta egon da, eta horrek naturaltasuna kendu dio gure hiztegi erotikoari. "Azken urteetan sortutako hiztegi erotikoa ez da bizia, ez da naturala. Beraz, hizkera modernizatzen hasi behar dugu. Izan ere, askok kontrakoa uste duten arren, plazerra euskaraz ere bizi daiteke". Badakizu, beraz, ondoko orrialdeko hiztegitxo erotikoari begirada eman eta has zaitez euskaraz ligatzen. Eta zorte on, uda honetan!

Hiztegitxo erotikoa


Plazerra euskaraz bizi dezazun, jarraian, Eibarren, bizkaieraz eta batuaz idatzitako “Berbeta berua” liburuan bildutako zenbait hitz eta esamolde. On dagizula.

Afroi. Sexualki erakargarria dena, sexy-a. “Hori don gauzian ederra! Harrapauko baneu afroi hori”.

Apotan egin. Larrutan ordainduta egin. “Apotan habillenian txapela buruan eta… baita kertenian be”.

Aurreburua. Sexu kontuetan sutsua dena. “Aurreburua da, baina ordua denean, hoztu ere segituan egiten da”.

Azak emon, kale emon.  Paso egin. “Gaur mutilak borondate handiko joanaz, azak ugari emoten jittune”.

Bandera kertena eta banderia. Ligatzeko neska-mutil errezak. Lehenengoa mutilentzat eta bigarrena neskentzat. “Nahixago neukek gaur gabian neska banderia batekin tope egingo baneu”.

Busti, txakilletan egin, zasta-zasta egin, gainkatu, txortan egin. Larrua jo. “Hanka puntetan be egingo giñuke txortan, ha zuan bero aldixa”.

Buztana, isipua, txitxarrua. Zakila. “Han jauan isipua etara eta txiza egiñan hormara”.

Enkargua egin. Neska-mutil bati berarekin ibili nahi duzula esatea. “Enkargua egin zuen azkenean, baina ez dirudi ezer lortu duenik”.

Egitorgasmoa. Inorekin oheratzeko asmoa. “Ba a daukan egitorgasmorik gaurko?”.

Gainezka egin, txorrostaldia bota. Hazia bota. “Sartziaz bat egin najuan gaiñezka”.

Hamabixak jo. Zakila gogortu. “Gaur hamabixak jota esnatu nau”.

Idiarena egin, erruberan egin, erizainarena egin. Masturbatu.  Lehen biak mutilentzat eta azkena neskentzat. “Neska-mutiletan ez du zorte handirik. Beraz, idiarena egitea beste erremediorik ez du”.Odolostia. Biguna dagoen zakila. “Hogeta hamar zerbaza edan ostian, ordua aillegau zanian, odolostia moduan najakan”.

Pikua, piku pasia, pottoliña. Alua. “Ha zuan ha pikua eta ez San Migeletakoak”.

Txapapera bota.
Txortan gabiltzanean gainezka egin baino lehen zakila atera. “Txapel barik gabizan eta, azkenian, txapapera bota behar”.

Txitxarrilo pelajikoa. Zakil txikia. “Hauek denak berdin: marrazoa delakoan harrotu eta txitxarrilo pelajikoa erakustean lotsatu”.

Zupa-zupia egin. Zurrupatu. “Felipe, egidak zupa-zupia”.

Lehendabiziko maitasunak



Schering laborategiak Europako gazteen sexu ohiturei buruzko ikerketa egin du eta besteak beste, non ligatzen duten aztertu du. Gazte europarrentzat, neska-mutiletan egiteko tokirik arruntenak lagun taldea (%68) eta diskoteka eta tabernak (%44) dira. Dena dela, internatek gero eta indar handiago du ligatze kontuetan: gazteen %17k sarearen bidez ezagutu du neska edo mutil laguna. Harreman hauek, hala ere, ez dira oso luzeak izaten, ikerketak dioenez.