Milesker Daniel Johnston!

Milesker Daniel Johnston! Daniel Johston, musikarien musikaria eta marrazkilaria 58 urterekin hil da. Artista emankorrak 17 disko argitaratu zituen 1981-2012 artean, horietako asko betirako gure garunetan iltzatuta utziz. Bere lo-fi estiloa eta kaseteetan modu xumean diskoak argitaratzeko moduak musika munduko hainbat artista maitemindu zituen, horien artean Kurt Cobain bera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/milesker-daniel-johnston/@@download/image/Daniel-Johnston.jpg
2019/09/12

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Daniel Johston, musikarien musikaria eta marrazkilaria 58 urterekin hil da. Artista emankorrak 17 disko argitaratu zituen 1981-2012 artean, horietako asko betirako gure garunetan iltzatuta utziz. Bere lo-fi estiloa eta kaseteetan modu xumean diskoak argitaratzeko moduak musika munduko hainbat artista maitemindu zituen, horien artean Kurt Cobain bera.
Milesker Daniel Johnston!

Nola diren gauzak, justu aste honetan egon naiz aspaldiko partez Daniel Johnston entzuten. Mundu honetan xalotasun eta sinpletasunaren beharra dudan guztietan itzultzen naiz bere musikara; eta mundua bukatzear dela dirudien honetan bere musikak ezinbestekoa dirudi ahaztuak ditugun sentimendu gizatiarrak gogoratzeko.

Daniel Johnston-ek batez ere maitasunaz hitz egiten baitu bere abestietan. Beno, maitasunaz eta deabruaz. Bi ideia horiekin obsesionatuta zegoen. Bere abestietan etengabe pasatzen zen maitasunetik (Cray Love, I live for love) beldurrera (Don't play cards with Satan). Guztietan ordea, samurtasuna aurki daiteke, zintzotasuna eta umorea. Umore asko behar baita nahaste bipolar latz bat eta agerraldi psikotikoak edukita ere maitasunaz abesten jarraitzeko.

Bere beste obsesioa famatua izatea zen: Kaixo, Daniel Johnston naiz eta famatua izango naiz esaten zion kaletik aurkitzen zuen edozein ezezaguni. Fama berarentzat Beatles-ak ziren, hala abesten zuen: Denek nahi dute Beatles-ak bezalakoa izan, baita nik ere.

Gaztetan hanburgesak zerbitzatzen McDonalds-en irabazten zuen diru guztia kaseteak erosten xahutzen zuen, bertan grabatzen baitzituen bere abestiak, azaleko marrazkiak eskuz koloreztatuz eta ondoren, interesatua zirudien edonori kaletik oparituz. Beharbada oparitu zituen disko horiek hautsa hartzen daude axalagabeki etxeetako apaletan, baina bazen bere musikaz interesatu zenik. Ikusi besterik ez dago 2017an egin zuen biran eduki zuen taldeari: Wilco, Built to Spill eta Fugazi-ko musikariak izan zituen lagun, izen potoloak zinez.

Haatik, beharbada bere abesti borobilengatik baino, nolabaiteko ospea Kurt Cobain-ek eman zion. Elkarrizketa askotan aipatuz zuen Johnston-en diskoak zeinen garrantzitsuak izan ziren bere bizitza eta guztiok ezinbestean irudikatzen du Cobain “Hi, how are you?” dioen eta Johnston-ek berak marraztu zuen igelaren kamiseta zuriarekin.

Hain zuzen, bere azken obsesioa marrazki eta komikiak baitziren. Komiki dendara joaten zenetan errotulagailuarekin egiten zituen marrazkiak trukatzen zituen Marvel-en zenbakiren batengatik. Bere marrazkietan Captain America, Casper mamua, garezurrak, tentakuluak, begia eta noski, deabruak agertzen ziren. Haur batek eginak ziruditen askok, baina aldi berean bazuten zerbait misteriotsutik, lehen begiratuan atzematen ez den "zera" hori, bere musikak bezalaxe.

Beharbada ez duzu inoiz musikari honetaz ezer entzun, agian gutxiri interesatuko zaizkio bere gaizki grabatutako abesti xumeak. Baina aukera bat eman nahi badiozu hasi lehendabizi The Devil and the Daniel Johnston dokumental gordin bezain samurra ikusten. Bertan bere arazo psikiatrikoak eta bere artearekiko pasioa modu zintzoan erakusten dira, pertsonaia oinazegarri eta obsesioz betetako honi besarkada bat emateko gogoa piztuz.

Ondoren, bere musika entzuteko grinak jarraitzen badu, baina hainbeste diskoren artean galtzen bazara Welcome to My World: The Music of Daniel Johnston gomendatzen dizut. Bere abesti onenen bilduma bikaina da, Johnston-en munduaren argazki zehatza. Some Things Last a Long Time bezalako abestiek bihotza samurtzea dute helburu eta ez dute huts egiten. Azkenean benetako maitasunak aurkituko zaitu zioen bere abesti entzutetsuenean, nik aspaldi topatu nuen, Johnston-en musika aurki nuenean hain justu. Egin aske hegan Daniel, oinazetzen zintuzten deabruengandik aske eta milesker emozioengatik!